Herrialde osoan, bakoitza bere erritmoan

Nazio auziaren inguruko eztabaida martxan da Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ere. Lurralde bakoitzean, bertako errealitateari lotutako erritmoei jarraikiz.

Euskal Hirigune Elkargoaren bilkura, aurreko astean. PATXI BELTZAIZ
Euskal Hirigune Elkargoaren bilkura, aurreko astean. PATXI BELTZAIZ
Iosu Alberdi.
2024ko martxoaren 31
05:00
Entzun

Nazio auziarena ez da Araba, Bizkai eta Gipuzkoara mugatzen den eztabaida bat. Erritmo ezberdinetan eta lekuan lekuko errealitatearen eta indar harremanen arabera, bidea Euskal Herri osoan ari dira egiten. Horren azken erakusleetako bi dira Nafarroako Parlamentuan Foru Hobekuntzaren erreformarako Autogobernu lantaldea martxan jarri izana eta Euskal Hirigune Elkargoaren etorkizuna definitzeko eztabaida abiatzea ere. Bi kasu horietan, autonomia handiago eta eguneratu baterako eskaera dago erdigunean, eta, haren inguruan, arlo sozialak eta XXI. mendeko erronkei erantzuteko beharrak toki berezitua hartu dute.

Ipar Euskal Herria

Euskal Hirigune Elkargoaren gaitasun politikoen etorkizunera begirako eztabaida martxan da Ipar Euskal Herrian. Eta haren atzean egon daitekeen xedea elkargoko presidente Jean Rene Etxegaraik berak BERRIAri esandakoetatik antzeman daiteke: «Kontsideratzen dut ezingo ditugula zinez gure politika publikoak modu gogobetegarrian obratu, ez badugu, adibidez, estatus bereziko lurralde elkargo bat, edo, behintzat, diferentziaziorako aukera eskaintzen duen instituzio bat; hau da, gure etxean arauak egokitu ahal izatea, gure lurraldearen berezitasunen arabera».

Antzeko interpretazio bat egin daiteke mugimendu abertzalearen barruan martxan den Bagira prozesutik ere. Gaur emango dute hartatik ondutako bide orriaren berri, Uztaritzen (Lapurdi) egitekoak diren ekitaldian, eta testu horrek balioko du mugimendu abertzalearen hurrengo urteetarako helburu nagusiak finkatzeko; tartean, estatus politiko berri bateranzko urratsak egitera zuzenduak. Horretarako, ezinbestean, elkargoak egun dituen eskumenetatik haratago joan nahi da, Frantziako estatuarekiko harreman berri bat hauspotuta; hain zuzen, estatus bereziko lurralde elkargo bat osatu eta autonomia estatutu bat ondu.

Prozesu horren barruan egindako inkestaren emaitzei erreparatzea besterik ez dago mugimendu abertzalearen baitan dagoen anbizio horri erreparatzeko. Izan ere, inkesta erantzun zuten gehienen ustez, ez da nahikoa Euskal Hirigune Elkargoak egun duen eskuduntza maila. Ez da nahikoa badirelako erantzun baten beharra duten afera ugari, eta ez nahikoa gaitasun; besteak beste, euskararen, etxebizitzaren, ingurumenaren eta klima aldaketaren, burujabetzaren eta eskubide sozialen alorrean.

Bide horretatik, EH Baik eztabaidari bide emango dion plataforma bat eratzearen alde hitz egin zuen abenduan, koalizioaren biltzar nagusian, epemuga bati begira: 2026ko udal hauteskundeak. Xedea, ordurako urratsak egitea Ipar Euskal Herrirako estatus politiko berri bat finkatzeko bidean, ahalik eta eragile gehienen babespean.

Abertzale guztiek ez dute, ordea, bide orri horrekin bat egiten. EAJ ere eztabaidari heltzeko prest da, baina ez ditu hain argi epe horiek, Peio Etxeleku Ipar Buru Batzarreko presidenteak uste baitu bilakaera instituzional hori ez dela Frantziako Estatuaren agendan egun, eta ez dela egongo datozen bost edo hamar urteetan: «Gehiago eta hobeki egin behar dugu, eta Hegoaldearekin egin behar dugu gehiago, instituzioaren mugak erakusteko».

