Herriaren orroa ozentzera

Hasi da 23. Korrika Irunen, eta jende oldeak eman dio ongi etorria euskararen aldeko ekimenari. AEK-ko kideek Euskararen aurka bizi-bizirik dagoen oldarraldia gaitzetsi dute, eta, horren aurrean «hizkuntza politika ausartak» galdegin dituzte.

Korrika
23. Korrikaren lehen kilometroa, gaur arratsaldean, Irunen. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
Donibane Lohizune
2024ko martxoaren 14a
22:01
Entzun

Lurrak, fruitua emango badu, behar du harrotuko, zainduko, goxatuko duenik. Halatsu euskarak: loratuko bada, normalizatuko bada, behar ditu euskal hiztun harroak eta aktiboak, eta goxatuko duten instituzioak. Euskarak badu lur bat, herri bat, eta Korrikak izan nahi du horientzat ongarri. Hain zuzen, gaur hasi da euskararen aldeko ekitaldirik garrantzitsuena Irunen (Gipuzkoa), eta mezu bat eramango du aldean martxoaren 24an Baionara iritsi arte: Harro Herri.

Euskaldun izateaz harro, beste batzuk harro ari direlako haren aurka. Izan ere, Korrika ez dator edozein unetan: epaileak -eta, hizkuntza eskakizunen aferari lotuta, euskararen kontra ari dira ekinean. Eta Korrika izaten ari da eta izango da herriaren indar erakustaldia, euskaraz bizitzeko eskubidearen aldeko ekinaldia. Korrika hasterako Irungo San Juan plazan egin duten ekitaldian ere gogoan izan dute euskararen aurkako oldarraldi hori. Hala nabarmendu du Ane Elordik, Korrikaren koordinatzaileak: «Euskararen herriak, euskaldunon herriak, Euskal Herriak, euskaldunok segitzen dugu bigarren mailako izaten, zapalduak, gutxituak». Horrek ondorioak dituela nabarmendu du Bidasoko AEK-ko euskaltegiko zuzendari Beñat Alzagak: «Gure eskubide kolektiboak urratzen dira. Aldiro-aldiro».  Eta bereziki gaitzetsi du oldarraldia: «Horren adibide dugu euskararen eta euskal hiztunen aurkako oldarraldia; azken boladan, tamalez, areagotu egin da».

«Euskal Herriak eta euskaldunok segitzen dugu bigarren mailako izaten, zapalduak, gutxituak». 

ANE ELORDI Korrikaren koordinatzailea

Baina horren aurrean zer egin dezakete euskaldun eta euskaltzaleek? Datozen hamar egunetan kaleak harro-harro hartzera deitu du Elordik: «Lekukoa urratsez urrats eta eskuz esku doan heinean, adieraziko dugu gure irribarrre harroena; herri bulkada eta herri nahia lau haizetara zabalduko ditugu. Ikus dezaten hemen, hor eta han badela herri bat, euskararen herri harroa, euskaldunon herri harroa, euskaraz marrazten duen herri harroa». 

Eta Alzagak zehaztu du hori guztia ez dela utopia bat, lorgarria den zerbait dela. Baina, horretarako, babesa behar dela nabarmendu du, instituzioen babesa:  «Hizkuntza politika ausartak behar ditugu komunitate honen partaide izan nahi duten guztientzat, euskal hiztun izan ala ez, baita etorkizuneko euskal hiztunak izan nahi duten horientzat ere. Horregatik aldarrikatzen dugu berdintasun printzipioa, euskaraz eroso bizi ahal izateko, euskaraz bizi nahi dugulako».

Hori esan, eta lehertu da Irungo San Juan plaza.  Ehunka euskaltzale zain. Hasi da 23. Korrika.  Lehen kilometroa egiteko ardura eta ohorea Bidasoko AEK euskaltegiko irakasleek izan dute. Hortik aurrera, milaka euskaltzale izan ditu esperoan Irunen bertan. Korrika eta espaloietatik txaloka. Betiko aldarri eta oihuak nagusi: «Hemen gaude euskararen alde». Edo «tipi-tapa tipi-tapa Korrika». Baina baita bazterrekotzat hartu izan den hori erdigunera ekartzearen aldekoak ere: «Irunen ere euskaldunak gaude». 

Irundik pausoz pauso eta eskuz esku Hondarribirako (Gipuzkoa) bidea hartu du Korrikaren lekukoak. Bertan, ere jende oldea zuen zain furgonetak. Horrenbestez, jendea batu zaio Korrikari, baina baita aldarrikapen bat ere, aldarrikapen feminista. Hala aritu dira esanaz furgonetatik: «Non daude emakumeak pankartan? Ez ditugu ikusten. Emakumeak, mesedez, etorri lehen lerrora». Eta txalo zaparrada emakumeren batek pankarta esku artean hartu duen bakoitzean. Pankarta esku artean, baita lekukoa ere. Jaizkibel konpainia parekidearena izan da Hondarribiko kilometroetako bat. Ozendu dute ahotsa: «Emakumeak nonahi, alardean ere bai».

Gipuzkoatik Lapurdira

Gipuzkoan bi ordu eskas igarota, Lapurdirantz jo du Korrikak. Irudi ikusgarriak utzi ditu Irun eta Hendaia (Lapurdi) arteko Santiago zubiak. Gure Esku-ren deiari erantzunez, ikurrina eta nafar banderen artean pasatu dira euskaltzaleak Hendaiara, joaldunak lagun. Irungo Harrera eta Bidasoa etorkinekin elkarteek eraman dute lekukoa, irri bat ezpainetan eta orro bat ahoan zutela: «Ez, ez, ez, mugarik ez». Jendetza batu da ekimenera,  furgonetatik Korrikaren bukaera ez ikusteraino.

Gaur gaua eta bihar goiza Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan igaroko ditu Korrikak. Bertan, ukaezina da euskalduntzean AEK-k egiten duen lana, mila heldu baino gehiago ari dira ikasturte honetan AEK-ko Ipar Euskal Herriko euskaltegietan ikasten.  Baina euskalduntzean bada beste eragile garrantzitsu bat ere: Seaska. Etengabe hedatzen du euskara haurren artean, eta etengabe hedatzen ari dira Seaskako ikastolak beraiek ere. Aurtengo ikasturtean, beste kolegio bat ireki dute, bosgarrena: Senpereko Kattalin Elizalde (Lapurdi). Iñaki Lekuona ari  da bertan zuzendari lanetan. Azaldu duenez, 82 ikasle dituzte, momentuan, seigarrenekoak eta bosgarrenekoak, baina kolegioko lau mailak izatera iritsiko dira bi ikasturteren buruan.

«Seaskako kolegioek eusakarazko irakaskuntza bat eskaini nahi dute euskararentzat eta gizartearentzat».

IÑAKI LEKUONAKattalin Elizalde kolegioko zuzendaria

Azaldu duenez, Lapurdiko zonalde «nahiko euskaldunekoak» dira ikaslerik gehienak: Senperekoak, Azkainekoak, Sarakoak... «Anitz euskaldunak» denak ere. Baina Lekuonaren esanetan, etxetik euskara jasotzen duten ikasleei ez ezik, atzerritik etortzen direnei ere irakasten diete euskara eta euskaraz: «Haien gurasoek Euskal Herrira iritsitakoan ikusi dute badela kultura bat, badela nortasun bat, eta erabaki dute seme-alabei euskara eskaintzea».

Hain zuzen, Elizaldek nabarmendu duenez, horixe eskaini nahi diete ikasleei; euskararekin batera, bizimodu bat: «Seaskako ikastolek euskarazko irakaskuntza bat eskaini nahi dute euskararentzat eta gizartearentzat. Badakigu non kokatuak garen eta zein etorkizun nahi dugun gure seme-alabentzat; hori da eskaini nahi duguna». Aurtengo Korrikak, gainera, Seaskaren kolegioetako eta lizeoetako ikasleek euskararen alde duten ekina ere aitortu nahi du: Azterketak Euskaraz taldea da 23. Korrikako omendua. Taldeak egin eskea, eta hezkuntza komunitateak erantzun du: ikastetxeek hartutako hainbat eta hainbat kilometrotan plazaratu dute azterketak euskaraz egiteko eskubidearen aldeko aldarria.

Bihar Korrikak Ipar Euskal Herrian hasiko du eguna. Lehen hiriburua ere bihar bertan igaroko du: Maulera iritsiko da 07:00ak aldera. Handik Nafarroa Beherera egingo du, eta 11:00k aldera hartuko dute lekukoa donibanegaraztarrek. Ipar Euskal Herria atzean utzi, eta Nafarroan egingo ditu lehen pausoak Korrikak, Izpegiko lepotik sartuta. Beraz, oraindik hasi baino ez da egin euskararen aldeko ekimena. Nahi duen herritar orok milaka kilometro ditu aukeran Euskal Herriaren luze-zabalean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.