Uda Leku elkarteak 40 urte beteko ditu aurten. «Eta azkena izanen balitz?». Alarma pizteko egindako galdera dela onartu du Xabi Ibarburu zuzendariak, baina egoera zaila dela baieztatu. «Egiten ditugun bilkuren %90 gure kontuak nola orekatu gogoetatzeko dira». Elkartea egoera prekarioan dela salatu dute langileek prentsaurreko batean. Esplikatu dute haurrak errefusatu eta jarduera murriztera behartuak direla baliabide faltagatik. Herriko etxeei dei egin diete, dagokien diru ekarpena egin dezaten Uda Lekuk hartzen duen haur bakoitzeko.
Aisialdi hezitzailearen bidez euskara sustatzea du helburu Uda Lekuk. Seaskako guraso eta irakasle batzuek sortu zuten elkartea, 1980ko hamarkadaren hasieran. Lau bilgune kudeatzen ditu urte guzian, eta ateraldiak, egonaldiak eta animazioak ere antolatzen ditu. Euskara hutsean diharduen gisa horretako egitura bakarra da Ipar Euskal Herrian; gainerakoak bi eletan edo frantses elebakarrean aritzen dira. Egitura publikoak herriko etxeek edo Euskal Elkargoak ordaintzen dituzte.
2022an, Ipar Euskal Herriko 64 herritako haurrei egin die harrera Uda Lekuk, baina herri horietako hamalauk baizik ez diote diru laguntza eman. Diru galera 200.000 eurokoa da. «EEP Euskararen Erakunde Publikoak urtero ematen digun laguntzarekin konpentsatzen dugu, baina berez ez da hori laguntza horren helburua», esplikatu du Maddi Bordagaraik. «Familien beharrei ezin diegu erantzun. Gure aktibitate kopurua murrizteko hautua egin behar izan dugu, eta proiektu berriak baztertu», esplikatu du Ibarburuk.
Murgiltze ereduan ari den aisialdi gune bakarra direla azpimarratu du Ibarburuk. «Gurasoek gure hautua egiten dute. Ezinbestekoak gara». Eskaintzen duten zerbitzua «errespetatzeko eta aitortzeko» eskatu du, eta egitura publikoek jasotzen dituzten baliabide berak emateko. «Egiazko hizkuntza politika bat behar dugu, behar diren baliabideekin». Apirilaren 22rako euskalgintzak Baionan antolatu duen manifestazioan parte hartzera deitu dute.