«Negutik primaderara» igarotzeko boto eskea

Otxandianok bi eredu politiko daudela esan du: «Batetik, alderdikoia, norberaz hitz egiten duena; eta, bestetik, herri ikuspegia erdigunean jartzen duena». Otegik adierazi du EH Bildu dela Euskal Herrian «gehitzen duen» ezker bakarra.

EH Bilduren mitina, gaur, Tolosan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
EH Bilduren mitina, gaur, Tolosan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko apirilaren 13a
17:00
Entzun

«Apirilean goiz eder batez goizik bainintzan atzarri/ [...] gau hartan zerbait gertatu zela, beha nezon kanpoari/ negu zitalak lekua utzi ziola primaderari». Xalbadorren hitz horiekin abiatu du Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaileak gaurko ekitaldia, eta txalo artean hartu dute haren bertsoa. Hauteskundeetarako astebete falta den honetan, koalizioak lanean jarraituko duela erran du Iriartek, aurrera begira; eta apirilaren 22an leihotik begiratzean herritarrak Xalbadorren hitz horiez gogoratuko direla: «Negu zitalak lekua utziko diolako primaderari». Hori gerta dadin boto bakoitza lortzeko «borrokatu» behar dela gogoratu du, eta gaur mitinean izan diren pertsona horietako bakoitza «ezinbestekoa» dela.

Udaberria hautetsontzietara ez, baina Tolosako Beotibar pilotalekura (Gipuzkoa) iritsi da gaur, giroak eta tenperaturak erakusten zutenez. Gipuzkoa osoko herritarrei egina zieten bertan parte hartzeko gonbita, eta ehunka lagunek onartu dute. 12:00etarako ia ordubete falta zela, inguruko aparkaleku guztiak gainezka zeuden, eta laster hasi dira auto ilarak. Pilotalekuko txoko guztiak bete eta gero iritsi dira alderdikideak, txalo artean.

Pello Otxandiano lehendakarigaiak zintzo hasi du hitzaldia: «Urduri nago». Aitortu du ez dagoela urduri jende anitzen aurrean solastatu behar delako; «zuek jada ez didazue beldurrik ematen», erran du, irribarre lotsati batekin. Ordea, urduri dago kanpaina honetan lehenbiziko aldiz gauza asko egin behar izan dituelako, baina komunitate bat atzean izateak lasaitu egiten duela erantsi du. Gizartea ziklo politiko berri baten aurrean dagoela erran du, eta ezker independentista prest dagoela horri heltzeko.

EH Bilduren ekitaldia gaur, Tolosan. EH BILDU
EH Bilduren ekitaldia gaur, Tolosan. EH BILDU

Azken astean bertze zenbait alderdik zabaldutako mezuari heldu dio Otxandianok, bi eredu politiko daudela nabarmenduta: «Batetik, alderdikoia, norberaz hitz egiten duena, eta, bestetik, herri ikuspegia erdigunean jartzen duena». Lehenbiziko ereduari politika tradizionala deitu dio: «Kanpainan promesak egiten ditu, agintean dagoenean betetzen ez dituenak». Bigarren eredua da EH Bildurena, eta helburu batekin egiten dute lan: «Elkarguneak identifikatu, eta desberdinen artean lan egin».

Onartu du Euskal Herriak «etorkizuneko proiektu bat» behar duela, eta hori «desberdinen artean» eraiki behar dela. «Eredu horrek euskal gizarteak subiranotasun handiagoa izateko, politika publiko berdintasunezkoagoetan eta aurrerakoiagoetan aurrera egiteko duen agindua jasotzen du». Azpimarratu du «interes alderdikoiak alde batera utzi» behar direla, eta horien ordez «herri interesak» erdigunean jarri.

«Aldaketa badator, eta ezker independentista deitua dago aldaketa horren lider izatera». Hortaz, argi erran du ez dela «ziurgabetasun handiagoa transmititzeko garaia», esperantzarena baizik. Izan ere, uste du jendeak beldurrak dituela: bizitza gehiago garestitzeari, klima krisiari, gerrei eta etxebizitza galtzeari, esaterako. «EH Bildu esperantzaren eroale da: esperantza aktiboa, elkarlanarekin eraikitzen dena, herri ikuspegiarekin, lanarekin, konpromisoarekin eta komunitate baten beroarekin eta indarrarekin eraikitzen dena».

«Gehitzeko ahala duen ezkerra»

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia ere Tolosan izan da, eta erran EH Bilduk hauteskundeak irabazteko «aukera» duela: «Hori ezin da ezkutatu». «Hiru lurralde hauetan, EAJrekin hegemonia lortzeko lehian aritzeko gai den ezker bakarra EH Bildu da, eta hori da erantzukizun politikoagatik indartu behar den aukera». Izan ere, erran du Euskal Herrian «gehitzeko ahala duen ezker bakarra» dagoela, eta EH Bildu duela izena.

Duela zortzi urte Donostiako Belodromoan egindako proposamena gogora ekarri du Otegik: «Enplazamendu bat egin nion orduan Espainiako ezker konfederalari, eta guk orduan esandakoa bete dugu. Ez dizuet eskatzen EH Bildukoak egiteko: eskatzen dizuet apirilaren 21ean aldaketaren alde egiteko».

Bide horretan gazteak ere behar dituztela erran du, eta eskertzen duela horiek egiten dituzten ekarpenak. Barre artean eta erdi txantxetan zehaztu du horrek ez duela erran nahi gainerako alderdikideak zaharrak direnik: «Gu ez gara zaharrak, gu antzinakoak gara». Esaldi horrek ekarri du eguneko barre sorta ozen eta luzeena, baita txalo zaparrada bat ere.

Hainbat gazte EH Bilduko papeleta eskuan dutela gaur, Tolosan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Hainbat gazte EH Bilduren boto paperak eskuan, Tolosan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Koalizioan diharduten gazteek ere hitza hartu dute, eta pilotalekuaren aurreko partea aldez alde bete. Gogoratu dute maiz entzuten dela gazteek ez dutela politikaren inguruko interesik, eta, aldi berean, erraten dela horien falta nabaria dela arlo politikoan. Baina argi erran dute «nazkatuta» daudela horrelako mezuak entzuteaz, errealitatea kontrakoa delako, eta besteak beste buru osasunak, emantzipazioak eta klima aldaketak anitz kezkatzen dituelako. «Gu ere aldaketa gara, gu ere mugimendu honen kide sentitzen gara, gu ere EH Bilduko kide sentitzen gara, eta harro gaude». Gazteek EH Bilduren alde bozkatuko dutela erran dute, eta, boto paperak astintzen zituztela, «ez dadila haria eten», oihukatu dute.

Ordu eta erdiko ekitaldia amaitzean, «antzinakoen», haur eta gazteen txaloek hartu dute azkenekoz Beotibar. Datorren igandean «udaberria loratuko den itxaropenarekin» astindu dituzte ikurrinak, «Pello lehendakari» oihukatzen zuten bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.