Herribiltza mugimenduak Unescoren izendapen plakak kendu ditu hainbat eraikinetatik, eta aldarrikatu du euskara dela Euskal Herrian babestu beharreko ondare kultural garrantzitsuena. Zehazki, Ospitalepeako eliza (Zuberoa), Donibane Garaziko Jondoni Jakobe atea, Baionako katedrala eta Portugaleteko Bizkaia zubia (Bizkaia) izan dituzte jomugan. «Frantziar eta espainiar estatuetako agintariek Unescoren helburuen aurka egiten dute: euskarari eraso egiten diote, eta euskara hiltzen ari dira», salatu dute agiri batean.
Ekintzaileen hitzetan, «zentzugabea» da bi estatuek eraikin horiek munduko ondare kulturalaren zerrendan sartu izana, aldi berean «euskara desagertzeko bidean ezartzen» segitzen baitute. Euskara, gainerako hizkuntza guziak bezala, munduko ondare kulturala dela nabarmendu du Herribiltzak. «Euskara, frantsesa, gaztelera eta munduko gainerateko hizkuntza guziak maite ditugu». Azpimarratu dute Unescorentzat munduko ondare kulturala babestea funtsezkoa dela, eta salatu dute gaur egun aniztasun kulturalari eraso egiten zaiola. «Gure ustez, euskara da Euskal Herrian munduko ondare kultural garrantzitsuena», adierazi dute. «Zentzugabea da euskara babestua ez den bitartean Euskal Herriko ondare kultural materiala babestea».
«Euskal Herrian, euskara bigarren mailako hizkuntza bezala tratatua da. Ondorioz, zortzi herritarretik batek bakarrik hitz egiten du euskaraz, eta Ipar Euskal Herrian euskararen karrikako erabilpena apaltzen ari da», deitoratu dutek. Bizirik irauteko, herritarrak lehentasunez hizkuntza horretan mintzatzen diren lurralde bat behar duela aldarrikatu dute.
Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dutenek eguneroko jarduera guziak euskaraz egiteko posibilitatea ukan dezaten, mundu osoari «Euskal Herrian lehentasunez euskaraz» aldarrikapena gauzatzeko laguntza eskatzen diote ekintzaileek, eta Euskal Herriko eragile guziei dei egin diete lehentasunez euskaraz aritu daitezen.