Nafarroako Parlamentua, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Nafarroako Parlamentua, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Nafarroa

Nafarroaren autogobernua ezbaian jarri duen azken afera trafiko eskumenaren transferentziaren inguruko eztabaida izan da, Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi ostean hura ez dela lurralde hartako eskubide historiko bat. Horri erantzuteko, Foru Hobekuntzaren «erreforma espresari» bide eman dio Nafarroako Gobernuak, baina martxan den legealdian autogobernuaren ingurukoak ez dira horretara mugatuko. Izan ere, Foru Hobekuntzaren haren etorkizunaren inguruko eztabaida jada Nafarroako Parlamentuko alderdien mahai gainean dago. Eta Nafarroa Defendatu agiriaren sinatzaileek —nagusiki, EH Bilduko eta Geroa Baiko hautetsiak— argi utzi dute aurrera begira izan beharreko oinarria: «Autogobernatzeko gaitasuna».

Agiri haren oinarria trafiko eskumena atzera bota izanaren aurka protestatzea izan bazen ere, interpretazioa zabalagoa da, ebazpen hark izan ditzakeen ondorioak direla medio. Batetik, Nafarroaren eskubide historikoen eta autogobernuaren defentsa. Eta horrekin batera, horiek «nafarren borondate politiko demokratikotik kanpoko tresnen menpe egotea» kritikatzea; hau da, Espainiako Estatuko erakundeek Nafarroako autogobernuan duten esku hartzea salatzea.

Alderdi abertzaleen asmoa, baina, ez da inondik inora egungo autogobernuaren defentsara mugatzen, eta Nafarroko Parlamentuan Foru Hobekuntzaren erreformarako Autogobernu lantaldea martxan jarri izana horren erakusle da. PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak adostutako gobernu akordioan hari bide ematea itundu zuten, eta, EH Bilduren babesarekin, martxan da; maiatzerako prest izan beharko lukete ondorioen txosten bat, nahiz eta epemuga luzatzeko aukera duten.

Haren xedeari erreparatzeko lehen urratsa gobernu akordioan dago. Haren arabera, Foru Hobekuntzaren berrikuntza aztertzea da helburua, «egungo esparru konstituzionalaren barruan, XXI. mendeko Nafarroako errealitate sozialera eta herritarren nahietara egokitzeko». Hain zuzen, EAJk eta EH Bilduk Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako iradoki bezala, eta horiek esandakoen bidetik, Nafarroan ere «autogobernu handiago batean» eta «eskubide sozial eta demokratikoetan» sakontzea esan nahi beharko luke horrek.

Ikuspegi abertzaleetatik, gainera, eztabaida horren mugak zabaldu nahi dira. EH Bildurentzat, herritarren borondatea eta erabakitzeko ahalmenaren errespetua hartu behar ditu oinarri, eta helburu gisa ezarri eskubideetan sakontzea. Hala, Laura Aznal koalizioko eledunak ikuspegi subiranista zein soziala txertatzearen beharra azaldu du: «Demokratizazioaren prozesu hau sendotzea ez da soilik agenda subiranistaren eta independentistaren gaia. Uste dugu beste indarrekin eta sektoreekin zerumuga hori partekatu dezakegula, ongizate orokorraren aldeko indarrak batuta».

Bi ildo horiek «inolako mugarik» gabeko eztabaida batean jorratzearen alde egin du Geroa Baik ere. Hala azaldu zuen Pablo Azkonak lantaldearen defentsa egitean: «[Foru Hobekuntza] XXI. mendera egokitzeko eztabaidaren alde gaude. Nafarroak ahalik eta autogobernu handiena izatearen aldekoak gara, eta eskumenen garapen osoa izatea nahi dugu».

Mugak, baina, ezarri dituzte beste batzuek oraingoz: PSNk egin du hori. Ramon Alzorriz sozialisten eledunak zehaztu zuen ez dutela Foru Hobekuntzaren lehen artikulua —Espainiako Konstituzioari leial mantentzea— ukituko, eta euskararen arloan egun martxan den legedia defendatuko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.