39. Herri Urrats Senpereko (Lapurdi) lakuaren inguruan egitea espero dute Seaskako arduradunek. Atzo egin zuten aurtengo ikastolen festaren aurkezpena, eta, bi urtez osasun krisiak baldintzatu ondotik, ohiko formatura itzultzea espero dute. Hala, Itzulera izanen da aurtengo leloa, eta zapata batek irudikatuko du. Lehiaketa egin zuten Seaskako ikasleen artean, eta 235 proposamen eskuratu zituzten. Amaia Ampo Manex Erdozaintzi Etxart kolegioko ikasleak egindakoa hautatu dute. Kantua Zetak taldeak egin du, eta udaberrian aurkeztuko dute.
Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak azterketak euskaraz egin ahal izateko Bordeleko (Okzitania) akademiako errektorearekin dituzten solasen berri eman zuen agerraldian. Joan den astean egin zuten bilkura telematikoa, eta «kezkatuak» atera ziren, Seaskak eta errektoreak ez baitute «irakurketa bera» Frantziako Hezkuntza Ministerioak hizkuntza gutxituen irakaskuntzaz egin duen zirkularrari buruz. Seaskak 2019an EEP Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Errektoretzarekin izenpetu zuen hitzarmenean ikasleek baxoan pasatu ohi duten Ahozko Handia partez euskaraz izanen zela adostu zuten, Jorajuriaren hitzetan. Alta, errektorearen erranetan, euskara ikasgaia berezitasun gisa hartua dutenek baizik ez dute izanen aukera hori; hau da, aurten baxoa pasatzekoa duten ehun ikasleetatik hamarrek.
Brebetari buruz, zientzietako azterketa euskaraz egitea «zuzenketarako teknikoki konplikatuegia ote den» erran zien, Seaskaren arabera. «Ez dugu onartuko antolaketa teknikoaren aitzakiarik azterketetarako sei hilabete eskas direlarik», adierazi du Jorajuriak. «Guretzat ez da dudarik: azterketak euskaraz egiteko eskubidea dugu, eta, brebetan eta baxoan ez badugu aitzinamendurik, gure eskubideak errespetatuak izan arte borrokatzeko prest gara».
Oraindik ez da ezer erabakia, eta Bordeleko errektoreak otsailaren 4a aitzin erantzuteko engaiamendua hartu duela azaldu du Jorajuriak. Egun horretan, giza katea eginen du Seaskak Baionako tren geltokiaren eta suprefeturaren artean. «Guretzat, erantzuna biziki argi da: EEPrekin izenpetu hitzarmena errespetatu behar dute, Ahozko Handia euskaraz egiteko aukera ikasle guziek izan beharko dute, eta, zirkularrak dioen bezala, azterketa batzuk euskaraz egiteko aukera izan beharko dugu».
Herri Urrats, berotzen
Maiatzeko lehen igandea itxaron gabe hasiko dira ekitaldiak antolatzen Herri Urratsi begira. Otsailaren 3an, ETB 1eko Go!azen telesail musikaleko zortzigarren denboraldiko azken atalaren aurre-hedapena eginen dute Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Les Select zinema gelan. Martxoaren 13rako, bertso saio berezia antolatu dute Senpereko Larreko gelan. Bizkaiko, Nafarroako eta Xilabako txapelketetako sei finalista arituko dira: Miren Artetxe, Odei Barroso, Saioa Alkaiza, Eneko Lazkoz, Nerea Ibarzabal eta Jone Uria.
Herri Urrats Senpereko lakura itzultzea espero du Seaskak
2023ko ikasturterako ireki nahi duten bosgarren kolegioa eraikitzeko izanen da dirua. Errektoretzarekin solasean ari da Seaska
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu