Herri estrategia bat eraldaketa gauzatzeko

Agirre Lehendakaria Centerrek hamar urte bete ditu, eta, hori dela eta, mahai inguru bat antolatu du «garapen jasangarrirako euskal ereduaz». Euskal Herriak aurrean dituen erronkak jorratu dituzte hizlariek.

Xabier Barandiaran, Aritz Otxandiano, Jule Goikoetxea eta Juan Jose Ibarretxe, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2023ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Agirre Lehendakaria Center ikerketa politiko eta sozialerako zentroak hamar urte bete ditu, eta, hori ospatzeko, zenbait ekitaldi eta mahai inguru antolatu ditu. Beste gai askoren artean, «garapen jasangarrirako euskal ereduaz» mintzatu ziren atzo Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia, Deustuko Unibertsitateko irakasle Xabier Barandiaran, EHUko Jule Goikoetxea eta Aritz Otxandiano Fagor Taldeko Iraunkortasun arduraduna. Gaiaren «konplexutasuna» nabarmendu zuten denek, eta diagnostikoaren zertzelada askotan bat etorri ziren arren, nork bere ikuspegitik egin zuen gogoeta auziaren inguruan.

Diagnostikoan asmatzeak daukan garrantzia izan zen, hain zuzen ere, Ibarretxeren hitzaldiaren abiapuntua. Soren Kierkegaarden hitzak ekarri zituen gogora: «Bizitza ulertzeko beharrezkoa da atzera begiratzea, baina, bizitzeko, aurrera begiratu behar da». Haren ustez, beharrezkoa da arlo publikoan nagusi den eztabaidaren esparrua aldatzea eta beste termino batzuetan kokatzea: «Adibidez, kapitalismoak historikoki behar batzuk asetzeko erabili ditu jakintza eta informazioa. Guk eraldaketarako erabili nahi ditugu, gizartea hobetzeko».

Horregatik,«gezurrezkoak» direla uste duen zenbait eztabaidaren kontra egin zuen Ibarretxek: kulturaren arloan, «unibertsala» eta «tokikoa» kontrajartzen dituen diskurtsoa kritikatu zuen; ikuspegi demokratikotik, gizabanakoaren eskubideak eskubide kolektiboetatik aldentzen dituena; eta alor ekonomikoan, «maximizazioaren»kultura gaitzetsi eta «lehiakortasuna eta elkartasuna» uztartzea proposatu zuen.

«Interesetan oinarritutako eztabaidaren esparrua aldatu behar da», esan zuen Ibarretxek. «Horrela lortuko dugu aldaketarako agenda bat izatea».

Goikoetxeak «kapitalismo digitala» eta «kapitalismo globalak digitalizazioaren bidez eskuratu duen esparru berria» izan zituen aztergai. Esan zuenez, Euskal Herria periferian kokatzen da kapitalismo digital berri horretan: «Industrializazioaren garaian, Euskal Herriak izan zuen klase industrial bat; gaur egun ez dago euskal klase kapitalista digitalik». Datuen metatze eta kudeatzearen bidez gauzatzen den «zapalkuntza» nabarmendu zuen: «Datuen lapurreta lurren lapurreta bezain larria da. Interneterabiltzen dugun bakoitzean desjabetzen gaituzte, dohainik ari gara kapitalismo digitalaren mesedetan lanean».

Planetaren mugak

Otxandianok ere egin zuen gaurko egoeraren azterketa: «Azken berrehun urtean ustiatu ditugu sortzeko milioika urte behar izan dituzten energia iturriak eta lehengaiak; horiek amaiezinak balira bezala jokatu dugu». Horren ondorioz, «orekak hautsi» egin dira eta gizakiak «planetaren muga biofisikora» iritsi dira.

Ataka horretan Euskal Herria «egoera zaurgarrian» dagoela deritzo Otxandianok, energia handia kontsumitzen duelako, energia gutxi sortzen duelako eta «jatorri fosileko energia iturrien menpekotasun handia» duelako. «Hori irauli behar da», erantsi zuen, eta horretarako energia berriztagarriak hedatzea, ekoizpena «demokratizatzea» eta azpiegituren inguruko eztabaida bera lurralde eta sektore eragindako guztiei irekitzea proposatu zuen.

Baina, Otxandianoren iritziz, hori guztia ez da nahikoa; «kulturaren aldaketa» ere behar da: «Gure gizartean, zoriontasunaren ideia oso lotuta egon da kontsumoari. Lotura hori apurtu behar da, eta bizitza soilagoak eta humanoagoak eraikitzen ikasi».

Barandiaran bat etorri zen Goikoetxeak eta Otxandianok egindako gogoeta askorekin, baina, batez ere, globalizazio ekonomikoak komunitate politikoan ekarritako aldaketak aletu zituen: «Nazioa egituratzeko ezagutu dugun sarea eta giza harremanen sistema aldatu dira. Orain, sozializaziorako esparruak beste batzuk dira». Haren esanetan, «gizartearen zatikatzea» ekarri du horrek guztiak, indibidualismoaren gorakada eta, bide batez, gizabanakoa komunitatetik aldentzea.

«Dominazio kulturala ari da garatzen, eta hori etxeko sukalderaino sartu zaigu», esan zuen. Hizkuntza jarri zuen adibidetzat: «Euskara ez dugu serio hartzen. Auzi horri lehentasuna eman behar zaio; ezin dugu atzerapauso bat gehiago eman».

Nork bere diagnostikoa eginda, elkarren artean iritziak trukatzeari ekin zioten hizlariek. Ibarretxek esan zuen nahiago zuela «baikorra» izatea: «Irtenbidea gure esku dago». «Bai, gure esku dago, baina horretarako baliabideak falta ditugu», erantzun zion Goikoetxeak, eta «euskal estatu egituren esku hartze handiago bat» proposatu zuen horretarako.

«Erantzunak Euskal Herrian bilatu behar direla uste duten alderdien artean» adostasunak bilatu beharko liratekeela esan zuen Otxandianok: «Tragedia bat izango litzateke auzi honetan ikuspegiak elkarrekin banatzeko eta akordioak lortzeko gauza ez izatea».

Bat etorri zen horretan Barandiaran, eta «herri estrategia bat» beharrezkotzat jo zuen horretarako. Baina, horretan, alderdi politikoek ez ezik herritarrek eta gizarte eragileek ere partaide izan beharko luketela pentsatzen du.

Barandiaranen aburuz, nazioa eraikitzeko historikoki «amestu» diren bi ardatzak erori dira: «Batzuek uste zuten borroka armatuaren bidez negoziazioa lortuko zela eta hortik berrantolaketa bat etorriko zela; bide horrek porrot egin du. Nazionalismo historikoak, berriz, sinetsi zuen erakundeak instituzionalizatzearen bidez eta negoziazio batzuen bitartez herria egituratzea lortuko zela; bide hori ere moztuta gelditu da 2005etik».

Hortaz, etorkizunari begira, «gizarte antolatua berrosatzea» eta «komunitatearen ahalduntzea» ezinbestekotzat jo zituen Barandiaranek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.