Herri estrategia baterako zertzeladak

'Euskalherrigintza' izeneko solasaldia egin dute Xabier Barandiaranek eta Pello Otxandianok, online. Mundu mailako garai berrien aurrean, garrantzia eman diete nazio eraikuntzari, herriaren ahalduntzeari eta lankidetzari.

Mondragon Unibertsitateak online bidez atzo antolatutako saioaren une bat: marrazki bidezko ondorio batzuk. BERRIA.
enekoitz esnaola
2020ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Euskal Herria «une kritikoan» dago, eta datozen urteetako «erronka kolosalei» aurre egiteko «herri estrategia bat» behar du. Hala deritzote Xabier Barandiaran Deustuko Unibertsitateko irakasle eta Markel Olano (EAJ) Gipuzkoako ahaldun nagusiaren estrategia aholkulariak eta Pello Otxandiano Sortuko Herrigintza idazkariak. Euskalherrigintza solasaldian mintzatu dira, online, Mondragon Unibertsitatearen Herrigintzaren Berrikuntzan egitasmoak antolatuta. Jon O. Urain BERRIAko kazetariak gidatu du. «Antolatu eta eratu» beharra aldarrikatu du Barandiaranek, «baina denbora pasatzen ari da». «Asko gal dezakegu», erantsi du Otxandianok; «bost urtera egoera katasfrofikoa izan daiteke». Biek nabarmendu dute, ordea, ez dela hausnarketa baterako egokierarik; «fororik» eta «dinamika soziopolitikorik» ez dagoelako, Otxandianok adierazi duenez, eta ez dagoelako «nahikoa kultura zibikorik», Barandiaranek erantsi duenez. Krisia, beraz. Baina «aukerak» ere badaude.

Herrigintza naziogintzarekin identifikatzen dutela esan dute bi hizlariek, eta Otxandianok gehitu du estatugintza prozesua ere behar dela. «Ez dira gauza bakarra herrigintza, naziogintza eta estatugintza, baina eskutik helduta daude». Euskal estaturik ez dago oraindik, eta, Joxe Azurmendi filosofoaren esanak gogora ekarriz, solasaldiko kideek azaldu dute nazioa egiten jarraitu behar dela, egunero egin behar dela hori. Duela 60-70 urteko herri gogoa laudatu dute, Hego Euskal Herrian Francisco Francoren diktadura indarrean zegoen sasoikoa. Otxandiano: «Beti izan gara ahulak, baina 1950eko hamarkadan askoz ahulagoak ginen, eta gai izan ziren ia ezerezetik autoantolaketa komunitarioa egiteko». Haren arabera, orduko pizkundeak gaur arte iraun du, baina egun, mundua hainbeste aldatu den garaiotan, «erantzun berritzaileak» eraiki behar dira.

Barandiaranek uste du mundu mailako testuinguruan «populismoak» indarra hartu duela, hori ezin dela lotu ildo ideologiko batekin, «tranbertsala» baita, eta ikusten du horrela zaila dela «eztabaida zorrotz bat eta diagnostiko on bat egitea». Hala, galdetu du «marko nahasi» horretan euskaldunak nola kokatzen diren munduan eta zer den egin dezaketena. Orain dela lau hamarkadako giro politikoa ekarri du gogora, ETAren bueltako mugimenduaren eta «abertzaletasun historikoaren» arteko talka, eta gehitu du, «neutroa» ez delaaitortuta, bi bideok «agortuta» daudela. Esan du euskal erakunde prozesuaren ondorioz «asmatu» dela osasun sisteman eta politika sozial eta industrialean, baina gabeziak ere atzeman ditu komunikazio eta nazioarte politikan, eta hezkuntzan —«porrot egin du; jende prestatua behar da, kontzientzia kritikoa duena»—. «Daukagun arazoa da gure instituzionalizazio prozesuek ez dutela balio egoera honi aurre egin ahal izateko. Autogobernua, nazio eraikuntzarako tresna moduan, husten ari da, eta zerbitzu agentzia baten antz handiagoa du gure erakunde sistemak». Ondorioz, aurrerabiderako iritzi dio «herriaren ahalduntze demokratikoa» behar dela, eta, horretarako, tresnak. Otxandianok ere «naziogintza egiteko» beharrezko ikusten du ahalduntzea, eta agortutzat jo du gaur egungogobernantza eredua.

Bidegurutzean

Klima larrialdia, arrakala soziala, teknologiaren garapena, demografia, aniztasuna..., garrantzi handiko gaitzat jo dituzte biek, hurrengo hamarkada baldintzatuko dituztenak, eta ohartarazi dute «ondo aztertu» beharrekoak direla. «Bidegurutze batean gaude», dio Otxandianok, eta «erreakzio azkarra eta irmoa» eskatu du. Barandiaranek iritzi dio «premia» dagoela, eta aukera modura baliogarri ikusten du abertzaleen arteko lankidetza. Sortuko Herrigintza idazkariak gogorarazi du duela mendi erdi bat pasa abertzaletasunaren bi tradizio politikoek egin zutela nazio eraikuntzarako ekarpena eta izan zela «sakoneko» bat egitea.

Barandiaranek, oroz gain, herri kontzientziaren garrantzia nabarmendu du: «Espainiako Estatuaren jarrera ez da ustekabe bat: Katalunian 155a ezarri zuen eta COVID-19a kudeatzeko eskumenak ez ditu inondik inora errespetatu. Horrek hausnarketa batera eraman beharko gintuzke: urte askoan pentsatu eta sinistu izan dugu gure euskal erakundetze sistemak bazuela hitzarmen izaera bat estatuarekin, bereziki trantsizio politiko garaian, kontakizun hori sortu genuen, eta iruditzen zait autokritikoak izan behar dugula, bereziki abertzaletasun historikoaren hautua egiten dutenak. Gure etorkizunaz pentsatzen hasteko eta hitz egiteko ezin dugu gure erakunde sistematik Espainiako Estatuari aurre egiteko daukagun gaitasunean fede handirik izan. Baliozkoa eta inportantea da gure erakunde sistema, baina dudarik ez dago herriaren autoeraketan eta kontzientzian dugula sinistu beharra».

Munduko erreferentzia batzuk kontuan hartuta —Eslovenia, Estonia, Danimarka edo Zeelanda Berria—, «narratiba berriak sortu eta euskal nazioaren egitasmoa pentsatzeko» deia egin du Otxandianok; «orain ez gara hori egiten ari». Hark ere esparru abertzalean gogoeta egiteaz hitz egin du, baina zehaztu du hori ezin dela soilik alderdi politikoen artean egin. Barandiaran ados azaldu da; gainera, esan du alderdiak norberaren iraupena ziurtatzeko logikan daudela; «hauteskunde logikan». Gipuzkoako ahaldun nagusiaren Estrategia aholkulariak «paradigma demokratiko berria» galdegin du: publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana. Halaber, ezinbesteko deritzo abertzaleen arteko «gorrotoa» amaitzeari. «Baldintzak» sortzearen alde aritu da Otxandiano.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.