Ikastolak

Herri Urrats handiaren faltan, 30 txiki

jarraia197460.jpg
2021eko maiatzaren 9a
13:39
Entzun

Bigarren urtez jarraian, maiatzeko bigarren igandean hutsik da Senpereko (Lapurdi) lakuaren ingurua. Iaz bertan behera utzi zuten Herri Urrats Ipar Euskal Herriko ikastolen festa, eta aurten ere ez dute jai handirik egiterik izan. Halere, oraingoan, 30 Herri Urrats Ttiki antolatu dituzte. Ikastola bakoitzak bere egitaraua prestatu du, eta ehunka herritar atera dira plazara, festa elkarrekin ospatzera.

Janari, edari eta jantzi postuak jarri dituzte hainbat herritan, eta bazkariak ere antolatu dituzte zenbaitetan, baita irteera txikiak ere. Bestalde, agerraldi bat egin dute ikastoletako zenbait ordezkarik, eta han izan dira, besteak beste, Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria, Antton Kurutxarri EEPko lehendakaria eta Mathieu Berge Akitania Berria eskualdeko hautetsia.

«Elkartasunik gabe, ikastolek ez dute irauten ahal», ohartarazi du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak. Herri Urrats handirik gabeko bi urtek «galera ekonomiko» garrantzitsua eragin dezakete, eta diru beharrean dira. Izan ere, aurten bosgarren kolegio bat irekitzeko xedea dute, ikaslez «gainezka» egiten ari den Ziburuko (Lapurdi) Piarres Larzabal kolegioa «arintzeko».

300.000 euro behar dituzte, eta Boga kanpaina abiatu dute horiek lortzeko. Hala nahi duenak aukera du bosgarren kolegioaren eraikuntza zati bat babesteko: teilak, ateak, leihoak, berogailuak, igogailua... Hogei eta 2.000 euro arteko ekarpena egiteko aukera dago Boga.herriurrats.eus webgunearen bidez. Oraingoz, diru zamaren %20 lortu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.