Euskara

Herrika herriz herri ibili da Ozaze eta Ortzaize artean

Korrikaren ordezkoa antolatu dute Ipar Euskal Herrian, eta ehunka lagun ibili dira lasterka. Belaunaldi berriek lehengoen lekukoa hartzearen aldeko aldarria egin dute antolatzaileek.

Herrika, gaur goizean, Ozazen (Zuberoa). @PANZANI_JOVANI
Paulo Ostolaza.
2021eko ekainaren 13a
15:29
Entzun

Goizean goiz abiatu da Herrika Ozazetik (Zuberoa), Ortzaizerainoko (Nafarroa Beherea) bideari ekiteko. Aurten, bigarren urtez jarraian, atzeratu egin behar izan dute Euskal Herria lasterka gurutzatzen duen Korrika, eta haren hutsuneari erantzuteko antolatu dute bi lurraldeetako gazte euskaltzale batzuek.

Bidean, besteak beste, Donibane Garazitik igaro da Herrika. Herriz herri korrika dabiltza elkarri lekukoa emanez, eta, bukaeran, ekitaldi kulturala egin dute, Ortzaizen. Xiberoko dantzari talde batek eskaini du dantzaldi bat, bertsoak abestu dituzte Maddi Sarasuak eta Elixabet Etxandik eta musika emanaldiak ere izan dira. Egitasmoaren bidez lortutako irabazi guziak AEKri emanen dizkiote.

Amaieran idatzi bat irakurri dute antolatzaileek. Besteak beste, azpimarratu dute sekula ez dela erraza izan euskara defendatzeko borroka, eta eskerrak eman dizkiete horretan jardun duten aurreko belaunaldiei. Euskararen alde lanean jarraitzeko eskatu dute, eta mezua bereziki zuzendu diete gatzeei; haiek dira egitasmoa antolatu dutenak ere. 

Korrikaren ordezkoa

Aurtengo udaberrian egitekoa zuten 22. Korrika, baina, COVID-19aren pandemiak eragindako osasun egoeraren ondorioz, bertan behera uztea erabaki zuten antolatzaileek. Horren ordez, Euskal Herriko plazetan ekitaldiak egin zituen AEK-k martxoaren 28an.

Aurrez, antolatzaileek azaldu zioten BERRIAri zer dela eta sortu zen egitasmoa: «Ikastoletako ikasleak gara gehienak; denak ez gara euskaldunak, baina denek badugu euskararekiko atxikimendu hori, eta txikitatik ohitura hori badugu Korrikan parte hartzekoa. Sinbolikoki biziki polita da herriz herri euskararen alde lasterka aritzea». Osasun neurriak leundu arte itxaron dute Herrika egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.