«Herri honek behar duen proiektua osatzeko momentua da orain, proiektu horrek eskatzen duen gobernagarritasuna osatzeko». Hala mintzatu da Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaia, eta gehitu du ezin dela «momentu hau galtzen utzi». Izan ere, erran du aurten badagoela «gehiengo subiranista abertzale» bat, eta baita ezkerreko gehiengo oso bat ere. «Hauxe da gehiengo horiek egituratzeko momentua». Hala, haien ustez «ulergaitza» da jeltzaleek aste honetan izan duten jarrera, biek eserleku kopuru bera baitute. Zehazki, EH Bilduk eta EAJk 27na eserleku lortu dituzte, eta 28.800 boto inguruko diferentzia bertzerik ez dute; duela lau urte, 100.000 botokoa.
Donostian egin du Otxandianok agerraldia, eta azaldu proiektu berri horren hautuaren alde egin ordez «orain arteko berdina» egiten jarraitzeko aukera ere mahai gainean dagoela. «Hipoteka askorekin jaiotako gobernu bat litzateke hori. Horrek bazterrean utziko luke bigarren indar politikoa, eta ez da horretarako momentua», gehitu du. EAJren eta PSE-EEren inguruan kritiko mintzatu da gero, erranda ez duela balio bigarren hautuaren alde egin eta gero «EH Bilduri hipoteka horiek bere gain hartzeko eskatzea».
Gehitu du koalizio abertzalea saiatu dela «elkarguneak identifikatzen», baina, horren aurka, «eszenifikazio bat» eraiki dela, zeinak planteatu duen «proiektu antagonikoak» aurkezten zirela hauteskundeetara. Bide horretatik, argi erran du «nahiko agerikoa» zela jeltzaleek eta sozialistek «erabakia» zutela orain arteko bidearekin jarraitzea. Orain arteko berdina egin daitekeela aitortu du, baina erran du ez dela komenigarria, bertze aukera batzuk badaudelako eta EH Bilduren «disposizioa» badagoelako. «Guk jarraituko dugu hauxe bera mahai gainean jartzen, baina begien bistakoa da haiek zer egingo duten».
PSE-EEk eta EAJk jada iragarri dute datorren astelehenean biltzekoak direla, gobernu osaketaz mintzatzeko. Bada, koalizio subiranistari «kezkagarria» iruditzen zaio aste honetan gertatutakoa, batez ere «nola ez diren formak zaindu». Salatu du ez direla «demokrazia parlamentarioaren oinarrizko formak zaindu», jeltzaleak ez direlako EH Bildurekin solastatu: «Nabarmena zen hautuak eginda zeudela, eta erabakiak hartuak zeudela». Koalizio subiranistak EAJrengana joko ote duen galdetuta, argi erran du Imanol Pradalesi dagokiola «bilera sortak abiatzea».
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen dimisio posibleaz galdetuta, erran du EH Bilduk ez duela «espekulatzen», eta ongi dakitela «zein den egoera orokorra, eta ultraeskuinaren ofentsiba».