Politika

«Herria askatu, eraldatu, eraiki behar dugu; fase horretan sartu behar gara»

Milaka lagun elkartu ditu EH Bilduk Bilbon, aspaldian ez bezalako manifestazio batean. Aurreikuspenak gaindituta, indar erakustaldia egin du, eta Autonomia kalea bete du. Euskal Herritik 70 autobus iritsi dira. Independentismoa indartsu dagoela esan du Pereak, eta Otegi presoei eta senideei zuzendu zaie amaieran. «Poliki goaz, urruti goazelako», esan du.

jarraia206198.jpg
Maite Asensio Lozano.
2021eko azaroaren 20a
17:37
Entzun

Aspaldian ez bezalako manifestazioa egin du ezker independentistak Bilbon, EH Bilduk deituta. «Mugarri bat» jarri nahi izan du mobilizazio horrekin, Euskal Herriaren independentzia, justizia, feminismoa, ekologismoa, antifaxismoa, euskara eta bakea aldarrikatzeko, eta indar erakustaldia agerikoa izan da. Maite Asensio Lozano BERRIAko kazetaria manifestazioaren berri ematen ari da zuzenean.

Amaiera ekitaldian Arnaldo Otegik hartu du hitza, eta eskerrak eman ditu: «Beti hor zaudetelako». «Euskal nazioari» mintzatu zaio: «Mirari bat da herri hau bizirik egotea, mendeetan zehar herri hau desagerrarazteko estrategia bat egon baita». Baina erresistitu baino gehiago egitera deitu du: «Herrien egoera naturala ez da erresistentzia, baizik eta askatasuna. Herria askatu, eraldatu, eraiki behar dugu; fase horretan sartu behar gara».

Herria martxan jartzeko dei irmoa egin du Otegik: «Herri mugimenduetatik, sindikatuetatik, alderdietatik, banakoetatik bloke historiko bat artikulatu behar dugu, nazio feminista, sozialista, burujabe, ekologista eta parekidea sortzeko». Eta, presoei eta senideei zuzenduz, «konfiantza, itxaropena, ilusioa eta baikortasuna» izan ditu ahotan: «Poliki goaz, urruti goazelako».

Otegiren aurretik, Garazi Pereak nabarmendu du independentismoa indartsu dagoela: «Batzuk izututa daude EH Bildu instituzioetan dagoelako. Badakite alternatiba bakarra garela. Gure etorkizunaz erabaki nahi dugu, euskaraz bizi eta presoak ekarri». Ekologismoa eta feminismoa ere aldarrikatu du Pereak, eta «politika aurrerakoi eta eraldatzaileak». «Jendearen bizitza hobetzeko politikak egiten ari gara. Ezkerreko subiranismoa gora doa estaturik gabeko nazioetan, eta gu ere olatu horretan goaz», esan du.

'Txoria txori' eta 'Sarri, Sarri'

EH Bilduren ehunka hautetsi eta militante izan dira manifestazioan, ikurrinak eta Nafarroako banderak eskuetan. Independentziaren aldeko oihu artean hasi da, 17:30ak pasata. Txoria txori-ren doinuan eta txalo artean iritsi dira EH Bilduko agintari nagusiak eta mobilizazioaren sustatzaileak. Euskal presoen aldeko oihuak ere entzun dira, eta txaranga batek Sarri, Sarri abestiaren erritmora girotu du manifestazioa ibilbidean.

Martxa hastear zela, pandemiarekin lotutako segurtasun neurriak ekarri dituzte gogora. Autonomia kalea betetzera deitu baitu EH Bilduk, Santi Brouard eta Iosu Muguruza Herri Batasuneko kideen hilketen urteurrenean. Otegik gogoan izan ditu, eta, Santi Brouard eta Josu Muguruza gogora ekarrita, «euskal nazioa suntsitu nahi zuen estatuari» mezu bat igorri dio Otegik: «Hemen gaude. Lurralde auzia politikaren erdigunean dago. Euskal nazioarekiko errespetua exijitzen dugu: autodeterminazio eskubidea nahi dugu».

«Data ez da alferrik hautatua», esan zuen Arnaldo Otegi idazkari nagusiak deialdia egin zutenean. Urrian egin zuen EH Bilduk deialdia, eta orduan argudiatu zuen izurrian bizi izandako hilabeteen iluna atzean utzi nahi zutela, eta horiek utzitako «zauri emozionalak» atzean uzten hasteko eguna izatea ere nahi dutela: «Berriro elkartzeko eguna».

«Euskal Herria nazio bat da, eta errespetatua izan behar du», gaineratu zuen Otegik. Bide horretan beste «agertoki batera» heltzeko bidea landu behar dela adierazi zuen, haren ustez ezkerrekoak eta independentistak diren eragileak batzea ezinbestekoa baita horretarako. «Euskal Herriaren gehiengoaren nahiak egikaritzeko konpromisoa hartzen dugu, eta azaroaren 20an Bilbon beste fase bat irekitzera goaz», esan zuen Olaia Duartek EH Bilduren izenean, manifestazio nazionalera deitzeko agiria irakurri zuenean.

EH Bilduko ordezkarien ondoan, manifestazioa sustatu duen taldeko pertsonak egon ziren. 11 izan dira sustatzaileak. Joseba Sarrionandia, idazlea; Edurne Brouard, Santi Brouarden alaba; Elena Bartolome, Josu Muguruzaren bikotekidea; Xabi Garate Seleta, El Conquistador saioko parte hartzailea; Miren Amuriza, bertsolaria; Ibai Zabala, pilotari ohia; Oihana Azkorbebeitia, mendi lasterkaria; Izortze Santin, EHUko irakaslea; Jose Mari Esparza, editorea; Josu Zabala, Tubacexeko langilea; eta Juan Puerto, pentsioduna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.