«Herri gogoa» Korrikatik Euskaraldira eraman nahi dute

Euskararen aldeko bi egitasmo sozialen arteko lotura irudikatu dute antolatzaileek. Hizkuntza ohiturak egonkortzean eta ahalduntzean jarriko du arreta aurten Euskaraldiak

Korrikaren eta Euskaraldiaren antolatzaileak, atzo goizean, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Aperribai.
Donostia
2022ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun

Korrikaren antolatzaileek lekukoa pasatu diete Euskaraldikoei. Horixe irudikatu zuten atzo goizean Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean, eta, halaber, batean erakutsitako indarra bestean isla dadin eskatu dute. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo dute ariketa sozialaren hirugarren aldia, Hitzez ekiteko garaia lelopean.

Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak gogora ekarri zuenez, azken bi urteetan pandemiak «gogor» jo du gizartea, eta horrek eragina izan du mugimendu euskaltzalean ere: «Harreman sozialak zailagoak izan dira, eta horrek hizkuntza praktiketan eragina izan du; bai herritarren hizkuntza praktiketan, bai erakundeetan».

Urkijok nabarmendu zuen urte hasieran AEK-k eta Euskaltzaleen Topaguneak esan zutela aurtengo urtea «kaleak hartzekoa eta herritarrak aktibatzekoa» izango dela. Haren arabera, hala berretsi du Korrikak ere: «Erakutsi du euskararen aldeko herri gogoak sendo jarraitzen duela, eta datozen ekimenen bidez jarraitu nahi dugu herri gogoa sendotzen eta urrats zehatzak eragiten». Horien artean aipatu zituen euskararen erabilera, ezagutzaren unibertsalizazioa eta «euskararentzako gune erosoak zabaltzeko urratsak» ematen jarraitzea.

«Herri gogoari» aipamena egin zion Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak ere, eta «oso garrantzitsutzat» jo zuen erakutsitako «energia soziala» Euskaraldira eramatea, lau arrazoirengatik: «Bi ekimenak erabakigarriak direlako euskararen dinamika soziala hauspotzeko»; «indibidualismoaren garai honetan, kolektiboaren eta taldearen indarra islatzeko»; «herriak euskaraz bizi nahi duela adierazteko»; eta «hizkuntzaren biziberritzean urrats sendoak egin daitezen eskatzeko».

Martxan, tokian-tokian

Herriz herri eta auzoz auzo hasiak dira udazkeneko ariketa soziala antolatzen. Euskalgintza soziala aktibatzearen garrantziaz mintzatu zen Maddi Juanikorena Donostiako Euskaraldia batzordeko koordinatzailea. Izan ere, pandemiaren eraginez bizitza soziala mugatu behar izateak «isla» izan du batzordeetan eta euskalgintzan, oro har: «Normaltasunez lan egiteko oztopoak eduki ditugu». Halere, egoera ari da aldatzen, esan zuenez: «Nabari dugu badela gogo eta indar berezi bat, bultzada kolektibo bat; Korrikan ikusi dugu eta azken herri egitasmoetan ere nabari dugu». Juanikorenak azaldu zuen batzordeek «ahalegin berezia» egingo dutela aurten, «hizkuntza ohituretan aldaketak eman eta horiek egonkortzeko». Ahobizien eta belarripresten «ahalduntzea» ere lehentasunezkoa izango dela erantsi zuen, eta horretarako «tresnak» emango dituztela.

Euskaraldiaren aurretik egitasmo soziala berotzeko egingo dituzten zenbait ekintzaren berri eman du Urkijok. Maiatzaren 18an, entitateek izena emateko epea irekiko dute, eta, ekainean, Euskaraldiaren abestia aurkeztuko dute. Norbanakoei, berriz, irailaren 29tik aurrera zabalduko diete izena emateko epea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.