Taupa euskaltzaleen mugimenduak zenbait ekintza komunikatibo egin ditu gaur goizean Gasteizen, Bilbon, Iruñean eta Miarritzen (Lapurdi). Zera izan dute xede: euskararen erabilera sozialean eragiteko beharra nabarmentzea eta herritarrei Taupan saretzeko deia egitea.
Horretarako, besteak beste, hainbat kartel eskegi dituzte «gune enblematikoetan», eta, horrela, euskararen erabilera erdigunean jarri nahi izan dute. Bilbon adierazpenak ere egin dituzte. Nabarmendu dute euskarak urteak daramatzala geldialdian, ez aurrera, ez atzera. «Hainbat eremutan galera prozesuak indarrean jarraitzen du, eta lurralde eta eremu askotan, euskaldunok ez daukagu euskaraz bizitzeko baldintza duinik bermatuta oraindik». Are: «Hizkuntza minorizatu batean bizitzea gero eta zailagoa egiten digute gaur egungo fenomeno globalek».
Alabaina, uste dute iluntasunean badela argirik: «Era berean, inoizko baldintzarik onenak ditugu, eta, aurrera egiten ez duenak atzera egiten duenez, bertan goxo gelditzerik ez daukagu». Apustu bat egin dute: komunitatea berreskuratzea, saretzea eta herri proiektu ilusionagarri batean elkarrekin aktibatzea eta eragitea. «Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak bide hau elkarrekin egitea proposatzen du; tokian tokiko eta nazio mailako egitasmoen bidez, euskaraz bizitzea errazagoa eta erosoagoa izateko baldintzak eraikitzea, guztion artean. Has gaitezen komunitatea saretzen eta ahalduntzen».