Hizkuntza politikaren arloko lankidetza protokoloaren jarraipen batzordeak bilera egin zuen atzo, urtero legez. Bertan parte hartu zuten EAEko, Nafarroako, Galiziako, Kataluniako, Balear uharteetako eta Valentziako gobernuetako ordezkariek. Helburua beren herrialdeetako hizkuntza politiketarako interesgarriak diren hainbat gai jorratzea izan da, baita beren hizkuntzak sustatzeko ekintzak diseinatzea eta koordinatzea ere. Adierazpen bat adostu dute guztien artean, «hizkuntza politika eraginkor baten alde lanean jarraitzeko konpromisoa» azpimarratuz, «akordioa eta hizkuntza bizikidetza» oinarri hartuta.
Gai zehatzagoak lantzeko ere baliatu dute bilera: Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren aplikazioaren hurrengo jarraipen txostena; zinpeko itzultzaileak zuzenean gaitzea eta Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako eta Hizkuntzen Bulegoko Ministeriora itzultzeko eskaerak; Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarea; Hizkuntzaren teknologiak eta Europako beste proiektu batzuk; Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren Arkimedes Sariak; Estatuaren Errealitate Eleanitza Sustatzeko Saria Guadi Galego abeslari galiziarrari ematea, Inmersion lanarengatik, «non Iberiar penintsulako zazpi hizkuntzetan —galiziera, euskara, katalana, aranera, asturiera, portugesa eta gaztelania— abestu duen»; eta 2020rako lan plana.
Ekitaldi berean, Bilboko Adierazpena plazaratu dute, eta gogorarazi dute «eleaniztasunaren, elkarrekiko errespetuaren eta ahultasun handiena duten hizkuntzen aldeko ekintza irmoaren ikuspegia partekatzen» dutela. «Berezko hizkuntzak ditugun gobernu autonomikoek sentsibilitate eta aukera politiko desberdinetatik abiatuta lan egiten dugu, eta errealitate oso desberdinetan jarduten dugu, baina aniztasun horrek ez digu inolako oztoporik jartzen arazoak antzemateko eta konponbiderako propo- samenak elkarrekin egiteko», nabarmendu dute. Gaineratu dute sinesten dutela hizkuntzen eta hiztunen arteko bizikidetzan, elkar ezagutzan eta aitortzan, baita elkar aberastean ere, «demokrazia sakonenaren isla» direlako.
2007tik elkarlanean
Eusko Jaurlaritzak, Kataluniako Generalitateak eta Galiziako Xuntak hizkuntza politikaren arloko lankidetza protokolo orokorra sinatu zuten 2007an. Ondoren batu zitzaien Balear uharteetako Gobernua eta, 2017an, Valentziako Generalitatea eta Nafarroako Gobernua.
Herrialde Katalanak, Hego Euskal Herria eta Galizia, hizkuntza koofizialen alde
Hizkuntza politikaren arloko lankidetza protokoloaren jarraipen batzordeak bilera egin du Bilbon. Idatzia adostu dute, «politika eraginkorren» alde
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu