Ikertzailea

Naroa Anabitarte: «Herriaren gaia ateratzen da, baina modua ez da bera»

Ideologiaren eta euskararen arteko erlazioak aztertu ditu Anabitartek; neurozientzietan trebatutako begirada zolia da gizartearen tolestura zuztarrekoenak ere sakon arakatzeko.

(ID_13477526) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2024-01-08, Donostia. Euskararen bilakaera testuinguru sozial eta ideologikotik aztertu duen libu...
Naroa Anabitarte, plazaratu berri duen lanarekin. IÑIGO URIZ / FOKU
arantxa iraola
2024ko urtarrilaren 28a
05:00
Entzun

Things That Are (Said) and Things That Are Not: A brief look at the ideological context of the Basque language —(Esanak) direnak eta ez direnak: begirada labur bat euskararen testuinguru ideologikoariliburua idatzi du Naroa Anabitartek (1979, Tolosa, Gipuzkoa), eta Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikerketen Zentroak (AEB Ameriketako Estatu Batuak) argitaratu berri du. Zientzia hitza esaten denean burura datorren mundu horretan trebatua da: biokimikaria da, eta alzheimerraren inguruan egin zuen, esaterako, doktore tesia. Gizarte psikologiaren arloan ari da orain, eta mundu bien arteko loturaren garrantzia argi du. «Hasieran, tesian-eta, maila molekularrean aztertzen nuen oroimenaren prozesua». Antropologia soziala ikasi zuen gero. «Gai berari ikuspegi ezberdinetatik begiratuta, ikusi nuen beste dimentsio bat hartzen zuela». Euskararen inguruko jarreretan eta ikuskeretan eragina duten aldagai sozialei erreparatu nahi izan die liburuan, kezka «pertsonal» batek ere bultzatuta. 

Nolabait ere, garunari begiratzeko bi modu dira? Bat barrura begirakoa, eta bestea kanpoan gertatzen denak barruan duen eraginari begirakoa?

Bai. Azkenean, garuna ulertzeko korronte ezberdinak badira. Perspektiba asko aurki daitezke, eta bakoitza bere ñabardurak ditu. Korronteetako batek dio gaitasun kognitiboak ezin direla ulertu testuinguru sozialik gabe. Nik bat egiten dut korronte horrekin. 

Hari horretatik tiraka osatu duzu, hain zuzen ere, liburu hau. Euskararen inguruan esaten direnak aipatu dituzu liburuaren izenburuan, eta esaten ez direnak. Zer ez da ba esaten?

Testuinguru ideologikoa aztertzea ez da gauza erraza, detektatzea zer patroi dauden diskurtsiboki-eta. Norbanako moduan, ikasi egiten dugu une bakoitzean zer esan daitekeen, zer ez: zein hitz esatea den egokia, zer testuingurutan. Ariketa hori etengabe egiten dugu, eta, norbanakoa ez dudanez testuingurutik kanpo ulertzen, hor detekta daitezke patroi batzuk zeintzuetan isiltzera egin den: momentu jakin batean ez dira erabiltzen kontzeptu batzuk, edo lotura batzuk. Hor, adibidez, horiek denak ulertze aldera, lan handia egin izan da arrazismoaren arloan, edo sexismoarenean. Euskarekin ere, edota oro har kulturarteko harremanak ulertzeko moduan, horrelako mekanismoak badira. Eta hor bilakaera batzuk ikusi ditut: hizkuntza herriari lotuta ulertzeari utzi, eta banaketa diskurtsibo bat gertatzen ari da. Hori lotuta dago, esaterako, indibidualismoaren ideiarekin...

«Bilakaera batzuk ikusi ditut: hizkuntza herriari lotuta ulertzeari utzi, eta banaketa diskurtsibo bat gertatzen ari da»

Horrek ere eragina du hizkuntza hautu bat edo bestea egiteko ustez atzean dauden motiboekin? Erruz esaten da egun, esate baterako, gazteek euskara ikasi arren, ez dutela erabiltzen, motibazioa ere falta dutela. Baina hizkuntza hautuaren atzean aldagai asko daude...

Hain zuzen ere. Beste elementu batzuk ere aztertu behar dira. Erabilera ez dago bakarrik lotuta norbanakoen motibazioarekin. Txepetxek [Jose Maria Sanchez Carrion hizkuntzalari eta soziolinguista] motibazioaren, erabileraren eta ezagutzaren arteko lotura aipatu zuen; ideia hori asko erabili da euskalgintzan, eta ondo iruditzen zait, baina testuinguruan. Txepetxek berak ere aipatu zuen testuingurua. Baina horri igual ez zaio hainbeste enfasi jarri; gehiago izan da motibatzea, erakargarri egitea, baina agian aldaketa egiturazkoetan ere pentsatu behar dugu. 

Hizkuntzaren inguruko jarrerei adi erreparatzen zaie euskararen inguruko inkestak-eta ateratzen direnean. Testuinguruak ere eragin handia du hor...

Gure prozesu kognitiboak dinamismo batean sortzen dira, testuinguruko ideiekin elkarrizketan, nolabait ere. Eta jarrerena, bai, guztiz lotuta dago horrekin. Eta nik aztertuko nuke jarreren gaia testuinguru ideologikoan kokatuta, eta ez hainbeste norbanakoen jarreren batura moduan, eta aztertuko nuke, gainera, kualitatiboki: batzuetan egiten dugu kuantifikatu, baina gaiak behar du begirada kualitatibo bat ere, nabarmen. Ez dut esaten kuantitatiboa den horrek ez digunik balio, baina gaiak behar du alde kualitatiboa ere. Esaterako, denda batera bazoaz, eta hitz egiten badizute espainolez, edo frantsesez, zuk izan ditzakezu aukera ezberdinak horri erantzuteko, eta aukera berdin baten atzean argudio eta kontraargudio ezberdinak egon daitezke. Alegia, pertsona pasa daiteke akaso hizkuntza dominantera, baina jokabide horren atzean argudio eta kontraargudio oso ezberdinak egon daitezke. Horregatik esaten du ñabardurak behar direla. Nik uste dut Iñaki Iurrebaso soziolinguistak ere, neurri batean, bere doktore tesian horra begiratu duela esan dituen gauzekin: agerian daude datuak, interesgarriak dira, beharrezkoak, baina beste buelta bat ere eman dio: ñabardura gehiago sartu ditu. Horrek pista handiak ematen ditu. 

«Bada konplexu moduko bat; izan ere, barneratua dugu nazionalismoaren konnotazio negatiboa».

Diskurtsoetan zer gertatzen ari den ulertze aldera, aztertu duzu 80ko hamarraldian bertsolaritza txapelketa nagusietan zer gai jartzen ziren bertsotarako, eta zer eboluzio izan den ordutik. Herriaren eta hizkuntzaren arteko dibortzioa hor, esaterako, agertu zaizu?

Ageriko diskurtsoan, bai. Horrek ez du esan nahi inplizituki oraindik ez denik existitzen. Horregatik, horrek ere behar du lan handiagoa interpretatzeko zer gertatzen ari den. Nolabait ere, nik lotura egin dut gure testuinguruarekin; gurea kontsolidatu gabeko nazio bat da, eta horrek behartzen gaitu diskurtso esplizitu bat edukitzera, kontziente izatera ideia horietaz. Michael Billing-en Banal Nationalism (Theory, Culture and Society) lan ezagunari erreferentzia eginez, berak aipatzen du nazionalismo gogorrenak, indar handiena dutenak, oharkabean pasatzen direnak direla, oso natural, egia bihurtu direlako. Gure kasuan, ordea, nazionalista izanda, gure indar harremanen posizio horrek ekartzen du kontzientzia izatea, eta bada konplexu moduko bat: izan ere, barneratua dugu nazionalismoaren konnotazio negatiboa. Beraz, hizkuntzaren eta kulturaren aldeko aldarriak egiten dira, baina beste dimentsio horrekin ez da lotura espliziturik egiten...

Nazioaren dimentsioaz ari zara... Zertan aldatu da, bada, hamarraldiotan gaia aurkezteko era?

Herriaren gaia ateratzen da, baina modua ez da bera. Indibidualismoarekin lotutako ideiak, subjektibotasunenak, berriz, asko gailendu dira: modu horretan ekartzen da gaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.