«Alderdi abertzaleok inoiz baino boz gehiago ditugu, baina abertzaletasuna ez dago boladarik indartsuenean, beste aldi batzuekin konparatuta. Ados nago Mireiarekin, hitz egin behar dugu». Hori esan zion Urko Aiartza Telesforo Monzon eLab-eko zuzendariak Mireia Zarateri, Sabino Arana fundazioko lehendakariari, atzo. Izan ere, Zaratek etxeko lanak jarri zizkion Arantzazulab-eko Naiara Goiari: familia abertzale nagusiek dituzten desadostasunak arintzen eta euskal nazioaren ikuspuntu bateratu bat lantzen laguntzea. Herri nortasunaren galera aipatu zuten denek kezka nagusi gisa EHUko udako ikastaroetan antolatutako saioan: Arantzazun bizi: iragana, orainaldia eta etorkizuna zer?. Arantzazuko egoera Euskal Herrikoaren metafora gisa baliatu zuten hizlariek. Mahai ingurua Arantzazulaben egoitzan izan zen, Oñatin (Gipuzkoa). Hiru hizlari horiekin batera jardun zen Gorka Espiau, Agirre Lehendakaria Centerreko zuzendaria.
Ikusi gehiago
Antonio Casado de Rocha EHUko irakasleak egin zien galdera laurei: «Behar al dugu herri anbizioz pentsamendua sortzeko gunerik gure herriaren iraupenerako sustraiko gaien inguruan?».
Lau hizlarietako bakoitza laborategi bateko burua da, eta nork bere aldetik dihardu, baina bat datoz zerbaitetan. Kezka pizten die Euskal Herriaren norabideak. Aiartzaren ustez, adimen artifizialarekin eta azken aldaketa teknologikoekin abiadura bizian aldatzen ari da dena, eta kezka du Euskal Herriak gaitasunik izango ote duen erauntsiari eusteko. «Abertzaletasuna aurreko errentez bizi da oraindik, eta gogoeta sakon bat egin beharra dauka». Abertzaletasunaz jardun zuen, etorkizunerako motorrak indar abertzaleen esku egon behar duelakoan. «Abertzaletasunak misio bat jarri behar dio bere buruari. Ezin diegu hurrengo belaunaldiei pasatu zama instituzional hori». Horretarako jauzi bat behar delakoan dago, herri erronkei nola erantzun pentsatzeko.
Espiauren arabera, aldaketa sistemiko batean murgilduta gaude. «Pentsamendu esparru berriak sortu behar dira, gogoeta disruptiboetarako espazioak». Uste du halako gogoeten bidez sortu zirela ikastolak, kooperatiben mugimendua eta euskara batzeko prozesua.
Euskalduntasuna eta euskal nazioaren nortasuna elkarrekin jorratu beharraz mintzatu zen Zarate. «Euskal Herri osoan egin behar dugu, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ere bai, bakoitzaren erritmoak errespetatuz». Lehentasuntzat jo zuen nazio nortasunaren sentimendua indartzeko tresna berriak pentsatzea.
Goiak ere kezka adierazi zuen Euskal Herriaren iraupenaren harira. Diagnostikoan, hiru aldagai aipatu zituen: batetik, adierazi zuen erakundeek zerbitzu publiko gisa epe motzerako proiektuak lantzen dihardutela; bestetik, aipatu zuen alderdi abertzaleetako familia nagusiak lehian daudela; eta azkenik, gizarte antolatua aipatu zuen, eta, haien funtzioa ukatu gabe, «inertzia batzuekin» eta «finantzaketa menpekotasunekin» dihardutela gaineratu. Horiek hala, galdera hau pausatu zuen: «Nola sortuko ditugu subjektu herrigile berriak?». Ondoren, euskararen biziberritzea eta herri nortasuna nola defendatuko duten galdetu zuen, baina ez zuen amaitu nahi izan han elkartutakoei mezu bat utzi gabe: «Badakigu gauza askotan ez gaudela ados, baina erdigunean jarri behar genuke elkartzen gaituena, gure herriaren iraupenerako».
Boterea
Aiartzak boterea aldarrikatu zuen. «Kokoteraino nago bigarren mailako herritarra izateaz. Botere ekonomikoa non dago? Zein da haren hizkuntza? Komunikazio sisteman, non dago boterea?». Erronka kolosalak daudela ohartarazi zuen, eta elkarguneen beharra azpimarratu. Espiauk ñabardura bat egin zion adierazpen horri. Bat dator aldaketak egiteko boterea behar dela, baina uste du dagoen boterea ere ez dela behar bezala erabiltzen. «Ez gara ari benetako esperimentazio disruptiboa indarrean jartzen. Inork ez du arriskurik hartu nahi. Ikastolak, euskararen biziberritzea, kooperatibismoa... arriskuak hartu zirelako gertatu ziren».
Jon Sarasua Mondragon Unibertsitateko irakasleak hitza hartu zuen entzuleen artetik, laborategietako eledunek amaitu zutenean. Diagnostikoan bat etorri izana txalotu zuen, eta eskaera bat egin: «Esatetik egitera animatu nahi zaituztet. Herri honek ezin du beste hamabost urte itxaron».
laborategiak
- Sabino Arana fundazioa. 1988an sortu zen. Euskal Herriaren historia ezagutzeko eta ezagutzera emateko sortu zen, «ikuspuntu demokratiko eta aurrerakoi batetik abiatuz», Mireia Zarate fundazioko lehendakariaren esanetan. Hiru arlo ditu: euskal abertzaletasunaren artxibo historikoa, euskal abertzaletasunaren museoa eta Think Next atala. Hirugarrena duela urtebete sortu zuten, askotariko ikuspuntuak dituzten pertsonak batu eta etorkizuneko erronkei nola aurre egin pentsatzeko. Emakumeak eta politika, Politika eta komunikabideak, eta Politika eta gazteak izeneko gogoeta saioak egin dituzte, besteak beste.
- Telesforo Monzon eLab. Duela bost urte sortu zuten, Euskal Herriak XXI. mendean dituen erronken inguruan pentsatzeko, batez ere herrigintzan eta estatugintzan ardaztuta. «Amaitzen ari den eta sortzeko dagoen mundu berriaz pentsatzeko», Urko Aiartza zuzendariaren esanetan.
- Agirre Lehendakaria Center. Duela 11 urte sortu zen. Gorka Espiauren hitzetan, hobeto ulertzeko azken hamarkadetan Euskal Herrian zer gertatu den. «Gure inpresioa zen gogoeta oso sakonak zeudela, baina partzialak zirela, eta gogoeta horiek konektatzea da gure zeregina».
- Arantzazulab. Demokraziaren higatzearen ondorioz, haren berrikuntzan sakontzea du zeregin. Naiara Goiaren esanetan, «demokrazia krisian dago, atxikimendurik eza antzematen da, eta herritarrek sentitzen duten erakundeek gutxi hartzen dituztela aintzat». Elkargune bat izatea du helburu, lankidetzazko gobernantzak garatuz. Kultura politiko diferentetako jendea elkartu eta elkarrekin pentsatzeko modu berriak arakatzen dabil.