Ekainaren 7an Bilbo «txiki» gera dadin lanean hasita daude Gure Esku-n. Mobilizazio bat egitekoak dira egun horretan, Herri libre bat lelopean, eta herri guztiak modu esanguratsu eta berritzaile batean erakutsiko dituen deialdi erraldoi bat antolatzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, eta hargatik ari dira Gure Esku-ko herri batzordeak berriz aktibatzen eta ez dauden tokietan sor daitezen ahalegintzen.
Beste estatus bat ezartzearen gaineko eztabaida irekita dago Euskal Herria osatzen duten hiru administrazio nagusietako lurretan. Euskal Autonomia Erkidegoan, estatus berriaren eztabaidan murgilduta daude alderdiak; hala nabarmendu da, behintzat, alderdi nagusiak lantzen ari diren txosten politikoetan; Nafarroako Parlamentuan, bestalde, martxan dago autogobernua berritzeko lantaldea; eta Ipar Euskal Herrian, EH Baik hizpidera ekarri du Iparralderako autonomia estatutu bat ontzeko beharra. Gure Esku-n uste dute herritarrak ezin direla subjektu pasibo izan abagune politiko horretan, eta hargatik, herritarrei antolatzeko eta mobilizatzeko deia egin diete.
Unai Oiartzabal Gipuzkoako Gure Esku-ko arduradunak eta Beñat Sarasola Tolosaldeko Gure Esku-ko arduradunak azaldu dute ekainaren 7ari begirako prozesua nola landu asmo duten. Badute esperientzia, Gure Esku-k antolatu dituen hainbat mobilizazio esanguratsutan ibiliak baitira. Izan ere, iaz bete zen hamarkada bat erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika herritarrak bere lehen ekintza jendetsua egin zuela. 2014an eta 2018an bi giza kate erraldoik zeharkatu zuten Euskal Herria, estadio nagusietan ere mobilizatu ziren 2015ean, Pirinioetako 300 bat tontor argiztatzeko ekinaldia egin zuten 2022an, eta, 2023an, Frantziako Tourra Bilbotik atera zenean, agerian gelditu zen lasterketa Euskal Herritik igarotzen ari zela, errepide bazterrak ikurrinaz eta Nafarroako banderaz josi zituzten eta.
Datorren erronka ere ez da makala. Hori dela eta, lurralde batzarrak egiten hasiak dira. Nafarroako taldeak martxan jartzeko, Iruñean egin zuten lehen batzarra, asteartean. Bigarrena asteazkenean egin zuten, Tolosan, Gipuzkoa aktibatzeko. Arrasatetik Oiartzunera, Pasaiatik Lizartzara eta Seguratik Aretxabaletara, lurraldeko ordezkaritza zabala elkartu zen Tolosan asteazken ilunabarrean, dinamikaren berri izateko eta bileran bildutako informazioa gero herrietan zabaltzeko. Josu Etxaburuk eta Pello Urzelaik eman zituzten argibideak, Gure Esku-ren izenean. Hauek izango dira hurrengo lurralde batzarrak: urtarrilaren 21ean, Zornotzan elkartuko dira, Bizkaiko herritarrak aktibatzeko, eta 24an Gasteizen, Araba aktibatzeko; Ipar Euskal Herrikoa baieztatzeko dago.
Aurkezpenak otsailetik aurrera
Oiartzabalek azaldu du gero herri bakoitzak bere agenda propioa izatea dela asmoa, nahiz eta ekintzak proposatuko diren. Otsailetik aurrera herrietan aurkezpenak egiten hastea da asmoa, eta kalean gero eta presentzia handiagoa izatea. Kartelak eta beste prestatu dituzte horretarako, eta arropa salgai ere jarriko dute.
«Estatus politikoaren auzia mahai gainean dago, bai Ipar Euskal Herrian, bai Hegoaldean, eta hari heltzeko garaia da»
UNAI OIARTZABALGipuzkoako Gure Esku-ko arduraduna
Sarasolak uste du ekainaren 7ko mugarria izatea lagungarria izan daitekeela jendea inplikatzeko. Ikusten du erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaida mahai gainean dagoela, baina uste du gaia landu beharra dagoela. Horregatik iruditzen zaio inportantea ahalik eta eragile gehien batzea dinamika horretara.
Oiartzabalek bat egin du harekin: «Estatus politikoaren auzia mahai gainean dago, bai Ipar Euskal Herrian, bai Hegoaldean, eta hari heltzeko garaia da». Izan ere, uste dute beste tresna batzuk behar direla herri gisa garatzeko baliabideak eskatzeko eta datozen erronkei erantzuteko. Estatus politiko bat izateko helburua eta herri honetako bizi baldintzak hobetzea lotuta daudelakoan daude, ezin direla bereizi.
Gaineratu dute herritarrek ezin dutela subjektu pasibo izan prozesu horretan. Horrela dio Sarasolak: «Argi dago babes soziala behar dela halako helburu bat lortzeko. Babes sozialik gabe, zaildu egiten da. Beharrezkoa dugu indar erakustaldi bat izatea».
«Argi dago babes soziala behar dela halako helburu bat lortzeko. Babes sozialik gabe, zaildu egiten da. Beharrezkoa dugu indar erakustaldi bat izatea»Beñat SarasolaTolosako Gure Esku-ko arduraduna
Izan ere, ezinbestekotzat jotzen dute erabakitzeko ahalmena handitzea, sendotzea eta babestea.
Horretan guztian ardaztuta jarri dute ekainaren 7ko mugarria. Mobilizazio horren bidez, Euskal Herri osoko herritarrak bateratu nahi dituzte, herritarrak ardatzean eta oinarrian egonda. Finean, Euskal Herria osatzen duten herri guztien erakusgarri izango den mobilizazio erraldoi bat dute buruan, eguna gogoangarri bihurtzeko modukoa. Helburu hori betetzeko edozein proposamen jasotzeko prest daude.