Herritar Batasuna «elkargunea» eratzeko pausoak ematen hastea erabaki dute hainbat lagunek. Atzo Iruñeko Foruen Monumentuan egindako agerraldian azaldu zutenez, «Euskal Herria askatzeko mugimenduak bizi duen krisi estrategikoa kontuan hartuta», aurrera egitea erabaki dute. Han bildu ziren, besteak beste, Askatasunaren Bidean batzarrekoak, Eusko Ekintza alderdikoak eta Euskal Herriko Komunistak. Joan den azaroan Barakaldon (Bizkaia) egindako batzarrean onartutako zirriborroan jasotzen den bezala, lau helburu nagusi lituzke Herritar Batasunak: «Independentzia, sozialismoa, berreuskalduntzea eta birbatasuna». Horiez gain, jakinarazi dute feminismoa eta ekologismoa ere «funtsezko helburuak» direla.
Independentzia eta sozialismoa askatasunean eratzeko tresna modura baliatu nahi ditu Herritar Batasunak. Gainera, sinesten dute sozialismoaren bidetik iritsiko dela «benetako independentzia». Prozesu askatzailearen txanponaren bi aldeen modura irudikatzen dituzte. Horregatik, «elkargunea», besteak beste, «antikapitalista, antifaxista eta antinperialista» izango dela diote. Euskal Herria «askatzeko borrokan», langileen interesei «lehentasuna» emateko borondatea agertu dute. Horrez gain, «Nafarroa osoaren deskonkista» erdietsi nahi dute, eta horren barruan kokatu dute «euskal borrokalari guztientzako eta inolako baldintzarik gabeko» amnistia osoa.
Oraindik «elkargunea» eratzen ari diren arren, argi utzi dute funtzionamendu asanblearioa eta demokratikoa izango duela.
Herritar Batasuna sortzeko eztabaida prozesua abiatu dute
Euskal Herriaren «erabateko askatasuna» da «elkargunearen» helburu nagusia. Eztabaidak herriz herri egingo dituzte, datorren udaberrian

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu