Gaur sortuko da Herrira, «gatazka konpontzeko prozesuari loturiko ibilbide dinamiko baten garapenean preso eta iheslari politiko guztien etxeratzea» xede duen mugimendua, Donostiako Kursaal jauregian 12:00etan egingo duten ekitaldi irekiaren bitartez.
Egin Dezagun Urratsa-Egin Dezagun Bidea taldeak urtebetetik gora egin duen lanaren eta bilakaeraren ondorio eta denbora horretan egindako gogoeten emaitza da Herrira, eta joan den urtarrilaren 7an Bilbon euskal preso eta iheslarien Euskal Herriratzea galdegiteko egin zen manifestazio erraldoia izan da beste urrats bat gehiago egiteko beharrezko indarra.
Aste honen hasieran eman du ezagutzera mugimenduak bere sorrera agiria. Lau helburu zehaztu ditu: euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak indargabetzea, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa Euskal Herrian batzea, iheslariei «prozesu demokratikoan» parte hartzeko aukera irekitzea eta preso eta iheslari guztiak etxeratzea.
«Ikusmolde eta izaera desberdinak izanik ere» xede horiekin bat datozenak bildu eta antolatzeko esparrua izan nahi du Herrira mugimenduak, «askotariko konpromisoei eta hainbat ekarpen motari bide eginez», agiriak dioenez.
Zuzenean ikusteko aukera
Gaurko aurkezpen ekitaldiak hitzaldia, lekukotasuna, musika, dantza eta literatura uztartuko ditu.
Herrira mugimenduaren izenean, Fran Balda, Garbiñe Eraso eta Nagore Garciak hartuko dute hitza. Ekitaldia musikarekin girotuko dute, besteak beste, Solanok, Amaren Alabek eta Eñaut Elorrietak; Jon Maia dantzaria ere izango da oholtza gainean, eta Mikel Antza idazle presoaren ipuin bat ere irakurriko dute. Jaione Dorai Ziburun bizi den iheslari gaztearen gutun bat irakurri eta bideo grabazio bat ere emango dute ekitaldian.
Bi mila lagun inguru sartzen dira ekitaldia egingo duten Kursaaleko aretoan, baina joan ezin direnek ere edukiko dute ekitaldia zuzenean ikusteko aukera, Herrira-k bere webgunearen bitartez (www.herrira.org) zuzenean emango baitu.
Ezker abertzalea, Kursaalean
Ezker abertzalea ere izango da Kursaaleko ekitaldian. Izan ere, Maribi Ugartebururen hitzetan, «zabala eta askotarikoa» den mugimendu berri hori «biziki agurtzen du» ezker abertzaleak. Haren ustez, presoen eskubideen aldeko aldarria «transbertsala» da dagoeneko; «Euskal Herriko herritar gehienena». Euskal Herrian, PP da «Espainiako Gobernuak euskal presoei ezartzen dien espetxe politika kriminalaren alde» ari den alderdi bakarra.
Bide horretatik, ordea, ez da konponbidean aurrera egiterik, ezker abertzaleko kideak ohartarazi duenez: «Normalizazio politiko eta demokratikoan aurrera egiteko, euskal preso politikoen egoerari ekitea lehentasun osoko kontua da».
Hortaz, «ke lainoak» baztertzeko eskatu dio. Euskal preso politikoen aurkako salbuespen politika alboratzeko eta preso horiei ere espetxe legedia arrunta ezartzeko. «Ez dezatela luzatu minutu bat ere gehiago euskal preso politikoen eta haien senideen kontra erabiltzen duten erruleta errusiarra».
«Irtenbideen aldeko eragile izaten hasteko» deia egin dio, beraz. «Eskubide urratzeetan oinarritutako estrategia immobilistaren lubakitik atera dadila» eta euskal gizartean gehienek egiten dioten deia entzun dezala. Bide horretan «lehenengo urgentziazko pausoa» euskal presoen kontra ezartzen duen kartzela politika bukatzea dela ohartarazi du.
Herrira jaioko da gaur, preso eta iheslariak etxeratzeko xedearekin
Donostiako Kursaal jauregian eguerdian egingo duten ekitaldi irekiaren bitartez aurkeztuko dute mugimendu berriaKonponbideari begira jarri eta presoen gaiari heltzeko eskatu dio ezker abertzaleak PPri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu