Unibertsitatean hasi zen Josefina Roco Sanfilippo Txefi (Argentina, 1979) mugimendu sozialetan parte hartzen. Eta, pixkanaka, herri hezkuntzara hurbiltzen—Hego Amerikan eta Erdialdeko Amerikan du jatorria kontzeptuak: educación popular—. Euskal Herrian, hainbat kolektibotan parte hartzen jarraitu du; besteak beste, Bizkaiko Eskola Feminista koordinatzen dihardu. Iaz gonbidatu zuten Bor-Bor (K) egitasmoan parte hartzera. Euskalduntzen ari da.
Nola definituko zenuke herri jakintza kontzeptua?
Herri jakintza oso tresna indartsua da emantzipazio praktika gisa, errealitatea eta gizartea eraldatzeko tresna gisa. Ez da prozesu neutroa; herri sektoreetatik, zapalkuntza jasaten ari diren sektoreetatik sortzen da. Hezkuntza sistema formala deseraikitzeko ariketa kolektiboa da. Emantzipazioaren pedagogiaz ari gara, zapalduaren pedagogiaz, eta eredu izateaz. Askotan, indibidualizatu, alienatu eta zatitu egiten gaitu sistema honek, eta ez dugu ikusten prozesu batzuk komunak direla. Elkarreraginean jarri eta integratu egiten ditu herri hezkuntzak.
Nola lantzen da?
Batetik, egite praktikoa dago, eguneroko egite konkretua; bestetik, praktika horiei buruzko hausnarketa teorikoa, ideologikoa, politikoa. Truke prozesu bat da, hausnartzekoa; batzuetan tentsioak ere sortzen ditu. Hori guztia elkarri lotu eta hortik gauzak ateratzea da herri hezkuntza. Batez ere, desafio handi bat da.
Ez dela neutroa diozu. Zein zentzutan?
Historikoki, dominazio sistema kapitalista, patriarkal, xenofobo, arrazista eta eurozentrikoaren hegemoniaren eraikuntza hezkuntza formalean oinarritu da. Herri hezkuntza tresna zentrala da horrekin hautsi eta aldatzeko. Lubaki bat gehiago da.
Parte hartze prozesu baten antza du, ezta?
Ez da parte hartze dinamika soil bat, erakunde batzuek egin dezaketen gisako zerbait. Errealitate bat eraldatzeko konpromisotik politizatua ez bada, ez da herri hezkuntza.
Non sortu zen kontzeptua? Zein momentu historikotan?
Hego Amerikatik eta Erdialdeko Amerikatik dator, baina badaude esperientziak Indian, Afrikan, Europan. Niretzat, oso garrantzitsuak izan dira Brasilgo MSTren herri hezkuntzarako eskolak, Argentinako Pañuelos en Rebeldia taldea... Batez ere, 1970eko hamarkadaren hasieran sortu ziren prozesu horiek, eta 1980koan izan zuten goraldia: Latinoamerikan neoliberalismoak hasitako lehen oldarraldietan. Erreakzioak sortu ziren pentsamendu bakarraren aurka, natur baliabide komunen lapurretaren aurka... Batez ere, landa eremutik, baina baita eremu urbanotik ere. Funtsean, zapalduen pedagogia bat da. Ez da ez haiekin, ez haientzat. Haiena da, eta kolektiboki eraikitzen da. Erresistentzia, errebeldia, bizipoz eta amorru esperientzia bat da.
Nola egiten da hori?
Hainbat dinamika konbinatzen dira: ludikoa, politikoa, teorikoa, festarena, hausnarketarena... Parte hartzen duten pertsona guztiak egoera horizontalean daude, etengabeko trukean. Dinamizatzailearen rola da espazioan erraztea, elkarrizketa piztea, prozesua sistematizatzea eta sozializatzea. Baina pertsona guztiak dira jakintzak sortzeko prozesuaren protagonista. Gero, testuinguruaren arabera, metodologiak ere dimentsio berriak hartuko ditu. Parte hartzen duen jendea testuinguru batean dago kokatua, eta hori ezin da prozesutik banandu.
Neoliberalismoaren erasoaldiaren testuingurua aipatu duzu, Latinoamerikan. Orain, alderagarria izan liteke Europako egoera ere. Zer ekar dezake?
Funtsezkoa da hau pentsatzea: askotan, nola ematen zaion zilegitasuna menderatzeari. Krisian dagoela diogun sistema hori zein neurritan ez ote den bihurtzen ari inoiz baino indartsuago. Zein lekutatik ari diren zilegitasuna ematen dominazioari, eta zein lekutatik ari garen alternatibak pentsatu eta eraikitzen. Askotan, zoritxarrez, zatiketa eta bakartze horren ondorioz, gerta liteke alternatiba horiek beren mundu txikian geratzea oharkabean, eguneroko koiunturagatik, urgentziagatik. Prozesu honek ahalbidetzen du praktika konkretuak indartzea, kokatua dagoelako parte hartzen duten pertsonen errealitatean.
Borrokak bateratzeko bide da?
Bai. Zehazki, bateratu egiten ditu zapalkuntza ezberdinetako elementuak. Sistemak, egunerokoan, ez digu horiek ikusten uzten, horrela indartu egiten delako. Beraz, emantzipazio tresna bihurtzen da herri hezkuntza. Zerumugak irekitzen ditu borroka komunerako. Hori da agian gehien kostatzen zaiguna, eta hortik ere etor litezke eraldaketak.
Josefina Roco Sanfilippo, 'Txefi'. Bor-Bor (K)-ko kidea
«Herri hezkuntza ez da neutroa: zapaldutako sektoreetatik sortzen da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu