EAJko Ipar Buru Batzarreko presidentea

Pantxoa Bimboire: «Herriak anitz gauza egiten ahal ditu; hori badugu Iparraldean»

Ekonomia eta politika ezkondu behar direla uste du Bimboirek. Ipar Euskal Herria eraikitzearen alde egin du, abertzaleen arteko adostasunak lortuz.

Pantxoa Bimboire, Ipar Buru Batzarreko lehendakaria. PATXI BELTZAIZ
Pantxoa Bimboire, Ipar Buru Batzarreko lehendakaria. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2025eko urtarrilaren 28a
05:00
Entzun

Azaro bukaeran izendatu zuten Pantxoa Bimboire (Paris, 1950) EAJren Ipar Buru Batzarreko presidente, Peio Etxelekuren segida hartzeko. Ezkerreko abertzaletasunean egin du orain arte bidea, Abertzaleen Batasunean eta EH Bain, «oinarriko militante» modura; «elektroi libre» gisa definitu du bere burua. Ekonomia liberalaren aldeko iritziak agertu izan ditu urteetan Enbata aldizkarian, eta kritika bat baino gehiago agertu izan du EH Bairen azken urteetako norabideei buruz. «Biltzar nagusietan erraten nuen domaia zela ekonomia ez baikenuen sartzen, lana garrantzitsua zela». Azken urteetan urratsa egin du EAJra hurbiltzeko; arduradun nagusia izanen da orain. Behin baino gehiagotan egin die izkin galderei, gaia barne prozesuan erabaki behar dituzten ponentzietan adostuko dutela erranez.

Zer dira zure helburuak ardura harturik?

Ez dut iraultzarik eginen EAJn. Euskadi Buru Batzarraren berritze prozesuan bost urteko ponentziak onartuko ditugu, eta orain ari gara aztertzen. Ildo horretatik segituko ditugu. Ipar Euskal Herrian ondoko asteetan definituko dugu estrategia horren araberako plangintza. Lana sortzea eta garatzea izanen da puntu inportanteena niretzat, betiere lurraren eta etxebizitzaren errespetuan.

EAJko kideak eta hautetsiak emendatu dira azken urteetan Ipar Euskal Herrian, baina alderdi txikia da oraindik ere. Zer aukera ikusten duzu indartzen segitzeko?

Gai hori izanen da aztertuko ditugunetako bat preseski; ikusiko dugu nola eginen dugun. Indar berezi bat bada gazteen mailan, eta baditugu alderdikide motibatuak.

Enpresa mundutik heldu zara, Etxeleku ere bai. Ipar Euskal Herriko enpresen alderdia da EAJ?

Ez da enpresen mugimendua. Iparraldean eta Frantzian ere, enpresariak eta enpresak ez dira sartzen gobernantzan. Peio Etxelekuk eta nik eta anitz jendek EAJn pentsatzen dugu ez dela bidea. Behar ditugu ezkondu ekonomia eta politika. 

EBBren berritzean, Ortuzarrek segitzea nahi zenuke?

Ez naiz sartuko gai horretan.

Zergatik?

Sobera berriki ezagutzen dut Andoni Ortuzar. Badu zortzi edo hamar aste astelehenetako EBBren biltzarretara joaten naizela. Egia errateko, atzematen dut baduela elegantzia eta dohaina. Besteak ez ditut ezagutzen. Nola nahi duzu hauta dezadan? 

Nola ikusten duzu zure lekua EBBn azken asteetan?

Behar da lehenik konprenitu zer den: badira EBB eta gobernua, badira foru aldundiak, badira herriak, eta bakoitzak badu bere jokoa egiteko. Aurrekontuak badituzte: 17 miliar Jaurlaritzarentzat, 3 miliar foru aldundientzat; konpetentziak ere badituzte; eta badira joko politikoak, alderdiekin, sindikatuekin. Haste-hastetik sartzen zarelarik mundu horretan, galdua zara. Baina belarriak handitzen ditut, zenbaitetan ohar batzuk egiten ditut xumeki, baina oraingoz ene rola entzutekoa da mintzatzekoa baino. 

Leku gehiago beharko luke Ipar Euskal Herriak EBBn?

Ez, badu aski leku. Gu kukuso bat gara elefante baten aitzinean. Orain, Euskal Elkargoarekin badugu den mendreneko zerbait lehen ez genuena. Baina han jorratzen dute gutxieneko lansaria, migranteek Euskadin lan egiteko baimena, ikus-entzunezkoak, itsas salbamendua... Gai horiek gure gainetik pasatzen dira; Parisen erabakitzen dituzte. Txiki eta umil gara, baina zerbait egiten ahal dugu haiekin, eta ohore bat da han izatea. Eta gure tokia badugu, bai. Badugu euskara, badugu ekonomia, eta iniziatibak baditugu Iparraldean haiek ez dituztenak: Lurzaindia, Euskal Moneta... Hegoaldean Jaurlaritzari azpitratatu diote iniziatibaren kapazitate guzia. Herriak anitz gauza egiten ahal ditu; guk badugu hori Iparraldean. 

Ezegonkortasun politikoa ezarri da Frantzian. Zer begirada duzu horri buruz?

Frantzian ez da esperantzarik. Ez Macronengatik, Frantziagatik baizik. Lau partetan zatitua da, eta ezkerreko eta eskuineko ultrek dute gehiengoa. Hori frantziarrek deliberatu dute. Ulertu behar dut ez dela eraikitzen herri bat ultrekin. Zer pasatuko da Bayrou kanporatzen bada? Beste bat izendatuko dute, eta iraunen du hilabete batzuk. Baina Frantziako zorrak berdin segituko du. Egoera dramatikoa da, eta ez da aitzinatuko. 

Bayrou lehen ministroari aukera uztea hobetsi du EAJk. Zer espero duzu gobernu honetatik?

Ez dut esperantzarik, Frantzian ez baita gehiengorik, frantziarrek ez baitute gehiengorik atzeman. Segi beza, eta ikusiko dugu nora doan. Zorra 150 miliar euroz emendatzen da urte guziz, eta zorraren interesak 50 miliar dira. Nola nahi duzu zerbait egitea berrikuntzari buruz, osasuna, polizia, hezkuntza, justizia... Eta desastre horretan, batzuek nahi dute gutxiago lan egin —Frantzia da Europa guzian lan gutxien egiten den herrialdea—, dirua falta da anitz sektoretan... Eta frantziarrek hori ez dute ulertu. Nahiago dut eraiki Iparraldea, herriak, lurraldea, konpetentziak, ideiak trukatzea, ideia komun bat ukaitea abertzaleen artean... Horiek dira nire esperantzak, eta horretan pasatu nahi dut denbora. 

Instituzioaren bilakaera mahai gainean da berriz, Batera plataforma suspertzen ari da. Nola kokatzen da EAJ?

Partaide gara, eta elkarrekin lan egin behar dugu etorkizunari buruz. Ditugun konpententziak behar dira segurtatu, behar dira azkartu. Lurraldearen zorrak berriz pentsatu behar dira, eta barnealdea eta kostaldea berriz orekatu. Behar dugu frogatu ongi ari garela. Horrela lortuko ditugu konpetentzia gehiago. 

EH Baik autonomia proposamena eman du mahai gainean. Zuek?

Hori aipatuko dugu Ipar Euskal Herriko ponentzia adostean. Ados eman behar gara, eta ikusi zer den premiatsuena. 

Lurra eta etxebizitza arazo bilakatu dira Ipar Euskal Herrian. Zer da lehentasuna, zure iritziz?

Konbentzituak gara lurra behar dela atxiki laborariendako. Lurra ez da saldu behar. Uste dut behar dela murriztu kanpotik Euskal Herrira heldu den jende kopurua. Horretarako; lur zerga emendatzearen alde naiz; Airbnb-ren kontrako neurriaren alde naiz. Horiek Alda-k negoziatu ditu, eta ontzat ematen ditut. Behar da ikusi zer den on Euskal Herriarentzat. Etxebizitzaren sektorea behar da berriz pentsatu eta hobetu.

Euskarari buruzko kezka agertu dute euskalgintzako eragileek. Zer neurri hartu beharko lirateke?

Lortu behar dugu gero eta jende gehiago mintza dadin euskaraz. Alderdikide guziek indarra egin behar lukete euskarari buruz. Behar da hizkuntza politikako plangintza orokor bat, eta guk hori babestuko dugu, baina adituen esku uzten dut. Horrez gain, bakoitzak bere esku direnak egin behar ditu, bai herritarrek eta bai enpresek ere.

«Berriki Ahetzen EH Baik irabazi du; nik erraten dut on dela, EH Bai abertzalea baita»

AHTren proiektua ere berriz mahai gainean ezarri dute azken hilabeteetan. Kontrako iritzia agertu izan duzu. Zer deritzozu?

Gai hori ez dut aipatuko. Utziko dut gure arteko solasetarako. 

2026an herriko hauteskundeak izanen dira. Zer helburu duzue alderdi gisa?

Hautagaiak eta programak zehaztu behar ditugu, eta gutxienez lehen itzulirako lehian aurkeztu. Bigarren itzulirako ikusiko dugu zer akordio lortzen ahal dugun. Berriki Ahetzen EH Baik irabazi du; nik erraten dut on dela, EH Bai abertzalea baita. Herri baten kudeaketan hautsi-mautsiak egin behar dira, eta hori da Iparraldean egiten ez duguna. Ildo horretatik, herriko etxeak lortu behar ditugu. Espero dut koalizio batzuk izanen direla, EAJ, EH Bai, eta fede oneko jendeen artean herriak kudeatzeko. 

Elkargoaren gobernantza ere erabakiko da boz horietan. Etxegaraik lehendakari segitzea nahi zenuke?

Gauzak mugikorrak dira. Ez dakigu Etxegaraik segituko duen, ez dakigu [Alain] Iriart zertan den, Etxeleku izendatua izanen den Kanbon... baldintza gehiegi badira geroa marrazten hasteko. 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.