Herrien izar itzalia

Estatuak, herriak eta estaturik gabeko nazioak daude Europako Batasunean. Urteen joanak erakutsi du eragile horietako batzuek erabakimen handiagoa dutela bertze batzuek baino. Hori aldatzeko bidean, funtsezkoak dira Europako Parlamenturako bozak.

Europako Batasunean, estatuak dira eragile juridiko eta politiko bakarrak. RONALD WITTEK / EFE
Europako Batasunean, estatuak dira eragile juridiko eta politiko bakarrak. RONALD WITTEK / EFE
Isabel Jaurena.
2024ko ekainaren 9a
05:00
Entzun

Hamahirugarren izarra. EB Europako Batasunaren hastapenetan, horrela egiten zieten aipamena estaturik gabeko nazioei eta herriei. Hala gogoratzen du Joxerramon Bengoetxea jurista eta abokatuak: «Garai hartan, nazioak elkarrekin harremanetan jartzen hasi ziren, eta aliantzak osatzen. Eskozia, Katalunia, Euskal Herria, Galizia, Korsika eta Flandria, gehienbat». Lehenbiziko elkarrizketa haiek EBn norberaren «eskuduntzak defendatzeko» egiten zituztela dio, ez hainbertze autodeterminazio eskubidea eskatzeko. Berrogei urte pasatu dira geroztik, eta hamaika gatazka eta aurrerapen izan dira tartean, baina estatuak dira oraindik eragile protagonistak. Gaur dira Europako Parlamenturako bozak, eta horiek izanen dira gakoa datozen bortz urteetako joko politikoa determinatzeko. Izan ere, non gelditu da EB herrien elkargune zela zioen planteamendu hura? Berrogei urteren ondoren, aldatua da herriek EBn duten presentzia? Non dago Euskal Herria?

Bengoetxeak, erantzun argirik ez duen arren galdera horiendako, uste du gaur egun gai hori ez dela «lehentasunik handiena», baina horren inguruko eskakizun berriak proposatzen hasi direla handik eta hemendik. «Duela gutxi, argibideak eskatu dizkiote EBri, prozesu subiranisten bidez herrien erabakiak errespetatzeko beharrezkoak diren irizpideak zehazteko». Euskal Herriari dagokionez, uste du arlo horretan «kontsentsu zabala» lortu dela, alderdi abertzaleen artean bederen.

Elena Beloki Iratzar fundazioko nazioarteko harremanetako arduraduna ados dago Euskal Herriko errealitatearen analisiarekin. Halere, uste du «herrien Europa» kontzeptua hor dagoela oraindik, eta ez duela ordezkatu «estatuen Europa» delakoak. Gainera, iruditzen zaio EBko itunek ere horrela formulatzen dutela. Funtsezkoena, harentzat, herrien eta estaturik gabeko nazioen ordezkaritza da: «Estaturik gabeko nazioak, berez, ez daude EBn aitortuak. EBren diskurtso politikoan, estaturik gabeko nazioen gaia tabua izan da: horrela ondoriozta daiteke EBk lerroak ixteko daukan instintuzko erreflexutik, herrien autodeterminazio eskubidearen auziari heltzeko saiorik txikiena ere azaltzen denean gertatzen den legez. Estatuak soilik daude, haiek direlako subjektu politiko eta juridiko bakarrak». Izan ere, EB herrien, estatuen eta estaturik gabeko nazioen talde bat da, baina, halere, estatuetako buruek konpromisoa hartzen dute erakunde horren esku uzteko estatuaren eskumenekoak diren gai anitzi buruzko azken erabakiak.

Alde horretatik, estatuak joan dira, botere delegazioen bidez, estatuaz gaindiko erakunde bat eratuz, eta gaur egun konstituzioek araututako gai gehienetara iristen den erabaki ahalmena eman diote. Eragiketa horretan eskumen gutxi izan ohi dute bertze bi eragileek, halere. Belokik zehaztu du «Europako bilakaera instituzionala estatuaren izaera dinamikoaren adibidea» dela. «Ildo horretan, jakina da estatuek beren estatus politikoari buruz erabakitzeko azken ahalmena atxikitzen dutela, eta haien altxorra subiranotasuna dela. Baina badakigu boterearen formula juridiko territorialak konplexuak eta dinamikoak direla, altxor hori partekatu ere egin baitute azkenerako», erran du.

