Amnistia izango du ipar igandean aurkeztuko duten Herrira mugimenduak: «Preso eta iheslari politiko guztien etxeratzea, gatazkaren konponbide prozesuari loturiko ibilbide dinamiko baten garapenean». Mugimenduaren sortze agirian jasotzen da ez duela xede Euskal Herrian preso eta iheslarien inguruan lanean aritu izan diren taldeen lekukoa hartzea, ezta ordezkatzea ere. Asmoa da egituratzea egoera politiko berrian Egin Dezagun Bidea ekimenaren inguruan preso eta iheslarien eskubideen alde sortutako mugimendua. Aspaldian presoen eskubideen alde lanean ari den jendea, presoen senitarteko eta lagunak, preso ohiak eta lan horretan aurreneko aldiz parte hartu dutenak batu nahi ditu.
Lau helburu zehaztu dituzte: salbuespen neurriak indargabetzea, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa Euskal Herrian batzea, iheslariei «prozesu demokratikoan» parte hartzeko aukera irekitzea, eta preso eta iheslari guztiak etxeratzea. «Ikusmolde eta izaera desberdinak izanik ere», xede horiekin bat datozenak bildu eta antolatzeko esparrua izan nahi du Herrira mugimenduak, «askotariko konpromisoei eta hainbat ekarpen motari bide eginez».
Sortze agirian hainbat konpromiso hartu dituzte. «Gehiengo soziala aktibatzea, herritarren mobilizazioa sustatuz, jendarteko mota guztietako eragileen konpromisoak bultzatuz, hala nola instituzioetan, politikagintzan, sindikalgintzan, hezkuntza eremuetan, herri mugimenduan, kulturgintzan...». Preso eta iheslarien inguruko informazioa zabalduko dute, «urratzaileak diren egoerak gainditzeko proposamen eta neurriak sustatuz», eta elkartasuna ere antolatuko dute. Gainera, nazioarteko komunitatearen parte hartzea lortzen saiatuko direla dio sortze agiriak.
Izan ere, Euskal Herriko mugimendu baten gisa definitzen den arren, harago ere iritsi nahi duela dio. Horretarako, mugimenduaren hizkuntza nagusia euskara izango den arren, gaztelera eta frantsesa ez ezik, «nazioartean jarduteko lekuan lekuko hizkuntzak» ere erabiliko dituzte.
Eraginkortasuna eta parte hartzea izan ditu gako Herrirak, antolatze eredua erabakitzeko orduan. Herritar guztientzat irekia da. Horretarako guneak, Herri Bilguneak izango dira, eta horiek «tokian tokiko ezaugarri eta premiei egokituz» osatuko dira. Guztien artean hartuko dira erabakiak. Bilgune horiei lana dinamizatzeko eta baliabideak emateko, Bilgune Nazionala egongo da. «Helburuak eta ildoak burura eraman eta kudeatzeko» ardura ere izango du. Hala, «behetik gorako eragina» izatea nahi dute.
Herritarren mugimendua izateko bokazioa du Herrirak, Euskal Herri osoan eta Euskal Herriarentzat arituko dena, baina mugaz harago ere iritsi nahi duena. Mugikorra eta askotarikoa.
Kursaalean aurkeztuko dute igandean. Eguerdian hasiko da ekitaldia, eta joan nahi duen guztiarentzat irekia izango da.
Herrira mugimendua sortuko da preso eta iheslariak etxeratzea lortzeko asmoz
Egin Dezagun Bidea ekimenaren inguruan preso eta iheslarien alde sortutako mugimendua kudeatzea du helburuKursaalean aurkeztuko dute mugimendua, 12:00etan hasiko den ekitaldi irekian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu