Irunen (Gipuzkoa) abiatu zen 23. Korrika, martxoaren 14an, eta eskuz esku 2.792 kilometro eginda, herenegun iritsi zen lekukoa Baionara. 11 egun eta hamar gauotan Euskal Herriak frogatu du badela herri harroa, euskaraz bizi nahi duen herri harroa, eta bere hizkuntzari herri eta ekosistema oso bat opa dizkiona. Euskararen aurkako oldarraldiaren erdian, indar erakustaldia egin du Euskal Herriak bere hizkuntzaren defentsan.
Hala izan da Baionan ere. Goizean goizetik euskaltzale mordoa ibili da Lapurdiko hiriburuko kaleetan. Egunak 12:30ean jo du goia. Bi furgonetak elkarren errenkadan, eta furgoneta gidariak eta kazetariak Korrikari bidea irekitzen. Txaloak, oihuak eta esker hitzak. Euskararen aldeko garra sumatzen da bide ertzetatik, erdigunea hartzeko prest dagoen euskararen aldeko garra.
Eta nor izango ote da mezuaren idazlea? Zer ote dago idatzita lekukoaren barruan? Garazi Arrula idazle eta Txalapartako editorea atera da AEK-ko ordezkarien artetik. Egin ditu azken metroak, eta irakurri du mezua. Txaloak eta burrunba. Jendea hunkituta.
AEK-ko ordezkarien txanda izan da ondoren. Artezkaritzako kide Bixente Claverieren eta AEKren Ipar Euskal Herriko lehendakari Maider Hegiren ardura izan da Baionako Askatasun plazan bildutako milaka euskaltzaleri AEKren izenean mezu bat helaraztea. Leloari keinu eginez hasi dira. Nabarmendu dute Korrikak milaka pertsona batu dituela: «Harro gara Korrikak batzen gaituelako, harro gara euskaldun izateaz konplexurik gabe».
Harro bai, baina ez konforme. Euskarak «ekosistema osoa» baitu irabazteko: «Hizkuntzak ekosistema osoa behar du, eta horretan denok dugu lekua: euskaldunek eta ikasi nahi dutenek, baita erdaldunek ere, euskarari lekua utziz. Euskarak denok bil gaitzake, euskara ez baita muga bat, ate bat da».
Atea erabat ireki dadin, alabaina, jendeari euskara ikasteko laguntza eman behar zaiola azaldu dute: «Erronka handia dugu: euskara ikasi nahi dutenentzat bihar ere gau eskolak zabalduko ditugu, euskararen geroa ahal bezainbatekin partekatzeko eta eraikitzeko».
Alta, helduen euskalduntzeak oraindik baliabide eskasak dituela salatu dute: «Euskarak gizartearen gune guztietan egon behar du, eta instituzioen hizkuntza ere izan behar du. Alegia, instituzioek konpromiso gehiago hartu behar dituztela: «Instituzioek ardura handia dute, eta hizkuntza politika ausarta eta sendoa behar dugu, eta ez brilli-brillizko bilgarria; konpromiso gehiago eta baliabide gehiago behar ditugu, eta orain behar ditugu».
Gogoan izan dute aurtengo omendua ere, Azterketak Euskaraz kolektiboa: «Euskara haien aldarria delako, Korrikarena bezala. Oraindik ere ikasleei azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea ukatzen zaie. Baxoa eta brebeta euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen segituko dute ikasleek». Izan ere: «Euskara ez da inposizio bat, eskubidea da».
«Harro Herri! Gora Korrika! Gora AEK! Eta gora euskara!», egin dute orro. Eta piztu da plaza. Txaloak eta txalo gehiago. Oihuak eta oihu gehiago. Baita festa ere. Egun osoko egitaraua, gozatzeko eta aldarrikatzeko.
Arrakastaren balorazioa
Baina hasten den guztia amaitu ere egiten da. Eta bukatu da 23. Korrika ere. Karpak desmuntatu, furgonetak itzuli... Hiria lehengoratzeko eguna izan zen herenegungoa. Eta balorazioa egitekoa.
Ane Elordi Korrikaren koordinatzaileak hartu du hitza, artezkaritza kontseiluko kideak alboan zituela. Oso pozik mintzatu da: «Inoizko Korrikarik erraldoiena eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa». Korrikan izandako parte hartzea goretsi du Elordik, eta herriak eman duen erantzuna: «Argi gelditu da zenbat jende bildu den Euskal Herriko kale guztietan eta errepideetan, izan leku populatuetan, izan hain jendetsuak ez direnetan; toki guztietan izan dugu babesa, eta hori eskertzekoa da». Parte hartzea hainbestekoa izaki, lekukoarekin ezusteko bat izan dela ere aipatu du Elordik: «Lekukoak pixka bat sufritu du: zatitxo bat apurtu da, baina eskuz esku joaten da, eta normalak dira horrelakoak». Ikusteko dago zer egingo duten orain: «Bederatzigarren Korrikatik daukagu, eta ikusi beharko da zer egin aurrerantzean».
Baina indar erakustaldi bat izan delakoan dago, eta ez parte hartzeagatik bakarrik: «Argi dago badagoela herri gogo bat euskararen alde egitekoa, eta 22. Korrikan Donostian metatu zen indar horrek jarraitu du 23.ean ere, bai Irunen, bai Baionan». Alegia, Korrikak euskarari berari ere egin diola mesede: «Euskara indartuta atera da Korrikatik». Halaber, aurreikuspen ekonomikoak ere onak direla esan du, oraindik baloratzeko goiz bada ere.
Orain zer? Indar hori aprobetxatu beharra dagoelakoan dago Elordi: «Orain, indar hori aprobetxatzea dagokigu, datozen hilabeteetan lanean jarraitzeko». Erronkak bata bestearen atzetik zerrendatu ditu: «Bihartik aurrera ere lanean jarraituko dugu: besteak beste, hizkuntza eskubideen aldarrikapenean, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioan eta doakotasunaren aldeko borrokan». Eta Korrikan bezala, desberdinen arteko indarrak metatzen: «Asmatu beharko dugu nola bideratu egunotan metatutako indarrak, aurrerantzean ere lanean jarraitzeko, elkarlanean; euskararen normalizazioa ardatz hartuta, aurrerapausoak ematen segitu dezagun».
1,7Ikustaldiak milioitan EITBk eman dituen datuen arabera, Korrikaren zuzeneko emankizunak 1.700.986 ikustaldi izan ditu, 2022an baino %24,9 gehiago. Batez beste 1.109 pertsona egon dira zuzenekoa ikusten, eta, tarte batean, 5.958 ikusle ere izan ziren.