Herriko bozak Ipar Euskal Herrian. Biharamuna

Herriko etxeak, finkaturik

Etxegaraik lortu du auzapezgoa Baionan, berriz ere. Abertzaleek herriko etxe asko irabazi dituzte. Abstentzioa handia izan da

Eneko Aldana Ziburuko auzapez berria eta Leire Larrasa zerrendakidea, igandean. BOB EDME.
Jon O. Urain - Ekhi Erremundegi Beloki - Iñaki Etxeleku - Oihana Teyseyre Koskarat - Joanes Etxebarria
2020ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Erabakiak gelditu dira Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako 158 herriko etxeak ondoko sei urteetarako. Herriko bozen bigarren itzuliak ezkertiar eta abertzaleek bultzatutako zerrenden aitzinatze bat erakutsi du Lapurdi hegoaldean, eta haiek kudeatuko dituzte herriko etxe bat baino gehiago. Oro har, botere aldaketa gertatu da herri anitzetan. Abstentzioa handia izan da beste behin, eta eragin zuzena izan du bozen emaitzetan.

Uztailaren 17an osatuko dute Euskal Elkargoaren biltzarra, eta egun horretan izendatuko dute agintaldi honetan Ipar Euskal Herriko erakundea gidatuko duen lehendakari berria.

ABERTZALEAK, GORA

Berri nagusietako bat izan da zerrendaburu abertzaleek izandako sostengua; auzapez abertzaleak izango dituzte datozen sei urteetan Ziburun, Urruñan, Itsasun eta Uztaritzen (Lapurdi). Uztaritzen, Bruno Karrere auzapezak karguari eutsi dio, eta Eneko Aldana Ziburu Bizi 2020 zerrendako hautagaia 1.340 boto eskuratuta nagusitu da Ziburun (%44,7).


«Hauteskundeetan ez da ezer aitzinetik egiten; politika ez dira matematikak. Lehen itzulian genuen aitzinamendua mantendu da bigarren itzulian, eta, errazki irabazi dugu. Gure zerrenda irekia zen, abertzaleek kudeatzen genuen baina ez bakarrik: badira ekologistak, sozialistak, independenteak. Azken sei urteetan eraman dugun lanak konfiantza sortu du herrian, eta horrek erakusten du kapable garela», esan zuen Aldanak, emaitzak jaso bezain laster.

Mikel Hiribarren ELBko laborari abertzale ezaguna izango da Itsasuko auzapez berria, bozen %42,2 lorturik. Gibelean, hurbil izan du Jean Paul Iturbura. Azken postura ailegatu da Louis Ustarroz. Pozik agertu da Hiribarren emaitzarekin, nahiz bozen estutasunaz arras kontziente agertu: «Diferentzia gauza gutik egin du; guk irabazteko behar izan da egin dugun proiektua, talde motibatu bat, etxez etxe ibiltzea, kanpaina lana. 14 boz biziki guti da: dena behar izan da. Baina irabaztea da konta. Herritarrek konfiantza ematen badigute, konprenitzen dugu bertze zerrenden lekua kontuan hartu behar dugula».

Urruñan, Filipe Aramendi zerrendaburu abertzalea nagusitu zen, 2.175 boto (%45,9) jasota:«Historikoa da: Urruña, azkeneko 30-50 urteetan, frantses eskuinaren eskuetan izan da. Ni abertzalea naiz, ez dut sekula gorde. Gure erronka zen, eta gure azkartasuna plurala eta irekia izatea izan da».

Senperen, Dominique Idiart izanen da auzapeza, ezkertiar eta abertzaleek bultzatutako zerrendarekin aliantza eginik. Orain arteko Pierre Marie Nousbaumi gailendu zaio.

Hendaian (Lapurdi), Kotte Ezenarro auzapezak berriz hartuko du kargualdia, abertzale eta komunistekin aliaturiko zerrendari esker. Bozen %55,1 lortu ditu. Parean izan duen Pascal Destruhautek, bozen %44,9.

Azkainen, (Lapurdi) Jean Louis Fournier jalgi da aitzinetik, bozen %37,15 lorturik. Bigarren postuan, Gorka Taberna zerrenda abertzaleko burua, %24,3rekin. Azken postuan, Benedicte Luberriaga, bozen %21.17 lorturik. Tabernak baikorki hartu ditu emaitzak: «Biziki kontent gara. Bigarren indar izateak ardura ematen digu. Kanpaina osoan argi utzi dugu ezkertiar, abertzale, ekologista eta feministak garela, eta jendeak botoa eman digu».

