Udal hauteskundeak Ipar Euskal Herrian. Herri eta hiri elkargoak

Herri eta hiri elkargoetara sartzeko «perspektiban» dira abertzaleak

Leku batzuk lortzeko aukera handiagoa dute abertzaleek, aurten lehen aldikoz proportzionalki banatuko direlako aulkiakAbertzalea edota burua abertzale duten 25 bat zerrenda dira herriko bozketetarako

Hego Lapurdiko abertzaleek 2012an egindako agerraldi bat. BOB EDME.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2014ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Abertzalea edota burua abertzale duten 25 bat zerrenda dira martxoaren 23an eta 30ean aurkeztuko herriko hauteskundeetara. Frantziako Parlamentuak iazko maiatzaren 17an bozkatu legeari segiz, aurreikus daiteke horietariko hainbatek aulkia lortuko dutela herri edota hiri elkargoan ere. Hain zuzen, lehen indarra ateratzen den zerrendak ukanen ditu aulkien erdiak, eta besteak proportzionalki botoen %5 baino gehiago lortutako guztien artean banatuko dira. Bukatu da, beraz, herriko kontseiluko gehiengoen artean aulkiak banatzen zituzten garaia. 1.000 biztanlez goragoko herrietan da sentituko aldaketa, herri txikietan azkenean bozkatzaileak botoa ematean de facto herri elkargoarentzat ere emanen duelako. Berritasun handia da, eta ezkerreko abertzaleek horren garrantzia neurturik dute: «Dudarik gabe, herri eta hiri elkargoetara sartzeko perspektiban gara», dio EH Bai koalizioaren izenean Anita Lopepek. «Erabaki guneetan izateko herri eta hiri elkargoetan egon behar garelako». Aulki batzuk lortzeko esperantza dute, batez ere, 1.000 biztanlez goragoko herrietan, zerrenda abertzale andana dituztelako.

EAJ alderdiak, haatik, beste estrategia bat du harturik: «Kontseiluko gehiengoan kokatzen saiatzen gara, oposizioan ez dugu egon nahi, lan gehiago egiten delako gehiengoan denean», dio Gaxuxa Elorga Ipar Buru Batzarreko idazkariak. Hainbat herritako UMP edota UDI zerrendetan kokaturik dituzte kide batzuk, euskarari buruz eta euskal lurralde elkargoaren aldarriarekin bat egiten dutela segurtatu ondoren. «Geure burua ez dugu sozialistekin ikusten, lurralde elkargoaren kontra dira nazioan, eta ikastolei ere oztopoak jartzen dabiltza».

Hauteskundeei buruzko hausnarketa bi zentzutara du EH Bai-k: «Bil Gaiten-en proiektu politikoa marrazteko, herrien baina ere herri zein hiri elkargoen eskala kontuan hartu dugu», Lopepek erran duenez. Herri eta hiri elkargo batzuetan, Hego Lapurdikoan, adibidez, barne diren herrietako militanteen artean jada adosturik dute hiri elkargorako proiektua. Dena dela, lehen pausoa dute hori, eta hauteskundeen biharamunean segitu gogo dute: «Hautetsien arteko eta, hori baino gehiago, hautetsien eta militanteen arteko gogoeta guneak sortuko ditugu».

«Herri txikietan zailago da, auzapeza delako usu pasatzen edo auzapeza eta axuanta bat». Baina bakar batzuk badira, hala ere: Jean-Mixel Galant Azkarateko auzapeza, Leonie Agergarai Muskildikoa, Daniel Olzomendi Izurakoa, Jojo Goihenetxe Lekunberrikoa eta abar. Barnean egon arren, gutxiengo handian dira, eta ez da beti erraz: «Politika solasetan, %90ek abertzaleen kontrako jarrerak dituzte, nahiz eta orain behintzat errespetatzen gaituzten», Olzomendiren hitzetan.

Indar handiagoa ukaiteko, barnetik bezainbat kanpotik eragin nahi dute herri elkargo horietako erabakietan. «Barnean diren abertzaleak sostengatuko ditugu, eremu horren heinean modu egituratuago batean arituz lanean», Lopepek zehaztu duenez.

Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionala lortzeko bidean, herri eta hiri elkargoetan egoteak «garrantzi» handia du, abertzaleen ustez. Bertan presente egoten da eztabaida instituzionala, eta interesa dutenak egonez gero are toki handiagoa hartzen du eztabaidak. «Ondoko sei urteetan gauza inportanteak gertatuko dira. Berrantolaketaz hitz egiteko orduan hor egon behar gara, bestela gu gabe erabakiko dute», dio Olzomendik. Lopepek ere argi du: «Eztabaida instituzionalaren harira leku biziki inportanteak dira herri eta hiri elkargoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.