Alderdiak

‘Herrigaia’ praktikara eramateko zuzendaritza proposatu du Sortuk

Kongresu prozesuan, Nazio Idazkaritza osatzeko hautagaitza aurkeztu du alderdiak; onartuz gero, Arkaitz Rodriguezek jarraituko du idazkari nagusi. Bihar irekiko da hautagaitzak aurkezteko epea, urtarrilaren 5a bitarte.

Arkaitz Rodriguez, Sortuko dozenaka kide atzean ituela, urriaren 20an eginiko adierazpenean. JAOBA MANTEROLA / FOKU
jon olano
2021eko abenduaren 22a
09:02
Entzun

Txosten politikoari buruzko eztabaida amaituta, Sorturen hirugarren kongresua zuzendaritza organoak berritzeko prozesuan sartuko da datozen egunetan. Bide horretan, Nazio Kontseiluak jakinarazi du zer zerrenda proposatzen duen Nazio Idazkaritza osatzeko. Orain arteko zuzendaritzaren jarraipena antzeman daiteke izen-abizenetan; esaterako, proposatutako zerrendak Sortuko kideen oniritzia jasoz gero, Arkaitz Rodriguez egungo idazkari nagusiak jarraituko du karguan, Nuria Altzugaraik idazkaritza teknikoan, Kizkitza Gil de San Vicentek ekintza politikoan eta Gotzon Elizburuk komunikazioan. Horiez gain, orain arte Nazio Kontseiluan zeuden Oihana San Vicentek, Elena Belokik eta Haimar Altunak bertan jarraituko dute, beste zeregin batzuetan; Barne koordinatzaileordea izango da San Vicente, nazioarteko arduradun Beloki, eta gatazkaren ondorioak konpontzeko batzordearen arduradun Altuna.

Hain justu, Altunarena da berritasun nagusietako bat. Orain arte, Rufi Etxeberriaren ardurapean zegoen gatazkaren ondorioak konpontzeko batzordea, baina zuzendaritza utziko du. Era berean, David Pla izango da zuzendaritzaren beste berritasunetako bat: Norabidetze Estrategikorako Gunearen arduraduna izango da. Pla Nafarroako idazkaritzako kidea da iaztik, eta gatazkaren konponbiderako ETAren mintzakidea izan zen; 2011n, Pla izan zen ETAren jardueraren behin betiko amaiera iragarri zuten hiru kideetako bat. Esanguratsua da belaunaldi aldaketa ere; soilik Beloki da 1960ko hamarkadan jaioa.

Sexuari dagokionez, Sortuk nabarmendu du parekidetasunerako bidean «urrats esanguratsua» egingo duela Nazio Idazkaritza berriarekin: hamar ardura nagusietan bost emakume eta bost gizon egongo dira, eta, herrialdeak kontuan hartuta, sei emakume eta bederatzi gizon. Horren harira, zuzendaritza osatzeko bi «mekanismo zuzentzaile» aplikatuko dituela jakinarazi dute: bata, Nazio Kontseiluaren %40 gutxienez emakumezkoak izango direla bermatzeko, eta bestea, herrialde bakoitzak duen kide kopuruaren arabera, zuzendaritzan dagokion pisua izango duela bermatzeko.

Sortuk ohar batean azaldu duenez, «talde sendo, kohesionatu eta dinamikoa» da aurkeztutakoa, «nazio-askapen prozesua bururaino eramateko konpromisoa duena eta estrategia aldaketaren ostean ireki den garai berria posible izan dadin ekarpena egin duena». Alderdiaren iritziz, COVID-19aren izurriak «sakoneko aldaketak eta mugimenduak azkartu» ditu gizartean, eta «lurrikarak» eragin: «Krisi ezberdinak, nazio pultsua lausotzea, ziurgabetasuna eta abar». Sortuk hitzeman du erronka horiei «gogotsu» helduko diela datozen urteetan, «belaunaldi honek dituen herri erronkei ekarpena egiteko: euskalduntzean, bizi baldintza duinen alde eta prekaritatearen aurka, bakegintzan, feminismoan, ekologismoan eta migrazioen auzian besteak beste». Horretan aurrera egiteko «ibilbide militantea duen talde bat» proposatu dute: «Ezker abertzalean zein herri mugimendu ezberdinetan militatu duena, EH Bildun eta EH Bain jarduten duena eta herri mugimenduekin elkarlanean diharduena gaur egun ere».

Epea, bihartik

Nazio Kontseilua 30 lagunek osatuko dute: Nazio Idazkaritza osatzen duten hamabost kideek eta banan-banan bozkatuko dituzten beste hamabostek. Bihar irekiko da hautagaitzak aurkezteko epea, urtarrilaren 5a bitarte, eta aukera dago Nazio Idazkaritzarako hautagaitza alternatiboak aurkezteko eta Nazio Kontseilua osatuko duten banakako hautagaitzak aurkezteko. Bozketa urtarrilaren 19tik 21era izango da.

HAUTAGAITZA

Hamabost lagunek osatzen dute Sortuko Nazio Kontseiluak alderdiaren zuzendaritzarako proposatutako zerrenda:

Idazkari nagusia. Arkaitz Rodriguez Torres (Altza, Gipuzkoa, 1979).

Idazkari teknikoa. Nuria Altzuagarai Gartzia (Donostia, 1974).

Barne koordinatzaileordea. Oihana San Vicente Saez de Zerain (Agurain, Araba, 1976).

Norabidetze Estrategikorako Gunearen arduraduna. David Pla Martin (Iruñea, 1975).

Barne antolaketaren arduraduna. Itsasne Fernandez Duarte (Oiartzun, Gipuzkoa, 1987).

Ekintza politikoko arduraduna. Kizkitza Gil de San Vicente Gurrutxaga (Donostia, 1974).

Herrigintzako arduraduna. Xabi Iraola Larraia (Igeldo, Gipuzkoa, 1993).

Komunikazio arduraduna. Gotzon Elizburu Beristain (Soraluze, Gipuzkoa, 1988).

Nazioarteko arduraduna. Elena Beloki Resa (Areta, Araba, 1961).

Gatazkaren ondorioak konpontzeko batzordearen arduraduna. Haimar Altuna Ijurko (Lizartza, Gipuzkoa, 1976).

Nafarroako arduraduna. Lur Albizu Etxetxipia (Artazu, Nafarroa, 1993).

Arabako arduraduna. Jon Iker Aramendi Jimenez (Gasteiz, 1989).

Ipar Euskal Herriko arduraduna. Aitor Servier Etxexuri (Azkaine, Lapurdi, 1997).

Bizkaiko arduraduna. Paul Laka Garamendi (Algorta, Bizkaia, 1990).

Gipuzkoako arduraduna. Aritz Arzallus Agirrezabala (Azpeitia, Gipuzkoa, 1981).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.