Herri Urrats, 40. jaiaren atarian

Senpereko aintziran iragango da euskararen aldeko jaia, maiatzaren 14an. Askotariko parte hartzaileentzat egokitu dute egitaraua

Iazko jaia, Senperen. GUILLAUME FAUVEAU.
Garazi Aduriz Zuñeda.
2023ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
«1984an abentura hau hasi zenean, nork esango zigun 40. aldira helduko ginela», adierazi zuen Koldo Rodriguez Herri Urratseko koordinatzaileak. Ipar Euskal Herriko ikastolen aldeko jaiaren 40. aldia aurkeztu zuten Senpereko aintziran (Lapurdi), maiatzaren 14an Herri Urrats iragango den toki berean, eta urteurrenari dagokion egitarau «betearen» berri eman. «Euskararen egunaz gain aldarrikapen eguna» ere badela oroitarazi zuten.

Seaskaren egoera azaldu zuen Peio Jorajuria lehendakariak. Heldu den urteko eskola sartzerako, irakasle postuen inguruan negoziatzen ari dira Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin. Eta «berriak aski txarrak dira», haren iduriz. Seaskak hamabost postu behar baditu ere, oraingoz bost postu baizik ez dizkiete eman nahi. Jorajuriaren arabera, euskarak bizirik irauteko «Haur Hezkuntzatik Baxoraino ikasleen %30ek murgiltze ereduan behar dute». Gaur-gaurkoz, «%15» eskolatzen ditu Seaskak Haur Hezkuntzan. Bide horretan, euskal herritarren eta euskal instituzioen sostengua espero dute Herri Urratsen, «beharrezko postuak eta ezinbesteko finantzaketa lortzeko».

«Herri Urratsen biltzen den diru ekarpenarekin finantzatzen ditugu maileguak, alokairuak eta proiektu berriak», azaldu zuenJorajuriak. Aurten, Senperen eraikitzen ari den bosgarren kolegioaren gastuak ordaintzeko erabiliko da, nagusiki. Rodriguezen arabera, «beharrak handiak dira», baina azpimarratu zuen Herri Urratsek ez duela soilik helburu ekonomikoa: «helburu soziala ere badu».

Egitarau aberatsa

«Uste genuen 40. jaiak merezi zuela programazio zabala eta ona», azaldu zuen Rodriguezek. Bi kezka izan dira nagusi programazioa osatzean: publiko zabalari egokituriko egitaraua proposatzea eta oholtza gainetan genero berdintasuna bermatzea. Erronkak lortutzat eman zituen. Musikari dagokionez, Nafarroa guneaz gain Araba gunea handituko dutela jakinarazi dute: «Pentsatu dugu musikak beste gune handi bat eskatzen zutela». Agertoki horietan ikusten ahalko dira, besteak beste, Xutik, Delirium Tremens, Su Ta Gar, Neomak eta Zetak. Musika presente egongo da lakuaren inguruan zehar ere, elektrotxarangari, joaldunei eta gaiteroei esker.

Urtero bezala, gune guztiak mantenduko dira, baita haietan ohikoak diren proposamenak ere, hala nola zikiroa, sagardotegi menua, haurren xokoa eta dantzagunea. Horrez gain, berritasun bat iragarri dute Baxenafarroa gunean: Erronka aktibitatea berreskuratuko dute, eta, aurten, nazionala izango da. Euskal Herriko bost tokitako ikastolak lehiatuko dira: Ondarroako Zubi Zahar ikastola (Bizkaia), Etxarriko Andra Mari ikastola (Nafarroa), Aguraingo Lautada ikastola (Araba), Errenteriako ikastola (Gipuzkoa) eta Kanboko Xalbador kolegioa (Lapurdi).

Hori guztia gauzatzeko, 3.000 laguntzailek parte hartuko dute jaian. Ikastolek, kolegioek eta lizeoak gero eta ikasle gehiago hartzen dituztenez, gero eta laguntzaile gehiago ere badira. «Haurren senideak beti motibatzen dira egun horretan laguntzeko, bai baitakite Seaskarentzat egun biziki inportantea dela», adierazi zuen Beñat Bidegain Herri Urratseko antolatzaile taldeko kideak.

Prebentzio neurriak hartu nahi izan dituzte antolatzaileek, «besta eremu seguru eta plazer une» izan dadin «denentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.