Usansolo Herria taldeko zinegotzia

Iñaki Urgoiti: «Herria bagara; orain, udalerria eraiki behar da»

Iñaki Urgoiti
Iñaki Urgoiti Usansolo Herria taldeko zinegotzia. IÑAKI URGOITI
Isabel Jaurena.
2023ko abenduaren 28a
15:40
Entzun

Iritsi da. Urte askoko borrokaren ondoren, Bizkaiak 113 herri ditu: Usansolo da zerrendara batu den azkena. Nabaria da zirrara herrian, poz eta algara ohituak nonahi entzuten ahal baitira. Iñaki Urgoiti (Usansolo, Bizkaia, 1968) Usansolo Herria taldeko zinegotzietako bat da, Galdakaoko Udalean, eta herrian barrena musika eta ospakizunak nagusi direla dio. «Pozez» hartu du albistea, eta gogotsu eginen die aurre datozen erronkei.

Urte anitz daramatzazue Usansolo herri bilakatzeko helburuarekin; nolakoa izan da prozesua?

Duela 30 urte inguru hasi zen prozesua, eta oso-oso luzea izan da. Desilusioak, ilusioak eta gainerakoak izan ditugu urte horietan. Baina argi gelditu dena da helburua lehenago ez lortu izana borondate falta besterik ez dela izan. Izan ere, guztia aldatu zen Galdakaoko Udala kolorez aldatu zenean: Usansolo Herria, EH Bildu, Podemos eta Auzoak alderdiak sartu ziren gobernu taldearen barruan, eta orduan hasi zen gai honen inguruan hitz egiten.

Azken lau urteotan, beraz, Galdakaoko Udala bidelagun izan duzue. Eta hemendik aurrera?

Asko eskertu dugu azkeneko urte hauetan udalak izan duen inplikazioa. Batez ere, herriko alkatearena, Iñigo Hernandorena. Bere hitza bete du, eta oso eskertuta gaude. Ni udalean nago, Usansolo Herria taldeko zinegotzi gisa, eta han jarraituko dut. Apur bat arraroa da Usansoloko Herriaren ordezkaria izatea eta Galdakaon egotea, baina bi aldeen artean harremanak eta adostasunak lortzea izango da nire lana. Galdakaoko Udalari eta Usansoloko kudeaketa batzordeari lagunduko diet.

«Helburua lehenago ez lortu izana borondate falta besterik ez da izan. Guztia aldatu zen Galdakaoko Udala kolorez aldatu zenean».

Ibilbide horretan, zailtasun andana ere izan dituzue. Zein nabarmenduko zenuke?

2011. urtean sortu zen Usansolo Herria plataforma, desanexio prozesua Galdakaoko Udalaren barrutik jarraitu ahal izateko. Handik urtebetera, Bizkaiko Batzar Nagusietan arau bat onartu zuten, esanez Bizkaian ezin zela desanexiorik egin. Hori oso kolpe gogorra izan zen guretzat. Baina aurrera egin genuen: erreferendum bat antolatu, eta, azkenean, lortu genuen arau hura aldatzea.

Oztopoak oztopo, lortu duzue. Nolako giroa dago gaur herrian?

Goizetik ospakizun eguna da; herrian barrena musikarekin gaude. Arratsaldean, auto karabana bat egingo dugu, eta ekintza politiko txiki bat ere bai. Horrez gain, urtero abenduaren 30ean kanpaikadak antolatzen ditugu, eta aurtengoa berezia izango da, beste ospakizun bat egongo delako. Aurrerago ospakizun handi bat ere egingo dugu, baina oraindik zehazteko daukagu.

Ospakizunen ondoren, martxan jarri beharko duzue. Zein dira hurrengo urratsak?

Bizkaiko Foru Aldundiaren, Galdakaoko Udalaren eta Usansoloko kudeaketa batzordearen artean adostu beharko dute aldaketa: zerbitzuen eskualdatzea, proiektuena... Herria bagara; orain, udalerria eraiki behar da.

Erronkari heltzeko prest zaudete?

Gogo handia dugu. Badakigu ez dela izango erronka txikia, baina jendea gogotsu dabil. Argi izan behar duguna zera da: erronka honi ez diogu aurre egingo lau edo bost hilabetez; astiro-astiro egin beharko da, presarik gabe eta adostasunez. Beharbada, proiektuen edo kontratuen epeak luzatu beharko dira, eta hori onartu beharko dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.