'Herrigaia', «ariketa kolektibo handi» baten emaitza

Sorturen Nazio Kontseiluak kongresurako txostena aurkeztu die militanteei. 7.900dik goiti lagunek eman dute izena eztabaidarako

Arnaldo Otegi, 2017an, Sorturen azken kongresuan, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko irailaren 30a
00:00
Entzun
«Ariketa kolektibo erraldoi baten emaitza» den txostena aurkeztu zion atzo Sorturen Nazio Kontseiluak haren militantziari: Herrigaia. Eta, horrekin, hasiera ofiziala eman zioten hainbat hilabetez iraungo duen kongresu prozesuari. Abian eta Zohardia txostenen ondotik ailegatu da Herrigaia, baina ez da oraindik dokumentu definitiboa: datozen asteetan 140tik gora auzo eta herritan eginen dituzten batzarretan eztabaidatuko dute, eta osoko zein atalkako zuzenketak egiten ahalko dizkiete kongresu prozesurako izena eman duten 7.900dik goiti militantek.

2017ko urtarrilean egin zuen Sortuk azken kongresua, eta oraingoak aurtengo urtarrilean zuen berez jarria data: pandemiaren ondorioz, ordea, urtebetez gibelatu zuten. 2022ko urtarrilaren 22an emanen diote akabera, eta zuzendaritza berria ere orduan aurkeztuko dute.

Nazio Kontseiluak azaldu duenez, Herrigaia txostena idazteko «500 militante erreferentzialengana» jo zuten lehenbizi, eta «buruz buruko elkarrizketa sakonak» izan zituzten haiekin: «Banan-banan bildu, eta iritziak eta kezkak jaso genituen». Ekainaren 19an Atarrabian (Nafarroa) egindako nazio batzarrean onartu zuten iritzi horien araberako balantzea, %76,3ko babesarekin. Azaldu dutenez, orduan onartu zuten kongresu prozesuaren araudia eta berme batzordea ere, %77,9ko eta %80,8ko babesarekin, hurrenez hurren. Ondotik bertze bi «saio erabakigarri» egin zituzten militanteekin, udan: 470 militantek parte hartu zuten, eta, Nazio Kontseiluaren hitzetan, hango eztabaidak «funtsezkoak» izan ziren txostenaren «oinarriak» finkatzeko.

Atarrabian onarturiko balantzeak biltzen duenez, «estrategia aldaketatik» hona «mugimendu gisa» egiten ari diren «trantsizio luze eta korapilatsuan» urrats «garrantzitsuak» egin dituzte azken lauzpabortz urteotan, eta independentismoa «eragile garrantzitsua» da «agertoki politikoan». Ordea, «nazio taupadaren ahultzea» sumatzen dutela ere jaso dute, baita «mugimendu eraldatzaileen artikulazioan indarren sakabanaketa handia» ere. Horren aitzinean «jauzi» bat emateko beharra nabari du Sortuk, «Euskal Herriak behar duen susperraldia bultzatu eta burujabetzarako bidea azkartzeko», horretarako «ezker abertzalearen komunitate historikoa» aktibatuta. «Konpromiso feministan» ere sakondu nahiko lukete kongresuaren bidez.

Epeak eta zuzenketak

Irailaren 15ean bukatu zen kongresu prozesuan izena emateko epea, eta, behin Herrigaia txostena aurkeztuta, hari osoko zuzenketak egiteko aukera zabalduko dute gaurtik urriaren 24ra arte. Espero izatekoa da ezker abertzaleko hainbat kidek bertze txosten bat aurkeztuko dutela: Lurrari Lotuz. «Herrigintzaren ildoa indartzeari» emanen dio lehentasuna ildo horrek, Joseba Alvarezek irail hasieran BERRIAn argitaraturiko iritzi artikuluan azaldu zuenez.

Urrian eginen dituzte herri batzarrak, eta azaroaren 19tik 21era bozkatuko dituzte osoko zuzenketak. Zuzenketa partzialak, berriz, abenduaren 17tik 19ra. Nazio Kontseiluaren hautagaitza abendu akaberan aurkeztuko dute, eta urtarrilean bozkatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.