«EBren diskurtso politikoan, estaturik gabeko nazioen gaia tabua izan da: horrela ondoriozta daiteke EBren lerroak ixteko daukan instintuzko erreflexutik».

ELENA BELOKIIratzar fundazioko nazioarteko harremanetako arduraduna

Bengoetxeak Euskal Herriaz erran duenari jarraituta, Belokik ere uste du Euskal Herri osoan dagoela «burujabetzaren aldeko gehiengoa»: «Eusko Legebiltzarrerako azkeneko hauteskundeetan ikusi ahal izan dugu, eta horri ezin zaio atea itxi. Hortaz, EBn bultzatu eta ahalbidetu behar dira prozedurak jendearen nahiari bidea emango diotenak». Zehaztu du interesgarria izanen litzatekeela EBko ordenamendu juridikoan aldaketak proposatzea, autodeterminazioaren aldeko caucus-ak egin zuen ildotik.

Estatuen mugak

Aldaketak behar direla argi du Bengoetxeak ere, baina hark, EBn baino gehiago, estatu kideetan jarri du kargarik handiena. Izan ere, uste du horiek jartzen dituzten baldintzek mugatzen dituztela gehien gutxiengoak, eta neurri horiek ondorioak dituztela gero herriek edo estaturik gabeko nazioek EBn izan dezaketen ordezkaritzan eta herritarrek EBrengan izan dezaketen konfiantzan. «Estatu bakoitzaren arabera aldatzen da dena, baina baita estatu horren barruan dagoen gobernuaren arabera ere: komunikazioa erraztu edo zaildu egiten dute estatuek, EBk ez baitu oztoporik jartzen», gehitu du.

Zehaztu du Lisboako Tratatuarekin herriek eta estaturik gabeko nazioek lortu zutela kokatuta dauden estatuetan beren identitatea eta nortasuna onartzea. Gainera, hitzarmenei esker, bertze hainbat eskumen ere badituzte: «Estatu azpiko gobernuek ordezkatu ahal dute estatuko gobernua: biek elkarrekin, edo bakoitzak bere aldetik».

Hego Euskal Herriari erreparatuta, «hainbat fase» egon direla azaldu du, eta EBko organoetan parte hartzeko lehenbiziko aukera Jose Luis Rodriguez Zapateroren agintaldian iritsi zela. Pedro Sanchezen agintaldian ere «beste aurrerapauso mota batzuk» eman direla dio, eta adibide bat jarri: «Hizkuntzen aitortza Espainiako oraingo gobernuak egin du, eta hori oso inportantea da guretzat. EBra eraman dute eskakizun hori, eta ikusiko da zer gertatzen den. Behintzat, aldarrikapen horiek hor daude».

«Estatu bakoitzaren arabera aldatzen da dena, baina baita estatu horren barruan dagoen gobernuaren arabera ere: komunikazioa erraztu edo zaildu egiten dute estatuek, EBk ez baitu oztoporik jartzen».

JOXERRAMON BENGOETXEAAbokatua

Iparraldearen kasua bertzelakoa dela dio: «Euskal alderdien indarra askoz ere apalagoa da: ez daukate presentzia handirik». Bengoetxearen erranetan, errealitate horri mesede gutxi egiten dio Frantzian oro har duten egoerak: izan ere, eskuin muturraren «olatu beldurgarriari» aurre egin nahian dabiltza.

Gehitu du herrialde bakoitzean dauden barne gatazkak baliatu ahal dituztela herriek edo estaturik gabeko nazioek: «Espainian, adibidez, gobernuak behar duen gehiengoaren arabera edo akordioak edo inbestidurak aurrera ateratzeko behar dituen aliantzen arabera joko handiagoa egon daiteke zer edo zer lortzeko; ez gauza potoloak, baina zerbait bai».

Aurrerapenak dira horiek guztiak, baina 40 urte baino gehiago egon dira horiek gauzatzeko. Erritmo geldo horren azalpenik badu Bengoetxeak: «Biolentziaren esperientzia hor egon da, eta horrek asko baldintzatu du egin zitezkeen aurrerapenak. Horrez gain, egoera hori aitzakia bezala erabili da aurrerapausorik ez emateko».

