Herritar «guztientzako» alarde bat antolatzeko eskatu diote Irungo Udalari

Aurreko bi urteetan egindako eskea berritu du Irungo Alarde Parekidearen Juntak; orduko alkate Jose Antonio Santanok erantzunik ere ez zien eman aurreko eskeei.

Irungo alarde parekidea, iaz; Maite Bergara jenerala lehen lerroan. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irungo alarde parekidea, iaz; Maite Bergara jenerala lehen lerroan. ANDONI CANELLADA / FOKU
arantxa iraola
2024ko apirilaren 11
15:15
Entzun

Irungo Alarde Parekidearen Juntak eskea egin du: Irungo Udalari eskatu dio antolatu dezala herritar «guztientzako» alarde bat. Herriko jaietako ekitaldi nagusia izaten da Irunen alardea, usadio aski errotua da, oso iraganetik datorrena, eta gogora ekarri dute «mendeetan eta mendeetan» udalak antolatu izan ohi zuela.

Andreek alardean era parekidean parte hartu nahi zutela aldarrikatu zuten 90eko hamarraldian, desfilatzen ere hasi ziren. Herritar askok ez zuten gogo onez hartu aldaketa eskea, ordea, eta orduan utzi zion udalak antolatzeari. Alarde parekidearen juntako kideek gogora ekarri dute ordutik bi desfile egiten direla Irunen San Martzial egunean. Batek emakumeak kantinera erara bakarrik onartzen ditu, eta bestea «ez-baztertzailea» da: nahi duten moduan parte har dezakete andreek.

Desfile parekideak Emakunderen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes ekonomikoa du, eta, Irungo Alarde Parekidearen Juntaren arabera, ezinbestekoa da orain antolaketa ere udalak bere gain hartzea. «Uste dugu tenore honetan gure hiriak merezi duela udalak antolatutako alardea». Hirugarren urtez segidan egin dute eskea, aurrekoei erantzun ere ez zien egin Irungo alkate Jose Antonio Santanok, baina beste alkate bat dago orain hirian, Cristina Laborda, eta hark zer jarrera hartzen duen ikusi beharko da.

Urte askotan kritika ozenak jaso ditu Irungo Udalak, babes keinurik ere ez diolako egin inoiz desfile parekideari. Irudi bera askotan errepikatu zen; alkateak muzin egiten zion beti desfile parekideko kideei oles egiteari ere. Santano iaz agertu zen udaletxeko balkoian lehen aldiz alarde parekidea ikusteko. Eta 2002tik zegoen alkate.

«Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun printzipioa, bai eta sexuagatik ezein bazterkeriaren debeku berariazkoa ere, gure toki erakundearen barne dauden ordenamendu juridiko guztietan jasota daude», gogora ekarri dute alarde parekidearen antolatzaileek. «Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna betebehar moral eta politikoa da, emakumeen eskubideak bermatzea dakarrena, bai eta pertsona guztientzako aukera berak eraikitzea ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.