Martxoaren 21ean Barakaldon gertatutako tiroketa gaitzetsi dute gaur hainbat elkartek eta norbanakok. Hain zuzen, Herriko Plazan kontzentrazioa egin dute arratsaldean, «Poliziaren jarduera neurrigabea, arrazista eta bortitza» salatzeko. Gogoratu dutenez, «arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako egunean», udaltzainek bi lagun zauritu zituzten, tiroz. Horietako bat, gainera, larri zauritu zuten. Egoera hori ikusita, herritar guztien duintasuna eta eskubideak errespeta daitezela aldarrikatu dute.
Ezbeharra salatzeko, Herritar guztiak duintasunez eta eskubideekin izeneko adierazpen bateratua sortu dute eragileek, eta 77 elkartek eta 250 norbanakok babestu dute. Besteak beste, Agharas elkarteak, Bizkaiko SOS Arrazakeriak eta Ekuador Etxeak sinatu dute adierazpena.
«Biktimak jatorri magrebtarreko pertsonak ziren, inguruan gaua ematen zutenak, etxebizitzarik edo bestelako alternatibarik ez zutelako», gogoratu dute. Izan ere, ohartarazi dute kalean bizi direnen baldintzak gero eta okerragoak direla, eta gero eta lagun gehiago bizi direla kalean. Horren konponbidea, baina, ezin da Polizia izan: «Modu polizialean aurre egiteak ez gaitu konponbidera hurbilduko; aldiz, arazoa larriagotuko du».
Elkarteek argi utzi dute egoera ez dela konponduko «herritarren segurtasunaren ikuspegitik soilik» landuta eta «esku hartze sozialak mugatuz». Hortaz, kalean bizi direnak laguntzeko «modu koordinatu eta eraginkorrak lantzeko estrategiak» exijitu dituzte.
Ikerketa «sakona eta neutroa»
Gertatutakoa argitzeko, herritarrek ikerketa «sakona eta neutroa» eskatu diete agintari eskudunei. Eta argi utzi dute «hurbileko jarraipena» egingo dutela, «biktimei laguntza» emanez, «justizia egin arte». Era berean, elkartasuna eta babesa adierazi dizkiete kaltetuei, baita haien senideei, hurbilekoei eta laguntza ematen ari diren teknikariei ere. «Pertsona guztiok duintasunez eta eskubide sozial guztiak errespetatuz bizi gaitezkeen hiriak eta auzoak eraikitzen laguntzeko konpromisoa hartzen dugu, jatorria edozein izanda ere».