Herri Urrats, 40. jaiaren atarian

Senpereko lakuan iragango da beste behin Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko besta; maiatzaren 14an izango da. Publiko askotarikoari egokitua zaion egitarau «potoloa» aurkeztu dute.

40.Herri Urrats aurkeztu dute Senpereko lakuan. GUILLAUME FAUVEAU
Garazi Aduriz Zuñeda.
2023ko apirilaren 26a
17:39
Entzun

«1984an abentura hau hasi zenean, nork esango zigun 40. ediziora helduko ginela», adierazi du Koldo Rodriguez Herri Urratseko koordinatzaileak. Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko jaiaren 40. aldia aurkeztu dute gaur Senpereko lakuan (Lapurdi), maiatzaren 14an Herri Urrats iragango den toki berean, eta urteurrenari dagokion egitarau «betearen» berri eman dute. Urtero bezala, «euskararen egunaz gain aldarrikapen eguna» ere badela oroitarazi dute.

Seaskaren egoera azaldu du Peio Jorajuria lehendakariak. Heldu den urteko eskola sartzerako, irakasle postuez negoziatzen ari dira Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin. Eta, bere iduriz, «berriak aski txarrak dira». Seaskak hamabost postu behar baditu ere, oraingoz bost postu baizik ez dizkiete eman nahi. Jorajuriaren arabera, euskarak bizirauteko «Haur Hezkuntzatik Baxoraino ikasleen %30 murgiltze ereduan behar dute». Gaur-gaurkoz, «%15» eskolatzen ditu Seaskak Haur Hezkuntzan. Bide horretan, «beharrezko postu eta ezinbesteko finantzaketa lortzeko» Herri Urratsen euskal herritarren eta euskal instituzioen sustengua espero dute.

«Herri Urratsen biltzen den diru ekarpenarekin finantzatzen ditugu maileguak, alokairuak eta proiektu berriak», azaldu du Jorajuriak. Aurten, Senperen eraikitzen ari den bosgarren kolegioaren gastuak ordaintzeko erabiliko da nagusiki. Rodriguezen arabera, «beharrak handiak dira», baina, Herri Urratsek helburu ekonomikoa soilik ez duela azpimarratu du, «helburu soziala ere badu».

Egitarau aberatsa

«Uste genuen 40. jaiak merezi zuela programazio potolo eta on bat», azaldu du Rodriguezek. Bi kezka izan dira nagusi programazioa osatzean: publiko zabalari egokituriko egitaraua proposatzea eta oholtza gainetan genero berdintasuna bermatzea. Erronkak lortutzat eman ditu. Musikari dagokionez, Nafarroa guneaz gain Araba gunea handituko dutela jakinarazi dute: «Pentsatu dugu musikak beste gune handi bat eskatzen zutela». Eszenatoki horietan ikusten ahalko dira, besteak beste, Xutik, Delirium Tremens, Su Ta Gar, Neomak eta Zetak. Lakuaren inguruan zehar ere musika presente egongo da elektro txarangari, joaldunei eta gaiteroei esker.

Urtero bezala, gune guztiak mantenduak izango dira, baita haietan ohikoak diren proposamenak ere, hala nola zikiroa, sagardotegi menua, haurren xokoa eta dantzagunea. Horrez gain, berritasun bat iragarri dute Baxe Nafarroa gunean: Erronka aktibitatea berreskuratuko dute, eta aurten nazionala izango da. Euskal Herriko bost tokitako ikastolak lehiatuko dira: Ondarroako Zubi Zahar ikastola (Bizkaia), Etxarriko Andra Mari ikastola (Nafarroa), Aguraingo Lauta ikastola (Araba), Errenteriako ikastola (Gipuzkoa) eta Kanboko Xalbador kolegioa (Lapurdi).

Hori guztia egikaritzeko, 3.000 laguntzailek parte hartuko dute jaian. Ikastolek, kolegioek eta lizeoak gero eta ikasle gehiago errezibitzen dituztenez, laguntzaile gero eta gehiago ere badaude. «Haurren senideak beti motibatzen dira egun horretan laguntzeko, Seaskarentzat egun biziki inportantea dela baitakite», adierazi du Beñat Bidegain Herri Urrats antolatzaile taldeko kideak.

Prebentzio neurriak hartu nahi izan dituzte antolatzaileek «besta denentzat eremu seguru eta plazer une bat» izan dadin. Horrela, drogen arriskua agerian ezartzeko eta eraso sexistei eta homofoboei aurre egiteko protokoloa «zehaztu» dute. Ingurumena zaintzeko neurriak hartu dituztela ere azaldu dute, eta hondakinen bereizketa indartu, adibidez. Horrez gain, etxetik edalontziak ekartzera akuilatu nahi dituzte bertaratzekoak direnak, «berrerabilpen hori baita baso berriaren funtsa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.