Espainiako Auzitegi Nazionalak 35/02 auziko sententzia atera zuenetik urtebete eskas pasatuta, ildo beretik jo du Auzitegi Gorenak ere. Haren erabakia berretsi du 728 orriko epaian, aldaketa batzuk egin arren: 101 herriko taberna bahitzeko agindu, eta urtebete eta hiru hilabete eta urtebete eta hamar hilabete arteko kartzela zigorra ezarri die hogei laguni. «Erakunde terroristako» kide izatea edo hari laguntzea egotzita. Joseba Permach, Rufi Etxeberria, Juan Kruz Aldasoro, Joseba Alvarez eta Karmelo Landari zigorrak murriztea izan da kasik Gorenak egindako aldaketa bakarra. Orain, aurreko epaia eman zutenei dagokie agindua gauzatzea: Auzitegi Nazionaleko 2. Zigor salako epaileei.
Maiatzean hasi ziren biltzen Auzitegi Goreneko epaileak, auzipetuek eta herriko tabernen ordezkariek jarritako helegiteak aztertzeko. Baztertu egin dituzte ia denak. Ramon Berdugo buru duen epaimahaiak bere egin du aurrez Auzitegi Nazionalak emandako tesia: «ETAren egituraren» parte izan dira HB, EH eta Batasuna, eta herriko tabernak horiek finantzatzeko erabili dira.
Antxeta (Pasai San Pedro), Gorgo Mendi (Oñati) eta Irati eta Harotz Toki elkarteen helegiteak soilik onartu dituzte. Gainerako guztientzat, berretsi egin du konfiskatze agindua.
Zigor eta agindu horiek noiz eta nola gauzatuko diren, zalantzan dago oraindik. Aurrena, Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionaleko 2. Zigor salara bidali behar luke sententzia, hark eman zuelako lehenengo zigor epaia. Ondoren, haren esku geratuko litzateke hura exekutatzea. Haiek erabakiko dute, beraz, noiz eta nola hasi herriko taberna eta elkarteen bahitzea.
Efe berri agentziak Espainiako Justizia Ministerioko iturriak aipatuz zabaldu duenez, herriko tabernak itxi eta enkantean ateratzea izango da jarraituko duten prozedura, hortik ateratako etekinak «[Espainiako] Estatuaren mesedetan» erabiltzeko. Hori aginduz auto bat kaleratu beharko du aurrez Auzitegi Nazionalak.
Eferen arabera, prozedura hori azkartzera joko du Espainiako Gobernuak, eta Auzibide Kriminalerako Legearen erreforma erabiltzeko asmoa agertu du horretarako. Oraindik onartzeko dago lege aldaketa hori, baina aukera hori baliatuko lukete ondasunak bahitu eta «epaitutako delituengatik kaltetutako gizartearen mesedetan» erabiltzeko.
Helegiterako bidea
Defentsako iturriek BERRIA-ri esan diotenez, atzo iluntzean erabakiaren jakinarazpen ofizialik jaso gabe zeuden oraindik —Gorenak 14:00ak aldera bidali zuen sententzia hedabideetara—. Hogeita hamar eguneko epea dute abokatuek Auzitegi Konstituzionalera jotzeko, epaia aztertu eta bide hori hartu ala ez erabakitzeko.
«ETAren fronte instituzionala» osatzea egotzi zieten HB eta Batasuneko mahaikide izandako zortziri, eta, beraz, ETAko kide izatea. Auzitegi Gorenean jarritako helegiteak partzialki onartuta, zigorrak murriztu dizkiete Permach, Etxeberria, Aldasoro, Alvarez eta Landari. Hiruna urteko kartzela zigorra ezarri zien Auzitegi Nazionalak, eta urtebete eta hamar hilabetera jaitsi die Gorenak —horrela, ez lukete espetxe zigorrik bete beharko auzi honengatik—. Inhabilitazioa ere epe horretan bete beharko dute, ez sei urtetan, Auzitegi Nazionalak ezarri bezala.
Floren Aoiz, Antton Morcillo eta Jon Gorrotxategiri, berriz, urte eta erdiko kartzela zigorra mantendu die Gorenak, baina soilik epe horretara mugatu die inhabilitazioa —launa urtekoa zuten lehen—.
Besteak beste, errugabetasun presuntzioa, eta biltzeko eta elkartzeko eskubideak urratu zaizkiela argudiatu zuten auzipetuek helegiteak aurkeztean, baina Auzitegi Nazionalaren bide beretik jota, atzera bota Gorenak ditu arrazoi horiek denak, aho batez —Auzitegi Nazionalean boto partikularra egin zuen hiru epaileetatik batek: Clara Bayarri magistratuak—.
Hamahiru urtetik gora dira Baltasar Garzon epaileak 35/02 auzia abiatu zuela, Batasuneko 11 lagun atxilotuta. Hamar eta hamabi urte arteko eskaerekin hasi zen epaiketa, eta akusazioek ere onartu zuten auzi saioetan gehiegi luzatu zela kontua. Argudio hori erabilita murriztu zituzten zigor eskaerak fiskaltzak eta herri akusazioak, eta Auzitegi Nazionaleko epaimahaiak ere aintzat hartu zuen hori, hogei auzipetuetatik hamabosten kasuan, zigor arinagoak ezartzeko. Orain, Gorenak onartu egin die irizpide hori Permachi, Etxeberriari, Aldasorori, Alvarezi eta Landari ere, eta hori argudiatu du zigorrak murrizteko: «oso larria» izan dela «luzamendu bidegabea».
Herriko tabernen zatiarekin —ETAren «finantza egiturarekin»— lotu zituzten gainerako hamabi auzipetuak: Jose Luis Franco, Maite Amezaga, Jon Martinez, Juani Lizaso, Jaione Intxaurraga, Ruben Andres Granados, Enrike Alaña, Agustin Rodriguez, Patxi Bengoa, Idoia Arbelaitz, Izaskun Barbarias eta Bixente Enekotegi. Haien kasuan, ez du helegiterik onartu Gorenak, eta urtebete eta hiru hilabete arteko zigorrera kondenatu ditu, Auzitegi Nazionalak egin bezala.
Argudio berberak
Zigorrak arrazoitzean, Auzitegi Nazionalaren argudio berak erabili ditu Gorenak. Bi zati nagusi ditu auziak: «ETAren fronte instituzionalari» buruzkoa da lehenengoa; hau da, HB, EH eta Batasunari buruzkoa. Epaileen esanetan, ETAk «josi zuen instituzio egitura hori, HB, EH eta Batasunaren bidez», erakundeetan bere «tesiak ezartzeko». Azken batean, ETAren estrategia zen «instituzioak kontrolatzea», auzitegien arabera. Horretarako, desdoblamenduaren teoria jarraituz, magistratuen ustez, ETAk «konfiantzazko kideak» jartzen zituen alderdi politiko haietan, «zuzenean», edo KASen bidez: «ETA, fronte militarraren itxura soilik eman arren, instituzioetan infiltratzen zen».
Herriko tabernei lotutako zatia da bigarrena. Epaimahaiak dio HBk «kontrolatu» egiten zuela «herriko tabernen sarea»; batez ere, 1992tik aurrera. Magistratuen arabera, elkarteak «behartuta» zeuden «ETAren egitura» finantzatzera, eta hori zen, gainera, guztiak batzen zituena. Tabernak ETAk eta «haren inguruko erakundeek» erabiltzen zituztela diote; oro har, «Euskal Nazio Askapenerako Mugimendu osoak». Gainera, «borroka armatuaren adierazpideetarako azpiegitura» gisa erabiltzen zirela, «partikularki, 'kale borroka' deitutako bertsiorako».
Hori baieztatzeko frogen artean, ustez ETAri atzemandako dokumentu bat dago: Udaletxe proiektua. Defentsak zalantzan jarri izan du, eta aurreko auzi batzuetan auzitegiek ez diote sinesgarritasunik eman.
Auzia «legez kanporatzearen helburu politikoarekin» sortu zela salatu izan dute auzipetuek. Atzo, Gorenaren erabakia jakin bezain laster, herri ugaritan egin zituzten mobilizazioak epaiaren aurka agertzeko.