Zuzenbide Piriniarraren III. jardunaldiak egiten ari dira aste honetan Auritzen (Nafarroa). Aste osoan, hitzaldiak, erakusketak eta bisita gidatuak egin dituzte, eta gaurko, egun osorako egitaraua prestatu dute. Jardunaldien helburua zuzenbide piriniotarraren, komunalen eta fazerien inguruan informatzea eta dibulgatzea da. Nabarralde fundazioak antolatu du ekitaldia, beste erakunde batzuekin batera: Hernani Errotzen (Gipuzkoa), Martin Ttipia (Araba) eta Zabalik Elkartea (Donapaleu, Nafarroa Beherea) taldeekin, hain zuzen.
Antzinateko euskal herritarrek antolatzeko zeukaten modua zen zuzenbide piriniotarra. Europa osoan baziren beste batzuk, zuzenbide erromatarra eta germanikoa, kasurako, baina euskaldunek «beren kontzesio propioa» zeukaten. Hortik, batzarretik eta auzolanetik abiatuta, sistema oso bat garatu zuten. Angel Rekalde Nabarralde fundazioko zuzendariak azaldu du horren guztiaren oinarrian herri bateko ohiturak zeudela: «Ohiturak zirenak, denborarekin, arau bihurtu ziren, eta, hortik, instituzioak eta bestelako erakunde eta legeak garatu dira». Zuzenbide piriniotarraren gainean eraikitzen dira foruak, esaterako, baita auzolana eta komunaletan oinarritutako jabego eta ustiaketa kolektiboa ere.
Lurra ez da inorena
Hirugarren aldiz egin dituzte jardunaldiak, eta aurten komunalen eta fazerien gaiari heldu diote. Beste era batera esanda, jendeak lurrarekiko daukan harremanaz aritu dira. Komunalak herrietako lurrak ziren, eta ez zuten jaberik. «Kontzeptua ulertzeko orain daukagun pentsaera aldatu behar dugu. Lurra ez zen inorena, herritarrak ziren lur horietakoak, eta guztiek ateratzen zituzten etekinak bertatik», azaldu du Rekaldek. Batzarrean kudeatzen zuten dena, eta lana auzolanean egiten zuten. Fazeriak, ordea, gaur egun dauden herrien arteko akordioak dira, eta komunalen ondorio dira. Adibidez, Aezkoako (Nafarroa) eta Garaziko (Nafarroa Beherea) herriek badaukate lur baten gainean akordio bat: mugaz gaindiko akordioa da, fazeria bat.
Astelehenean hasi eta gaur arte aritu dira hitzaldiak eta jarduerak eskaintzen. Erakusketa bat ere egon da ikusgai aste osoan, eta astelehenean horren aurkezpena egin zuen Beñi Agirrek: Pirinioak ardatz. Hizkuntza, kultura, legeak eta erakundeak. Asteazkenean kasu jakin bat aztertu zuten, Kasedako komunala, hain zuzen. Javier Aiepek eman zuen hitzaldia, eta oraintxe bertan dauden arazoez mintzatu zen. Atzo, Zalduako indusketetara bisita egin zuten, Oihane Mendizabalek gidatuta.
Jardunaldi nagusiak gaur hasten dira, eta egun osorako hitzaldiak antolatu dituzte. Gaia ondo ezagutzen duten hainbat hizlari arituko dira. Haiek ekarpen teorikoa egingo dute, baina hori guztia praktikan nola gertatzen den jakitea «oso interesgarria» dela adierazi du Rekaldek: «Horretarako, aipatutako fazeriaren bi ordezkari ekarri ditugu, Garaziko eta Aezkoako bi artzain. Horrez gain, Aezkoako, Aurizko eta Baztango alkateekin mahai inguru bat egingo dugu».
Antolatzaileak adierazi du gaur egungo mugimendu zibil askotan, ikastoletan eta kooperatibetan, adibidez, mantentzen dela kultura hori: «Hala ere, argi dut gaur egun gizarte kapitalista eta postindustrial batean gaudela, gauzak idealizatu gabe». Hori kontuan izanda, mugimendu askoren atzean oinarri berbera dagoela uste du Rekaldek.
Herri ohiturak legeen oinarri
Zuzenbide Piriniarraren Jardunaldiak egiten ari dira hirugarren aldiz Auritzen (Nafarroa). Komunalen gaiari heldu diote, jendeak lurrarekiko duen harremanaz mintzatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu