Rafa Diez aske. Harrera Lasarte-Orian

«Herria gertu» sentitu du

Ehunka lagunek egin diote harrera Rafa Diezi Lasarte-Orian. Preso eta iheslariak, haien senideak eta preso zela agurtu ahal izan ez zituenak izan ditu gogoan.

Senideek lagunduta iritsi zen Lasarte-Oriako Okendo plazara Rafa Diez, atzo. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena
Lasarte-Oria
2017ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Harrera hunkigarria izan du Rafa Diez Usabiagak bere jaioterrian, Lasarte-Orian (Gipuzkoa). Hurbila, azalean sentitzeko modukoa. El Dueso (Santoña, Espainia) espetxean sei urte eta erdiko zigorra osorik bete ondoren, Okendo plaza goraino betea zela heldu da LABeko idazkari nagusi ohia, jendetzak libre utzitako bidetik. Ikurrinak, preso eta iheslarien banderak eta LABekoak, herritarren esku artean. Besarkadaz besarkada, senideek lagunduta egin du oholtzarako bidea Bateragune auziko azken presoak, eta gainerako kideak gogoan zituela hasi du hitzaldia. Aipamen berezia egin nahi izan dio senideen «sostengu lanari» ere, eta haien eta beste hainbat herritarren laguntzaz, preso izan duten urteotan hormak leundu eta distantziak laburtu izana eskertu du: «Herria gertu nabaritu dut».

Hurbiltasun hori bertatik bertara sentitu ahal izan zuen atzo Diezek, eta nabari zen bera ere gertukoa dutela herritarrek. Ekitaldia hasteko ia ordubete falta zela, dena prest zuten Lasarteko plazan. 19:30 pasatxoan heldu, ehunka lagunek egin diote harrera, Euskal presoak etxera oihu artean. Senide eta lagunez gain, jende artean ziren, besteak beste, EH Bilduko diputatu Marian Beitialarrangoitia eta LABeko idazkari nagusi GarbiñeAranburu.

Familiak inguratuta igo da oholtzara Diez, kartzelatik irtetean egin bezala, bi ukabilak gora jasota. «Ongi etorri plazara», kantatu dio Alaia Martinek, bertsotan: «... gure herri esklaboa; askatasunera doa; zaila izango da, badakit baina, zurekin errazagoa». Herriko zortzi gaztek eman diote segida ekitaldiari, aurreskua dantzatuz. Diezi, eta haren senideei. Bi lore sorta eman dizkiete amaieran, eta Diezen amak heldu du horietako bat, oholtza erdian eserita zegoela.

Aurkezleak azaldu du keinua. «Pozik eta esker oneko» zeudela esan du: «Pozik, preso bat irten delako». Eta esker oneko, besteak beste, Diezen senideekin, urteotan guztiotan haren sostengu izan direlako. «Josunek, Maitanek, Naikek eta Doloresek ez dute gehiago kristal atzetik bisita gehiago egin beharko, ez dute bidaia gehiago egin beharko».

Lasarteko ezker abertzaleko kide Liher Unanuek hartu du hitza gero, euskal preso eta iheslarien egoera gogora ekartzeko. Sakabanaketa politika EAJk eta PSOEk «diseinatu» zutela kritikatu du: «EPPK eta ezker abertzalea hautsi nahi zituzten. Ez dute lortu». Izan ere, azken urteotan herrian bultzatutako ekinbideetan Diezek ere parte hartu duela nabarmendu du, semearen eta emaztearen laguntzarekin: «Kartzelako hitzak ekarri dizkiguzue, eta geureak hara eraman».

Pikoketa, El Dueso, Lasarte

Diezek bezala, Lasarteko gainerako euskal presoak ere aipatu ditu ezker abertzaleko kideak: Aitzol Iriondo, Pello Eskisabel, Santi Arrospide, Javi Gallaga eta Ibon Fernandez Iradi. «Besarkada iraultzaile bat, hemendik, zuentzat. Maite zaituztegu».

«Egun oso bereziak izan dira», hasi da Diez ondoren. Lau urtez El Dueson kide izan duen Imanol Vicente presoa eta Kepa del Hoyo —uztailaren 31n zendu zen, Badajozeko (Espainia) kartzelan— aipatu ditu aurrena. «Kepa, ez zekiat non egongo haizen, baina jakin Euskal Herriak ondo zainduko dituela Maite eta Peru, eta hire ametsak ere bai». PPren gobernuak, interes politikoengtik, euskal presoak «bahituta» dituela salatu du LABeko idazkari nagusi ohiak, eta oraindik egiteke dagoela «bake prozesu osoa».

Preso zegoen denboran agurtu ahal izan ez zituenak aipatzeko ere baliatu du Lasarteko plaza betea Diezek: «Iñaki Usabiaga, lehengusua. Gaixo egon arren, bisitan etortzen zen beti, animoak ematera. Ezin izan nuen agurtu». Marcelo Usabiaga ere izan du gogoan: «Aitonaren lehengusua. 21 urte espetxe frankistetan. Komunista. Haren anaia, Bernardo Usabiaga, faxistek hil zuten Pikoketan [Oiartzunen, 1936an, fusilatuta]. Marcelok esan zidan, irtetean, batera joan behar genuela Pikoketara. Ezin izango dugu harekin joan [2015ean hil zen]».

Ekitaldia amaituta, Xirimiri elkarteko argazkia kentzera joan zen Diez, senide eta gertukoak ondoan zituela. Aurrez, ordea, mezu bat utzi zuen Lasarteko plaza betean: «anbizio falta» sumatu duela, baina «autonomismotik burujabetzara» igarotzeko prozesuari ekin beharra dagoela, besteak beste, preso eta iheslariak etxeratzeko. Diez: «Euskal Herrian badago indarra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.