Hitanoa bultzatu asmotan, aurtengo Euskaraldian beste ekimen bat ere egongo da martxan: Euskaraldia Hika. ZirHika taldea ari da antolatzen, Tauparekin batera, eta herritarrak ekimenean parte hartzera deitu dituzte: «Euskaraldia Hika ekimenean izena eman duten herri guztietako herritarrak ariketa egitera animatu nahi ditugu, hitanoa plazaratzeko eta hizkuntza ohitura berriak sortzeko».
Hain zuzen, 83 herritan egongo da aukera parte hartzeko —herri horiek eman baitute izena—. Herri horietako herritarrek, Euskaraldian izena ematerakoan, beste galdera bati ere erantzun beharko diote: «Euskaraldia Hikan ere parte hartu nahi al duzu?». Baietz erantzuten dutenek H jartzen duen pegatina bana jasoko dute. Zera ohartarazi dute: «Ez dago hika jakin beharrik H-a ipintzeko; entzun nahi izatea nahikoa da, solaskideari hika egiteko aukera ematea. Gero, bien artean erabakiko dute hika egin ala ez».
Azaldu dutenez, herri batzuetan propio hitanoa erabiltzeko eta entzuteko ekimenak ere antolatuko dituzte. Finean, hitanoa suspertzea izango da xedea: «Izena eman duten herri guztietako egoera ez da bera. Herri batzuetan hitanoa bizirik dago eta erabiltzen da, baina bereziki toka —mutilei zuzendutakoa—; herri horietan, erronka nagusia noka bultzatzea izango da —emakumeei egiten zaien hika—, noka entzuteko eta hitz egiteko aukera ematea. Beste herrietan, berriz, hika bultzatuko da, toka eta noka neurri berean».
herriak
- Gipuzkoa Abaltzisketa, Aduna, Aia, Aizarnazabal, Alegia, Albiztur, Altzo, Alkiza, Anoeta, Amasa-Villabona, Amezketa, Arrasate, Asteasu, Astigarraga, Ataun, Azpeitia, Azkoitia, Baliarrain, Beasain, Belauntza, Berastegi, Bergara, Berrobi, Bidania-Goiatz, Elduain, Elgeta, Errenteria, Eskoriatza, Gaztelu, Getaria, Hernani, Hernialde, Ibarra, Idiazabal, Irun, Irura, Itsaso, Ikaztegieta, Larraul, Leaburu-Txarama, Lizartza Oiartzun, Orendain, Orexa, Orio, Ordizia, Ormaiztegi, Oñati, Segura, Soraluze, Tolosa, Usurbil, Urretxu, Zaldibia, Zarautz, Zestoa, Zizurkil, Zumaia eta Zumarraga.
- Bizkaia. Abadiño, Areatza, Aulesti, Etxebarri, Ermua, Larrabetzu, Mallabia, Markina-Xemein, Mungia, Ortuella, Ziortza-Bolibar eta Zornotza.
- Nafarroa. Araitz, Arantza, Bera, Betelu, Etxalar, Goizueta, Igantzi, Iruñea, Larraun, Leitza, Lekunberri eta Lesaka.