Legeztatu da Eusko Ekintza alderdia. Hala jakinarazi zuten atzo, Altsasun (Nafarroa) egindako agerraldian. Dena den, oraindik Alderdien Legea indarrean dela oroitarazi zuten, eta salatu zuten «ukatuta» daudela, «oraindik ere», milaka euskal herritarren eskubide zibil eta politikoak. «'Garai politiko berriez' eta 'politikan aritzeko berdintasunaz' mintzatzea errealitatea ukatzea besterik ez da», adierazi zuen Gotzone Errekondok. «Legediaren barruan aritzeko lege hori onartzea derrigorrezkoa» dela azaldu zuen, eta gaineratu zuen lege horren «okerrak, gehiegikeriak eta injustiziak» salatzen jarraituko dutela.
Legeztatzeko tramiteak egin ondoren, «garai historiko honek behar duen militante-aktibista kopuru andana bilduko dituen herritar batasuna» sortzea izango da Eusko Ekintzaren lehentasuna. «Paradoxikoa dirudien arren, alderdi izaera hartu dugu alderdien egitura hertsia gaindituko duen herritar batasunaren sorrera hauspotzeko», azaldu zuen Errekondok. Euskal Herrian aspaldidanik ezagutu den eredua dela gogorarazi zuen, baita «Europako ezker eraldatzaile ezberdinak bultzatzen ari direna» eta «ezker independentistak oinarri sozial osoa» antolatu behar duela ere nabarmendu zuen.
«Nazio Batzar Eraikitzailea»
Bide horretan, ezkerreko indar subiranistekin harremanetan jartzeko asmoa dute aurrerantzean; bai indar politikoekin eta baita gizarte eragileekin ere. Izan ere, Errekondoren esanetan, ezkerreko subiranotasunean dago eredu sozioekonomikoa aldatzeko eta «nazio zapalkuntza amaitzeko» indar metaketarako subjektua, «ez beste inon».
Udaberrian egingo dute I. Nazio Batzar Eraikitzailea, bi txosten oinarri hartuta: ibilbide estrategikoa zehazteko txosten politiko-ideologikoa, eta barne antolaketari buruzkoa. «Alderdira inguratu den jendearekin, behetik gora» osatu nahi dituzte bi txostenak. «Ez dugu onartzen herritarrengandik bereizita dagoen kasta politikorik», adierazi zuen Errekondok. Horretarako, eurekin harremanetan jartzeko deia egin zieten eztabaidan parte hartu nahi duten «ezker abertzaleko kide, eledun eta zale orori».
Joan den ostegunean, espetxealdi arinduan zela, etxean hilda aurkitu zuten Anjel Figueroa presoa ere izan zuten gogoan atzoko agerraldian. «Espainiako Estatuaren espetxe politikaren biktima izan da», salatu zuen Antxon Gomezek, prentsaurrekoaren hasieran. Izan ere, haren senide bat sakabanaketaren ondorioz hil zela oroitarazi zuen Gomezek, eta gaineratu zuen espetxe politikak areagotu ziola gaitza Figueroari. Horren harira, euskal preso eta iheslarientzat «konponbide bakarra» amnistia izango dela aldarrikatu zuen.
«Herritar batasuna» sortu nahi du Eusko Ekintzak
Legeztatu dute alderdia; udaberrian egingo dute «biltzar eraikitzailea», ildo politikoa eta barne antolaketa zehazteko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu