Bozak Euskal Herrian

Herri kontseiluak eta auzapezak izendatu dituzte Ipar Euskal Herriko 142 herritan

Bigarren itzulia behar duten herriek datorren ekainaren 28an izanen dute bozka eguna. Egoera sanitarioa ikusirik, kanpaina birtuala izateko proposamena egin dute

Aiziritze. Babes neurriak errespetatuz ari dira egiten herri kontseiluen bilkurak. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Gaur dute azken epea Ipar Euskal Herriko 142 herritako herri kontseiluak osatu eta auzapezak izendatzeko. Martxoaren 15ean egin zuten herriko bozen lehen itzulia Ipar Euskal Herrian. Koronabirusaren hedapenaren ondorioz, bertan behera utzi zuten hauteskunde prozesua. Hala ere, lehen itzulitik bozen gehiengo osoa lortu zuten zerrenda batzuek, 142 herritan, eta, beraz, erabakita gelditu zen emaitza. Herri horietako hautetsiek maiatzaren 18an hartu zuten kargua, eta, geroztik, herri kontseilua osatu eta auzapeza izendatzeko elkartu dira. Gaur dute azken epea herriko etxeetako karguak banatzeko. Azken egunetan, hainbat herritako kontseilu eta auzapezak ezagutarazi dituzte, hala nola Angelun, Donibane Lohizunen, Biriatun (Lapurdi) eta Donapaleun (Baxenabarre).

Gainontzeko hemezortzi herrietan aurkeztu ziren zerrendek ez zuten gehiengo osoa lortu martxoaren 15ean. Ondorioz, bigarren itzulia egin beharko dute ekainaren 28an. Kontseilu Zientifikoak ez zuen aurkako iritzirik agertu, baina segurtasun neurri oso zorrotzak ezarri ditu bozen egunerako, eta kanpaina egiteko ere bai. Bozkalekuetan maskara derrigorrezkoa izanen da, metro bateko distantzia errespetatu beharko dute bozkatzera doazenek, eta eskuak desinfektatzeko gela jarriko dute leku guztietan.

Christophe Castaner Frantziako Barne ministroak kanpaina birtuala egitera bultzatu ditu hautagaiak, elkarretaratze fisikoak murrizteko asmoz. Eztabaidak prentsaren bidez egiteko gomendatu du, bestalde. Kontseilu Zientifikoak baldintza gisa ezarri du ekainaren 28a baino lehenagoko asteetan «arrisku epidemikoa» neurtzea. Horren emaitzen arabera, azken momentura arte atzeratzen ahalko dute bigarren itzulia egiteko eguna.

Aliantza jokoen zain

Egoera sanitarioa ikusirik, lehen itzulian, abstentzioak gora egin zuen, hiri handietan bereziki: Miarritzeko (Lapurdi) hautesleen %59,43k ez zuten bozkatu. Barnealdean, eragin gutxiago izan zuen krisiak bozkatzaileen kopuruan. Hala ere, eta abstentzioa alde batera utzita, lehen itzuliko emaitzek joera zenbait erakutsi zituzten. Herriko etxe zenbaitetan urteetan auzapez izan zirenak handik atera zituzten: Biriatun, Hazparnen (Lapurdi) eta Donapaleun (Nafarroa Beherea), besteak beste. Donapaleun, hamarkadetan Lüküze Altzümartako (Nafarroa Beherea) auzapez izan den Barthelemy Agerre aurkeztu zen, eta egoera ikusirik, abertzaleek Charles Mazondorekin partitzea erabaki zuten. Bozen %63,26 lortu zituen Mazondoren zerrendak, eta Agerrek, %36,74.

Beste zenbait tokitan, hala nola Angelun (Lapurdi) eta Baionan, egonkortasuna markatu zuten lehen itzuliko emaitzek. Angelun, Claude Olive eskuindarrak lortu zuen bozen gehiengo osoa. Beste zenbait lekutan, zerrenda abertzale ekologistek hozka bat igo zuten, tartean Urruñan, Ziburun eta Uztaritzen (Lapurdi). Sorpresa sortu zuen Eneko Aldana zerrendaburu ziburutar abertzalearen emaitzak: lehen itzulitik aise aitzinetik jalgi zen, bozen %44,66 lortuta. Bigarren itzulirako beste zerrendekin negoziazioak abiatu ditu ziburutarrak. Urruñan ere zerrenda ireki abertzaleak lortu zuen boz gehien: %40,8. Filipe Aramendi zerrendaburuarekin batzea ukatu du Sebastien Etxebarne zentristak, orain arte.

Zerrenda abertzaleek, oro har, hozka bat igo zuten martxoaren 15ean. EH Baik esan zuen emaitzak «abertzaleek tokian-tokian egindako lanaren uzta» izan zirela. Ikusteko dago bigarren itzulirako aliantzek zer aukera emanen dizkieten talde abertzale ekologistei.

Urruña, Ziburu, Baiona, Miarritze, Azkaine, Itsasu, Senpere (Lapurdi) eta Mauleko biztanleek, besteak beste, joan beharko dute bozkatzera. Bigarren itzulira pasatzeko boz nahikoa lortu zuten zerrendek —%5 gutxienez— aliantzak egiteko aukera izanen dute beste hautagaiekin zerrenda bateratu bat osatzeko. Zerrenda abertzaleek aukera izango dute beste zerrenda batekin batzeko bozen gehiengoa segurtatzeko. Bestalde, egoera sanitarioa ikusirik, kanpaina ezingo da usaiako baldintzetan egin, eta datozen egunetan zehaztuko ditu baldintzak Frantziako Gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.