«Urtez urte, abertzaleen emaitzak etengabe indartuz doaz, lehen mailako indar politiko gisa kokatuz eta gure proiektua indartuz», nabarmendu du EH Baik.

ETXEGARAI BAIONAN, BERRIZ

Duela sei urte, 26 bozen ezberdintasuna zuten bigarren itzulian Etxegarai zentro-eskuinekoak eta Etxeto sozialistak. Aldi honetan, 1.027 bozen aldea atera dio Etxegaraik (%53,8) Etxetori (%46,2), eta auzapez karguan egoteko aukera du. Emaitza tinkoa espero zen, baina Mathieu Berge juntatu zitzaion Etxetok ez du erdietsi auzapezgora heltzeko zuen xedea. Zaila da erratea nola banatu diren doi-doietarik Etxetorekin ez joatea erabaki zuen Baiona Berde eta Elkarkidea zerrendako bozak.

Pentsa daiteke Euskal Elkargoko lehendakaritzarako hautagai nagusia izanen dela Etxagarai, orain arte kargu hori eraman duena. 2017an sortu zelarik, Ipar Euskal Herriko auzapezen itzulia eginik lortu zuen gehiengo bat lehendakari izateko. Ikusi beharko da, haatik, Baionako alkatetzaren eta Elkargoko buruzagitzaren artean hautua eginen duenetz; izan ere, anitz kritika egin zaio bi karguak batera eramateari buruz Etxegarairi.

Abstentzio handia izan zen Baionan bigarren itzuli honetan: %56,57.

ALDAKETAK

Auzapeza aldatzea deliberatu dute beste udalerri batzuetan ere. Maule-Lextarrekoa da kasu esanguratsuena; lehen itzuliko emaitzak baieztatu dira bigarrenean, eta Louis Labadot zerrenda zabal baten buru den komunista izanen da auzapez berria Zuberoako hiriburuan, bozen %40,35 eskuraturik.

Bestalde, auzapeza aldatu bai, baina eskuinekoa izanen dute orain ere Miarritzen; Michel Veunacen lekua hartuko du Maider Aroztegik (%50,2). Aise nagusitu zaie Aroztegi beste hiru hautagaiei. Abertzaleekin bat egin zuen Guillaume Barucqen zerrenda gelditu da bigarren (%26,3).

ELKARGOA, ETA ORAIN ZER?

Heldu den uztailaren 17an izanen da Euskal Hirigune Elkargorako lehendakaria aukeratzeko eguna. Herrietako ordezkariek bozkatuko dute egun horretan. Oraingoz hautagaitza ofizialik ez bada ere, Alain Iriart eta Jean Rene Etxegarai izan daitezke hautagaiak.

Izan ere, azken egun hauetan Alain Iriart Hiriburuko auzapezak jakinarazi du lanean hasia zela hautetsiak ikusiz lehendakari postuari begira. Euskal hedabideek hauteskunde gauaren berri emateko eginiko telebista saioan gaiaz galdetuta, Iker Elizalde EH Baiko kideak azaldu du EH Baik gogoeta egin behar duela gaiaren inguruan, eta ikusteko dagoela Iriarten eta EH Bairen gogoetek bat egiten duten. Elizaldek esan zuen Iriartek EH Bairen sostengurik gabe azaldu duela elkargoko lehendakaritzara hautagaitza aurkezteko gogoeta.

Elizaldek argi du ondoko kargualdiko erronka: «Norabide orokorrak euskal elkargoaren esku izan behar du, baina tokikoari indar berezi bat eman behar zaio».

ABSTENTZIO HISTORIKOA

Martxoaren 15eko lehen itzulian bezala, bigarren itzulian abstentzioa izan da protagonista handietako bat. Hiri nagusietan, hautesleen erdiak baino gehiago ez ziren joan bozka bulegoetara. Koronabirusaren krisiak eragindakoa zela aztertu zen lehen itzulian; igandekoa ikusita, politika instituzionalarekiko herritarren interes faltarekin ere lotu liteke beharbada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.