LGTBI

Herria ere bizigarri

Ehgam Gorbeialdea+ taldea sortu dute Gorbeialdean. Hiru aldarrikapen nagusi dituzte: familia eredu askotarikoak aldarrikatzea, herri bizigarriak egitea eta kolektiboarentzako elkarguneak sortzea.

Urduñan zine foruma egin zuten herriko talde feministarekin batera. EHGAM GORBEIALDEA +.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2022ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Herria ere bada LGTBIQ+ borrokaren kokaleku, eta herria ere bada kolektiboaren eskubideak borrokatzeko eremua. Eta, hain zuzen, horretarako elkartu dira, eta horretarako sortu berri dute Arabako Gorbeialdea eskualdean Ehgamen talde berria: Ehgam Gorbeialdea+ du izena, eta hiru helburu nagusi ditu: familia askotarikoak aldarrikatzea, herri bizigarriak sortzea eta LGTIQ+ kolektiboarentzako elkargune bat sortzea eskualdean.

Egunotan ari dira lehen ekintzak egiten, eta larunbatean, ekainaren 2an bukatuko dute aurkezpen zikloa Zuian eginen duten taldearen aurkezpenarekin. Taldearen aurkezpen ofiziala eginen dute bertan, eta baita sexu askapeneko jaia ere. Horren aitzinetik, ordea, emanaldiak, hitzaldiak eta tailerrak egin dituzte Gorbeialdeko hainbat txokotan bere lana ezagutarazteko eta plazaratzeko asmoz. Yogurina Borovaren emanaldia izan zuten Izarran; Amatasun bibolloak eta aitatasun desira gizon ez-heterosexualetan hitzaldia Urduñan, eta zine foruma Urduñan bertako talde feministarekin batera antolatua. Hori ere badute helburu, bertze elkarteekin aliantzak sortzea, eta batez ere talde feministekin lan egitea. Horretarako, eskualdeko herri mugimenduarekin harremanetan daude, beren burua ezagutarazi eta etorkizuneko aliantzak eta elkarlana sortzeko.

Egun bederatzi-hamar pertsonek osatzen dute Ehgam Gorbeialdea+ taldea. Halaxe azaldu du Joseba Gabilondo Marques taldeko kideak: «LGTBI kolektiboan titularrak diren letra horien guztien ordezkaritza dugu, eta aniztasuna badu taldeak». Egungo taldekideez gain, ordea, pertsona gehiago batzea ezarri du helburutzat: «Gorbeialdeko sexu disidenteen artikulatze bat egin nahi dugu, eta, noski, jendea taldera batzea nahi dugu».

Ehgamek egindako barne jardunaldi batzuetatik sortu zen orain taldea izango denaren ernamuina. Familia askotarikoei buruzko tailer bat egin zuen elkarteak Izarran, eta orduan elkartu ziren gerora taldea osatuko zutenak. Hiru helburu ezarri dituzte hasieratik: «Familia askotarikoen imajinarioa zabaldu nahiko genuke. Amatasun bibolloen ingurukoa, bikotetik harago haurrak tribuan heztea, beste gurasotasun eredu batzuk lantzea...». Eskualdean bizi diren disidente sexualen beharrei erantzutea da taldearen bigarren helburua: «Hemen dauden problematikak aztertu, eta herriak bizigarriak izatea eta kontzientziazio lan bat egitea», nabarmendu du taldeko kideak. Eta hirugarrena «elkartze toki bat» sortzea: «Politika egiteko, aisialdirako, edo dena delakorako lekua izatea».

Garrantzitsutzat jo du Gabilondo Marquesek aisialdi eremu berrieta seguruak sortzea; izan ere, iruditzen zaio gizarte «zishetero» batean egonda aisialdia ere modu horretan eratzen dela: «Asko eredu horretan kanpoan gera gaitezke, eta deserososentitu. Badago beharra beste klabe batean espazio batzuksortzeko, eta ez guretzako bakarrik, baita denok seguru egoteko ere».

Arabako landa eremuan dago Gorbeialdea, eta ez da kasualitate bertan sortu izana taldea. Orain artean askotan kontzentratu izan dira LGTBI borrokaren aldeko elkarteak hirietan, hein batean kolektiboko kide asko ere hirira joaten zirelako herritik. Orain, ordea, landa eremuan «loraldi» moduko batean daudela uste du Gabilondo Marquesek: «Mendialdean eta Airaraldean ere ari dira taldeak sortzen, eta badirudi badagoela horrelako loraldi bat hirietatik kanpo. Horrek zer edo zer esan nahi duela uste dut». Gainera, nabarmendu du herrietan gero eta gazte gehiagok bizi dutela beren sexualitatea «askatasunez» eta hori aurrerapausoa dela.

Denen borroka

Gorbeialdeko taldeak presentzia izango du gaur Gasteizen eginen duten harrotasunaren eguneko manifestazioan. Arabako landa eremuko bertze talde batzuetako kideekin batera, manifestazioan bloke berezi bat osatuko dute landa eremuko kideek. Gabilondo Marquesek bertan parte hartzearen garrantzia nabarmendu du: «Nondik gatozen gogorarazteko egun garrantzitsua da, gogoratzeko gaurko eguna matxinada batetik etorri zela, eta erakusteko hemen gaudela». Horregatik, iruditzen zaio gaurkoa bezalako egun batean karrikaraez litzatekeela LGTIBIQ kolektiboa bakarrik atera beharko, gizarte osoa baizik: «Sexu askapena ez da soilik LGTBI pertsonen borroka, generoak denok zapaltzen gaituelako».

Gaur karrikak hartu ondotik, larunbatean aurkeztuko dute taldea ofizialki, Zuian. Eta orduan hasiko da benetako egitekoa, Gorbeialdeko LGTIB mugimenduarentzat herri bizigarriak egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.