«Erradikalki errealistak izateko garaia da, politika plazeboak baztertuta», esan du Pello Otxandiano Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko oposizioburuak Bilbon, Forum Europa jardunaldietan egin duen agerraldian. Nazioarteko egoera aintzat hartuta, eta Eusko Jaurlaritzak dituen tresna mugatuez jabetuta, zazpi erronka proposatu ditu etorkizunerako oinarriak jartzeko: «Egoerarik txarrenean ere herri honen onena ateratzen saiatu gaitezen».
Hitzaldiaren hasieran aitortu du duela urtebete baino lasaiago hartu duela hitza gaur. Hain zuzen, duela urtebete toki berean izan zen, EH Bilduren lehendakarigai gisa egin zituen lehenengoetako agerraldietako batean: «Presio handia nuen», aitortu du. Urtebete pasatu da, hauteskundeak izan dira, emaitzak ere bai, eta legealdia martxan da. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren agintaldiko lehen sei hilabeteen ostean, aho zapore «mingotsa» dutela esan du Nerea Kortajarena EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko eledunak, Otxandianoren aurretik hitza hartzean. Hargatik, Otxandianok adierazi du bere ustez zerk izan behar duen politikaren ardatz datozen urteetan.
Bi ideia nagusi eman nahi izan ditu: batetik, uste du Donald Trumpek AEBetako hauteskundeak irabazi izanak are gehiago hedatuko duela eskuin muturraren eta «internazional erreakzionarioen» nazioarteko agenda; adierazi du egoera konplexuak eta garai ziurgabeak etorriko direla, eta, horiei aurre egiteari dagokionez, Euskal Herria herri txikia dela, tresna ahulak dituena. Beraz, bestetik, esku artean dagoenari izkin egin gabe, barrurantz begiratzearen alde egin du, eta epe luzera martxan jar daitezkeen zazpi eraldaketa handi proposatu. Besteak beste, hezkuntza, hizkuntza, industria, etxebizitza, sistema soziosanitarioa eta lurralde plangintza dituzte ardatz. Tradizio politiko diferenteak gai horien gainean ados jartzeko deia egin du.
Trumpek irabazita «aurreikuspenik okerrenak» bete direlakoan dago, eta eskuin muturra aurrerantz doa, etengabean, Europako herrialde gehienetan. Ikusteko badago ere Trumpek zer egingo duen, egiten duen hori Europako ekonomiaren kalterako izango dela uste du Otxandianok, iragarri dituen lehen neurri ekonomikoetan oinarrituz. Horren harira, erakundeek «diskurtso autokonplazientea» daukatela uste du, «errealitateak ukatzen dituena, mezu ekonomiko lasaigarri bat helarazten duena, diskurtso katastrofistetatik ihes egiteko beharra etengabe azpimarratuta. Plazebo diskurtso moduko bat».
«Errealismo erradikala»
Errealismo erradikalez jokatzea proposatu du, eta egungo egoeraren analisi «zorrotzetik» abiatuta politika ausartak proposatzea. Analisi horretan bi gako daudelakoan dago: batetik, mugarik gabe hazten jarraitzeko politikak ez datoz bat munduaren muga fisikoekin, ebidentzia zientifikoaren arabera, eta hori ez onartzea zera da, «kostu ekonomiko eta giza kostu kalkulaezinak onartzea».
Horren harira, etorkizuneko garapen ekonomikoa eta azpiegitura handien bilakaera hartu du hizpide, eta galdetu du: «Adibidez, ez al lirateke irizpide horren menpe jarri behar turistifikazioarekin oso lotuta dauden zenbait apustu, Urdaibaiko Guggenheim, kasurako? Josu Jon Imazek aldarrikatzen duen neutraltasun teknologikoa baliozko premisa bat da? Armagintza industriak etorkizuneko aukera izan behar du benetan? Lamiakoko ibai-azpikoa azpiegitura egokia da, Aldundiaren beraren txostenen arabera trafikoa % 30 handituko bada? Aro digitalean, gure herriaren kohesio nazionala eta haren lehiakortasuna Ezkio-Itsason datza benetan?».
Bestalde, uste du aberastasuna banatzeko kontratu sozial berri bat behar dela, orain artekoak huts egin dutelakoan. Ildo horretan, kritikatu egin du EAJk eta PSEk proposatu duten itun fiskala, haren ustez diru gutxiago bilduko baitute, eta, hain zuzen, galdetu du etorkizunean zerbitzu sozial gehiago beharko badira ea nola ordainduko diren.
Barrura begirako politikak
Horrenbestez, bestelako politikak proposatu ditu, mugez jabetuta. «Izan gaitezen zintzoak: euskal instituzioek ez dute eragin nabarmenik izango Europar Batasunean krisi politikoa hain nabarmena den honetan; lehenik eta behin, ez baikara estatu bat. Nazioartean dugun presentzia areagotu behar dugu, zalantzarik gabe, baina eskura ditugun aukera errealak neurriz kanpo baloratu gabe. Bestela, plazebo politika egingo genuke».
«Ondo zimendatutako herri proiektu bat behar dugu. Eta herri proiektu horrek, ezinbestean, tradizio politiko desberdinen arteko proiektu partekatu bat izan behar du»
PELLO OTXANDIANO EH Bilduko oposizioburua Eusko Legebiltzarrean
Horregatik, azpimarratu du garrantzitsua dela proiektu estrategikoa esku arteko tresnekin definitzea. «Ondo zimendatutako herri proiektu bat behar dugu. Eta herri proiektu horrek, ezinbestean, tradizio politiko desberdinen arteko proiektu partekatu bat izan behar du». Datozen 25 urteei begira, funtsezkoa deritzo herri politikek zer norabide hartuko duten definitzea. Hori guztia bi ardatzen gainean egin behar dela uste du: autogobernu berria osatzeko Euskal Herriaren aitortza nazionala gauzatzea eta politika neoliberalak gainditzea.
XXI. mendeko autogobernuaren oinarriak bi ardatz horien gainean jarrita, zazpi «eraldaketa handi» identifikatu dituzte EH Bildun, nazio ardatza eta politika ekonomikoak aintzat hartuta. Zentzu komunitarioa eskatu du, bestelako kultura politiko bat, aniztasuna kudeatzeko gaitasuna, eta epe luzeko ikuspegia.
zazpi giltzarri
- Sistema instituzionala modernizatzea. Eraginkortasuna, efikazia eta inteligentzia instituzionala irabaztea, sistema instituzionalaren egiturazko modernizazio prozesu baten bidez, adimen artifizialaz baliatuz prozesu burokratikoak automatizatzeko.
- Hezkuntza eraldatzea eta ezagutza sistema indartzea. Disrupzio teknologikoa eta aldaketa soziodemografikoak direla eta, hezkuntza sistemak eraldaketa handia behar du. Egungo zientzia eta teknologia sarea oinarri hartuta, aurrerapauso bat eman behar da, ikerketan eta berrikuntzan inbertsioa handituz eta sistemaren integrazio handiagoa sustatuz.
- Hizkuntza politika berria ezartzea eta komunikazio sistema nazional bat egituratzea. Euskara eta euskal kultura nortasun nazionalaren funtsezko elementuak dira, komunikazioaren eta ikus-entzunezkoen esparruetan proiektatu behar den gure zentzu komunitarioa indartzeko funtsezko elementuak.
- Industria politika ekintzailea abiatzea. Lankidetza publiko-pribatu orekatu eta arduratsuan oinarritutako industria politika proaktiboa, balio erantsi handiko ehun industriala, zirkularra eta lurraldeari errotutakoa helburu duena.
- Eremu soziosanitarioa berriro definitzea. Osasun sistema publikoa birpentsatzea osasun determinatzaileetan eraginez, eta sinergiak sortzea zainketa sistema publiko-komunitario baterantz doan gizarte zerbitzuen euskal sistema batekin.
- Etxebizitza arloko politika publiko proaktiboak. Alokairurako etxebizitza babestuen parke handi bat, merkatuan esku hartzea, «kontrolik ez» dagoenez gero.
- Lurralde plangintza trantsizionala aplikatzea. Lurraldea xehe-xehe planifikatzea, trantsizio energetikoari ekiteko, elikadura burujabetza bultzatzeko, biodibertsitatea babesteko, uraren zikloak errespetatzeko eta lurraldea klima aldaketara egokitzeko.