Horrez gain, uste du herritarren artean badagoela «etsipena», batez ere Eskozian edo Katalunian gertatu zenaren ondotik. Izan ere, Eskozia estatu independente bat zen 1707. urtera arte, urte hartan Ingalaterrarekin batera Erresuma Batua eratu baitzuen. Beren gobernu eta legebiltzar propioa izan dituzte geroztik, baina berriz ere estatu independente bat izateko nahia zuten herritar anitzek, eta duela hamar urte erreferendum bat antolatu zuten. %80tik gorako parte hartzearekin, %55ek independentziaren kontra egin zuten. Beraz, brexit delakoa gertatu zenean, EBtik atera behar izan zuten. Katalunian, berriz, hango prozesuak izandako ondorioak dituzte gogoan herritar anitzek.

Alde horretatik, Euskal Herritik egoera «beste urgentzia batzuekin» planteatu beharko dela dio: «Kontuan hartu behar da Euskal Herriko osaketa oraindik ez dela gauzatu: hiru bloke politikotan zatituta jarraitzen dugu. Beharbada, beste modu batean planteatu beharko dugu autodeterminazioaren gaia».

«Kontuan hartu behar da Euskal Herriko osaketa oraindik ez dela gauzatu: hiru bloke politikotan zatituta jarraitzen dugu. Beharbada, beste modu batean planteatu beharko dugu autodeterminazioaren gaia».

JOXERRAMON BENGOETXEAAbokatua

«Paradigma aldaketa»

Positiboago mintzatu da Beloki, eta EBn «paradigma aldaketa bat» gertatzen ari dela aitortu du. «Horregatik, inportantea da diferenteen arteko elkarlana aurrera eramatea erabakitzeko eskubidearen alde, herri bezala ordezkatuak izateko. Euskal Herrian, partizioak hiru errealitate definitu ditu; horietako bakoitzean estatus politiko berriak jorratzeko bideari ekin diote, eta horretara iristeko gehiengoak osatu behar ditugu», gehitu du. Gehiengo horiek maila ezberdinetakoak dira, eta ez ditu Euskal Herrira bakarrik mugatzen, Espainian eta Frantzian dauden estaturik gabeko gainerako nazioekin eta Europan barrena daudenekin ere osatu behar direla uste baitu, betiere aitortza eta erabakitzeko eskubidea helburu.

Gainera, estatus berri horretaranzko bidean, hiru elementu ezinbertzekoak zaizkio: burujabetza, demokrazia eta lurraldetasuna. Gehitu du planteamendu hori «enkaje handiago batean» ikusten duela: «Gure ustez, [Espainiako Estatuak] estatu plurinazionalaren aitortza izan beharko luke, horrek irekiko bailuke demokrazia gehiagorako ildoa [Euskal Herria] bestelako estatus juridiko baterantz abiatu ahal izateko».

«Nahiz eta [Europarekiko] atxikimendu falta handia den, uste dut oso inportantea dela bozetan parte hartzea, hain zuzen ere esaten ari garen hori guztia bete dadin».

ELENA BELOKIIratzar fundazioko nazioarteko harremanetako arduraduna

Aitortza horiek iritsi bitartean, Belokirendako inportanteena da estaturik gabeko nazioek Europan «ahotsa izatea», hamahirugarren izar izan edo ez. Hortaz, Europako Parlamenturako hauteskundeak, Euskal Herrian gaur ospatzen ari direnak, aski garrantzitsuak zaizkio. Euskal Herriaren ahotsa Europan dagoela bermatzeko aukera dira harendako: «Nahiz eta [Europarekiko] atxikimendu falta handia den, uste dut oso inportantea dela bozetan parte hartzea, hain zuzen ere esaten ari garen hori guztia bete dadin». Zehaztu du herriek edo estaturik gabeko nazioek eskatzen dutena «demokrazia bide bat» bertzerik ez dela, eta denen artean eraiki beharreko zerbait: «Legitimoa da estatu bat nahi izatea, eta orain legala izan dadin nahi dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.