'Herri libreen martxa'

Herriak zapaltzeagatik 'zigortu' dute Espainia

Jendetza batu da Iruñeko Antoniutti parkean Askapenako kide izateagatik heldu den astean epaituko dituzten bost lagunekiko elkartasunez. Mobilizazioa bukatu ostean, Iruñeko Alde Zaharrean jarraituko dute festarekin.

2015eko urriaren 12a
07:20
Entzun

Espainia epaitu dute. Iruñeko Antoniutti parkean egin dute 'herri epaiketa'. Azken hilabeteetan antzeko ekinbideak egin ditu Euskal Herrian eta atzerrian Herriak Libre dinamikak. Akusazioak entzun ostean, hasiera eman diote mobilizazioari.

Joaldunek ireki dute 'herri libreen martxa'. Horien ostean, munduko hainbat herritako ikurrak daramatzaten gazteak joan dira, eta jarraian auzipetuak beste herritar batzuekin besotik helduta 'herri harresia' irudikatuz. Baluarte eraikinean Espainiako Estatuaren sinboloak jarri dituzte, eta jendeak zapatak bota dizkie.

Bost akusazio egin zaizkio Espainiari. Hala nola, zapalkuntza nazionalaren bidez, Euskal Herria sozialki zapaltzea; Saharako mendebaldearen deskolonizazioan ardurarik ez hartzea; Amerikako berezko hizkuntzen aurka egitea; Repsolek eragindako txikizioa eta NATOn parte hartzea. Espainiako Gobernuaren odezkaritzaren aurrean bukatu dute manifestazioa, eta hantxe irakurri dute azken epaia: "Espainia erruduna da herriak zapaltzeagatik". Epaiketa hasten denean, Espainiako Auzitegi Nazionalera eramango dute Askapenako auzipetuek.

Urriaren 19an, Aritz Ganboa, Walter Wendelin, Gabi Basañez, Unai Vazquez eta David Soto militante internazionalisten aurkako epaiketa hasiko da. Haiek epaitzeaz gainera, Askapena, Askapeña eta Elkar Truke elkarteak legez kanpo utzi edo ez erabakiko dute epaileek.

Azken ekitaldiaren ostean, Herriak Libre dinamikak programazio zabala prestatu du Iruñeko Alde Zaharreko Nabarreria plazan.

Joxerra Senar BERRIAko kazetariak mobilizazioaren berri eman du Twitter bidez.

Hainbat alorretatik elkartasun mezuak

Aurreko astean, gaurko manifestaziora joateko deia zabaldu zuten hainbat alorretako kideek bideo baten bidez. Besteak beste, ‪Amparo Lasheras kazetariak, Iñaki Ortiz de Villalba Betagarriko abeslariak, Unai Gaztelumendi eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek eta Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak egin dute Herri libreen martxa-rako deia.

[Youtube]https://youtu.be/msm1NowgI7U[/Youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.