35/02 sumarioa

'Herriko tabernen' auziko epaia gauzatzen hasi da Auzitegi Nazionala

Espainiako auzitegiak hainbat kontu korronte enbargatu ditu dagoeneko. 2014ko sententziak 103 'herriko taberna' konfiskatzeko agindua eman zuen, «ETAren egitura» finantzatzea egotzita; 2015ean, Gorenak berretsi egin zuen hori, bahitze kopurua 101ean utzita. Baltasar Garzon epaileak hasi zuen auzia, duela 18 urte.> 

'Herriko tabernen' auzian Gorenak emandako epaia salatzeko Zarautzen egindako mobilizazio bat, 2015ean. GORKA RUBIO, FOKU
enekoitz esnaola
2020ko apirilaren 22a
15:59
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionala herriko tabernen auziko sententzia gauzatzen hasi da azkeneko egunetan, haien kontu korronteak bahitzeko agindua emanda, Sortuk ohar baten bidez jakinarazi duenez. «Jada hasi dira tabernen eta elkarteen kontuak enbargatzen, eta hurrengo egunetan guztiena gauzatuko dela pentsatzen dugu».

Auzitegi Nazionalak 2014an atera zuen 35/02 sumarioko epaia, eta, kartzela zigor batzuk emateaz gain, 103 herriko taberna konfiskatzeko agindua eman zuen, «ETAren egitura» finantzatzea egotzita. Zigorra jaso zuten 103 herriko taberna horietatik, 53 Bizkaikoak dira, 35 Gipuzkoakoak, zortzi Arabakoak eta zazpi Nafarroakoak. Beste 11 herriko taberna absolbitu egin zituen Auzitegi Nazionalak: Bizkaiko bi eta Gipuzkoako bederatzi.

Gorenak 2015eko ekainean eman zuen sententzia, eta, espetxe zigorrak jaitsi arren, kasik bere hartan utzi zuen herriko tabernen aurkako neurria —101 herriko taberna bahitzeko agindu zuen—. Haren epaia hasi da gauzatzen Auzitegi Nazionala. Gorenak 2015ean sententzia jakinarazi ostean, Efe berri agentziak Justizia Ministerioko iturriak aipatuz zabaldu zuenez,  prozedura gisa herriko tabernak itxi eta enkantean ateratzea erabiliko zuten, hortik ateratako etekinak «[Espainiako] Estatuaren mesedetan» erabiltzeko xedez, baina bost urtean ez dute mugimendurik egin, orain kontu korronteen enbargoak hasi arte.

Sorturen salaketa

«Epai politiko eskandalagarri honek 1936ko gerraz geroztik eman den espolio politiko eta ekonomiko handienari bide eman zion», esan du Sortuk, ohar batean; «epai hau ezker abertzalearen eta Euskal Herriaren aurkako lapurreta erraldoi bat da». Espainiako Estatuaren «autoritarismoa» gaitzetsi du. «Ezker abertzaleak eta euskal gizarteak aspaldi adierazi zuten iraganeko ziklo politikoa gainditu eta Euskal Herrian bakearen eta askatasunaren bidean aurrera egitea ahalbidetuko duen eszenatoki politiko berri baten aldeko konpromisoa. Espainiako erresumak eta haren estatu aparatu frankistek, ordea, bakearen aldeko urrats oro oztopatzen tematuak jarraitzen dute».

Sortuk azaldu du bera ez dela «islik» geratuko. Ekinbideak eta erantzun politikoa prestatzen ari da. «Oker dabiltza halako jokaldiekin ezker abertzalea bere bidetik aterako dutela uste badute. Euskal Herriaren askapen prozesuan urrats sendoak egin ditugu azken urteetan, eta norabide horretan borrokan segituko dugu».

Gorenaren zigorraren arabera, inor ez kartzelara

Baltasar Garzon epaileak hasi zuen auzia, 2002ko apirilaren 29an operazio bat aginduta. Batasuneko 11 lagun atzeman zituzten. Epaiketari 2013ko urrian ekin zioten, Auzitegi Nazionalean, eta 36 lagun eseri ziren akusatuen aulkian. Zortzi eta hamabi urte arteko espetxe-zigor eskaerekin hasi zuten epaiketa, eta sententziak (2014ko uztaila) urtebete eta hiru urte arteko espetxea ezarri zien hogei laguni: HBko eta Batasuneko zortzi mahaikide ohiri, «ETAren fronte instituzionala» osatzea, erakunde armatuko kide izatea eta herriko tabernen sarea kontrolatzea leporatuta; eta herriko tabernen zatiko hamabi auzipeturi, elkarteen bidez «ETAren egitura» finantzatu eta laguntzeagatik.

Defentsak Auzitegi Gorenera jo zuen, eta horrek 2015ean kartzela urteak gutxitu egin zituen, gehienezko zigorra bi urtetik behera jarrita; horrela, Gorenaren epaiaren ostean zigortutako inor ez zuten sartu preso. Dena dela, auzipetu batzuk aurrez espetxean egonak ziren sumario horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.