Herri Urrats ez dute ospatuko

Egoera sanitarioa ikusirik, irailean egin beharra zuten besta eguna bertan behera uztea erabaki du Seaskak. Diru sarreren herenak gal ditzake Ikastolen Federazioak, ikastolen aldeko besta guztiak ezeztatuak izanik.

2019.urteko Herri Urrats. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat - Ekaitz Etxamendi
2020ko abuztuaren 19a
11:20
Entzun

37.a izan behar zuen aurtengoak. Maiatzaren 10ean egitekoa zuten ikastolen besta, Senperen (Lapurdi), Gaki Ge lelopean. Konfinamenduak harrapaturik, irailera gibelatzea erabaki zuten Seaskak eta Ikastolen Federazioak. Baina egoera sanitarioak ez du hobera egin, eta goizean eman dute berria: 2020. urteko Herri Urrats ezeztatzea deliberatu dute. Debeku ofizialik jaso ez duten arren, antolatzaileek ez dute arriskurik hartu nahi izan.

Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak deitoratu du «zalantzan ezartzen» duela ikastolen eredu ekonomikoa, Seaskako diru sarrera nagusiak bestetatik heldu baitira; heren bat orotara.

Koldo Tellitu Ikastolen Federazioko lehendakariak gehitu du aurten ikastolen besta guztiak ezeztatzeko erabakia hartu dutela: «Herri Urrats, Ibilaldia, Araba Euskaraz, Nafarroa Oinez eta Kilometroak ez dira ospatuko».

Tellituk segurtatu du «Euskal Herri osoari eskaintzeko ekitaldi handi bat» prestatzeko aukera aztertzen ari direla. «Egun edo aste batzuk hartuko ditugu hau dena taldean aztertu eta erabakiak hartzeko. Taldean hartuko ditugu erabakiak, eta jakinaraziko dizkizuegu».

Murgiltze ereduaz

Seaskakoek prentsaurrekoa baliatu dute murgiltze ereduaren aurkako «erasoak» aipatzeko. Eskola publiko elebidunek euskararen alde egiten duten lana babestu dute. Hiriburun (Lapurdi) murgiltze ereduaren debekatzea «euskararen kontrako eraso zuzen eta larria» dela salatu du Jorajuriak.

Euskal Konfederazioarekin batera, Frantziako Hezkuntza Ministerioari hiru galde egin dizkiote: euskara eskola publiko elebakar guzietan eskainia izatea; ama eskola elebidunek murgiltze eredua eskaintzeko aukera izatea; eta murgiltze esperimentazioa eskola publikoetara hedatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.