Koronabirusa

Herri Urrats, Ibilaldia eta Araba Euskaraz beste garai batean egitea aztergai dute

Udaberriko ikastolen aldeko jaiak bertan behera utzi dituzte, eta beste formatu edo garai batean egitea posible den pentsatzen ari da elkartea

Ze Esatek taldearen kontzertua, iazko Araba Euskaraz jaian, Armentian. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Oihana Teyseire Kostarat
2020ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Ikastolen Elkarteak atzo jakinarazi zuenez, udaberrian egitekoak ziren ikastolen aldeko jaialdiak bertan behera utzi ditu, koronabirusa dela eta. «Saminez hartu behar izan dugu erabaki hau, baina ez zegoen beste irtenbiderik. Euskal Herrian eta munduan maiatz eta ekainerako antolatutako ekitaldi guztiak bertan behera geratu edo atzeratu egin badira, ezinezkoa zen gu salbuespena izatea», azaldu zuen Koldo Tellitu elkarteko lehendakariak.

Osasun krisia dela-eta sortu den egoeran beste lehentasun batzuk ditugula argudiatu zuen. «Larrialdi egoera global hau amaitu bitartean ezingo dugu ospakizunik egin, are gutxiago ikastolen jaien tamainakorik».

Tellituk azaldu zuenez, hiru festa horiek beste garai batean egitea aztertzen ari dira: «Guretzat jai horiek oso garrantzitsuak dira. Auzolanaren bitartez ikastolakideon artean harremanak estutzeko erabiltzen ditugu, euskal kulturari bost plaza handi eskaintzen dizkiogu, euskarari bozgorailu handi bat jartzen diogu, eta, era berean, hainbat proiektu aurrera ateratzeko finantzaketa lortzen dugu».

Harekin bat egin zuen Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak: «Herri Urratsek proiektu berriak laguntzen ditu, baina, bereziki, jadanik eginak ditugun zorrak estaltzen laguntzen digu», eta segurtatu zuen ekitaldia «nahi eta nahi ez» antolatuko zutela, Ipar Euskal Herriko ikastola guztientzako «baitezpadakoa» delako.

Beñat Bidegain Herri Urratseko lehendakariak adierazi zuenez, 1984tik lehen aldia da jai hori ezeztatzen dutela. Oraingoz ez dute debekurik jaso, baina «denen osasuna bermatu» nahi dute. Hala ere, ekitaldia udazken hastapenera atzeratzea pentsatzen dute, baina oraindik goiz da data bat finkatzeko. «Herri Urrats ezinbestekoa denez, Herri Urrats eginen da. Elkarteak pentsatu du ekitaldia irailera pausatzea. Momentuko, data ez dugu finkatu, baina jakin bezain laster jakinaraziko dugu», agindu zuen.

Antolatzaileei, eskerrak

Udazkenean Kilometroak eta Nafarroa Oinez egiten direnez, orduan egiteko zailtasunak daudela aitortu dute. Datozen egun eta asteetan hausnartuko dute horren inguruan. Edozein moduz, beste formatu batean egitea ere ez du baztertzen ikastolen elkarteak. Hala iradoki zuen udaberriko ekitaldiak prestatzeko laguntzen ari zirenei eskerrak emateko eman zuen mezuan. «Guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu, eta guztiak aintzat hartuko ditugu udaberriko jai hauek beste data batzuetara, eta, akaso, beste formatu batzuetara eramaten ditugunean».

Nagore Fernandez Herri Urratseko kideak prestaketa lanetan aritu diren guraso eta laguntzaileak eskertu zituen: «Dena prest genuen maiatzaren 10erako, baita gastu batzuk aitzinatuak ere. Hainbat gastu, hainbat bilkura ordu, hainbat guraso itzaleko lanetan, eta orain dena zintzilik. Herri Urratsen izenean, eskertu nahi ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.