Udako seriea. Politika herrigintzatik (III): Bizkaia

Herriak behar zuelako

Bertzelako politika ereduak udalek bultzatzen dituzte azkenaldian. Badira, baina, horien alde egiten duten herritarrak ere: Gernikako gazteek Astra eraikina okupatu zuten orain hemeretzi urte, eta komunitateak erabiltzen du egun.

Gernikako Astra eraikina, arma fabrika izandakoa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Gernikako Astra eraikina, arma fabrika izandakoa. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Isabel Jaurena.
Gernika
2024ko irailaren 5a
05:00
Entzun

Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak

 

Gaztetxe bat? Kultur fabrika bat? Zer da Gernikako Astra (Bizkaia)? Anitz dira hemeretzi urtean proiektu hori definitzen ahalegindu direnak, baina gaurdaino ez dago izendapen bateraturik. «Herritarrek bereganatzeko espazio bat» dela diote kideek, eta «bakoitzak bere erara» definitzeko aukera hori dela Astraren ezaugarririk «aberatsena». Okupazioa izan zen leku hori lortzeko lehenbiziko urratsa, baita Gernikako herritarren arteko komunitatea indartu zuena ere. Gerora, eredu publiko, komunitario eta kooperatiboa oinarri izanik, Gernikako Udalarekin ituna sinatzea lortu zuten, eta, egun, «herriko elkarte eta erakunde ugarik baliatzen duten tresna» bilakatu da; «eskola handi bat izan da, eta hala da oraindik ere». 

Unai Olaeta eta Amaia Iruskieta Astrako koordinakundeko kide dira, eta azaldu dute  herritarrek prestatutako «agenda kulturala» eskaintzen dela hilero-hilero gune horretan. Zehatzago mintzatu da Olaeta: «Herriko elkarte eta erakunde ugarik baliatzen dute ekintza, batzar edo bestelakoak egiteko. Ez hori bakarrik, Astrak askotariko inguruetako eta adinetako kideen arteko harremanak ere sustatu ditu urte hauetan guztietan, eta horrek proiektuak eta ideiak garatzeko aukerak sortu ditu».

Gernikako gazte asanbladaren manifestazioa, eraikina okupatu eta bortz egunera. LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKUKO HITZA
Gernikako gazte asanbladaren manifestazioa, eraikina okupatu eta bortz egunera. LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKUKO HITZA

Iruskietak azaldu du eragileak edo banakoak arduratzen direla ekinaldi horiek guztiak aurrera eraman eta kudeatzeaz. «Astrako kideek espazioa, baliabideak, agendaren koordinazioa, guneen erabilpena, barraren kudeaketa eta beste bideratzen ditugu», gehitu du. Finean, gune autogestionatu bat da, eta Iruskietaren irudiko eredu hori da sustatu beharrekoa: «Herri aktibo eta inplikatua, elkarrekin antolatzen dena sortzen diren beharrak asetzeko».

Bada, orain hemeretzi urte horixe egin zuten herriko gazteek: 2005eko abenduaren 24ko 05:00etan Astrako eraikinera sartu ziren hirurogei lagun inguru, eta hura okupatzea erabaki zuten. Izan ere, urte luzez leku bat eskatzen aritu zirela azaldu du Olaetak, eta erabakia hartu zutela jakin zutenean bere garaian arma fabrika izan zen eraikin hura bota eta haren lekuan bertze zerbait eraikiko zutela. «Kultur jarduerak egiteko lekuak falta ziren, nabarmen: gazteok, musika taldeek eta kultur eragileetako kideek lekuak behar genituen», azaldu du. Iruskietak gehitu du leku fisiko bat ez ezik, «espazio irekiago eta parte hartzaileago baten beharra» ere bazela herrian. 

«Kultur jarduerak egiteko lekuak falta ziren, nabarmen: gazteok, musika taldeek eta kultur eragileetako kideek lekuak behar genituen»

UNAI OLAETAAstra koordinakundeko kidea

Leku hura bere egin zuten, eta handik aurrerakoa «zurrunbilo bat» izan zela gogoratu du Iruskietak: mobilizazioak, gorabehera legalak eta diru bilketak tartean. Halere, gogoan du «mugimendu zabal eta askotarikoa» sortu zela, hiru aldarrikapen nagusi hartuta: «Astra eraikin publikoa izatea eta haren ondarea zaintzea; jarduera soziokulturaletarako gune bat izatea; eta Gernikako gazteek eta elkarteen sareak modu parte hartzailean erabaki ahal izatea Astraren etorkizuna». 

Ordea, non kokatzen dira herrigintza ereduaren bertze erpinak? Non egon zen administrazioa? Bada, herritarren jarrera izan zen eredua bera bultzatu zuena. Izan ere, mugimendu hark hainbertze indar izatea lortu zuen, ezen Gernikako Udalak eraikina erostea erabaki baitzuen —2006ko maiatzean Bizkaiko Ogasunak enkante publikora atera zuenean—. «Horrek egoera zeharo aldatu zuen: Astra herriarena zen», nabarmendu du Olaetak. Garai hartan sortu zen koordinakundea, eraikinarekin zer eginen zuten eta etorkizunean nola antolatuko ziren erabakitzeko. 

Inertziak aldatu

Tokiko administrazioak eraikina bereganatu izanak, baina, ez zuen erran nahi handik aurrerakoa erraza izanen zenik. Koordinakundearen eta udalaren artean «negoziazio luzea» izan zutela erran du Olaetak: «Espazioak herritarren esku uztea ez da izan ohiko jarduna administrazioarentzat, baina udal agintariek bazekiten Astrak herriaren babesa zuela, eta hori ezinbestekoa izan zen bidea egiteko». Azkenean, itun bat sinatu zuten 2008ko uztailean. 

«Espazioak herritarren esku uztea ez da izan ohiko jarduna administrazioarentzat, baina udal agintariek bazekiten Astrak herriaren babesa zuela, eta hori ezinbestekoa izan zen bidea egiteko»

UNAI OLAETAAstra koordinadorako kidea

Aurrerantzean nola funtzionatuko zuten ere erabaki zuten ordu hartan: koordinakundeak hartuko zituen Astraren gaineko erabakiak, asanblada ireki baten bidez. Horrez gain, «organo partekatu» bat ere eratu zen, Iruskietak azaldu duenez: «Astra batzordea eratu zen, Astrako eta udaletxeko talde politikoen ordezkariez osatua, informazioa trukatzeko eta sortu zitezkeen gaiak aztertu eta bideratzeko».

Batzordeak egindako azkeneko bilkuretan, erraterako, eraikinak behar dituen «egiturazko mantentze eta konpontze lanak» aztertu dituzte, Iruskietak azaldu duenez. Izan ere, hemeretzi urteren ondoren, eraikina «txiki» gelditu zaie, eta ezinbertzekoa zaie bigarren solairuan egokitze lanak egitea. Hori kudeatzen dabiltza udalarekin: «Bigarren solairua herritarrentzat erabilgarri egon dadin, modu egokian».

Udalak ez ezik, komunitateak berak ere birpentsatu egin behar izan zituen ordura arteko egiteko moduak. Izan ere, Olaetak erran duenez, hasiera-hasieratik argi zuten «tresna burujabe bat» zela hura, eta, horretarako «herritarren parte hartzea eta transmisioa» ezinbertzekoa izanen zirela. Horrekin lotu du, hain zuzen ere, proiektuaren erronka nagusietako bat: «Prozesu berriak eta jende berria behar dira, daudenei lekukoa hartu eta desberdinen artean bidea egiten jarraitzeko». 

Alde horretatik, «belaunaldi erreleboan sakontzeko beharra» ikusten du Iruskietak: «Gernikako gazteak martxan daude, beren beharrizanak asetzeko antolatzen, eta horren eraginez, askotan, ezin diete erantzun Astrako proiektuak dakartzan ardura eta konpromiso handiei». Olaetak uste du hor dela erronkaren muina: «Askotariko eragileetan parte hartzen dutenek, beren jardunak dakarren militantziari ez ezik, Astrak eskatzen duen lanari ere erantzun ahal izatea». 

«Gernikako gazteak martxan daude, beren beharrizanak asetzeko antolatzen, eta horren eraginez, askotan, ezin diete erantzun Astrako proiektuak dakartzan ardura eta konpromiso handiei»

AMAIA IRUSKIETAAstra koordinakundeko kidea

Azaldu du egun badirela Astran dabiltzan belaunaldi berriak, baina «kudeaketan eta kidetzan hutsuneak nabari» direla. Zehaztapen bat egin du Iruskietak: «Horregatik, asanbladan erabaki zen Astrak antolakuntza ahalik eta arinena izatea, eraikinaren kudeaketak ez dezan lapurtu norbanakoen eta eragileen indar guztia. Energia hori bakoitzaren ekinaldi eta borroketara bideratu dezaten». 

Diru sarrerak

Udalak baliabide nagusia jarri zuen, eraikina; komunitatea arduratzen da kudeaketaz; non dago, baina, hirugarren erpina? Non daude eragile ekonomikoak? Bada, Astraren kasuan, ez dago proiektua finantzatzeaz arduratzen den kooperatiba edo elkarterik: autogestioa da nagusi, proiektuak ez du diru etekinik ateratzeko asmorik. 

«Behar diren materialak, baliabide teknikoak eta altzariak autogestioan lortzen ditugu, herritarren ekarpenei esker, edo eskuratzen ditugun diru sarreren bidez», azaldu du Iruskietak. Diru sarrera horietako gehienak «Astraren lagunek» hilero egiten dituzten ekarpenetatik jasotzen dituzte, barratik edo txosnetatik. «Horiei esker, egunerokoan, Astrak behar dituen baliabideak ditu, eta eraikina zabalik eduki daiteke ditugun bi langileei esker», gehitu du Olaetak.

Autogestioaren bide horretatik proiektuaren gastuen %80 bere gain hartzen dute, eta gainerakoa udalak ordaintzen du —ura, argia eta berogailua, erraterako—. Proiektuaren parte handi bat «autofinantzaketan» oinarritze hori aski garrantzitsua zaiela dio Olaetak, hori ezinbertzekoa delako «proiektua jasangarria izateko eta burujabeak izateko». «Proiektua posible bada, jendearen gogoari, ekarpenari eta babesari esker da», zehaztu du Iruskietak.

Zehazki, hori da herrigintza proiektu horren muina: herritarrei proiektuaren parte direla erakustea, eta hori komunikatzen jakitea, noski. Hala baieztatu du Iruskietak: «Modu bat izan da proiektuarekiko hurbiltasuna garatzeko. Baina esaten dugunak egiten dugunarekin koherentzian egon behar du, eta Astrara etorri den edonork badaki denon espazioa dela». Leloak ere ideia horrekin bat egiten duela gehitu du Olaetak: «Hasieratik argi egon da Astran ez direla zuek eta gu bereizten. Hortik dator Zu barik eztau leloa».

Proiektuan parte hartzeko dauden moduez galdetuta, «bide asko» dagoela argitu du Iruskietak: kontzertu batera joatea, auzolanetan parte hartzea, kudeaketa bileretan egotea, mahai bateko edalontziak biltzea, sare sozialetan Astrari buruzko argitalpenak zabaltzea eta proiektua babestea. «Konpromiso mailak daude: horietako batzuek denbora eta ardura handiak eskatzen dituzte, eta beste batzuek ez horrenbeste, baina horregatik ez diote uzten garrantzitsu izateari. Horien arteko oreka ezinbestekoa da», borobildu du Olaetak.

«Erronka handiak ditugu aurrean, eta bidea argi dugu: guztion artean, elkarlanean, autogestioz, sareak sortuz eta elkar zainduz jardun behar dugu»

AMAIA IRUSKIETAAstra koordinakundeko kidea

Finean, argi dute gune hori «ikasteko, egoteko, elkar ezagutzeko eta ekinaldiak antolatzeko» dela, eta hemeretzi urtean ikasitako eta ikusitako guztiak balio izan diela herriak zituen beharrei erantzuteko. «Uste dugu hasierako ilusio eta lan egiteko gogo horrek irauten duela. Erronka handiak ditugu aurrean, eta bidea argi dugu: guztion artean, elkarlanean, autogestioz, sareak sortuz eta elkar zainduz jardun behar dugu», borobildu du Iruskietak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.