Herri Biltzak jakinarazi du, martxoaren 26an Gorka Torre Roca zigortu zuen Baionako Auzitegiari dei eginen diotela. Bostehun euroko isuna eta hilabeteko gibelapenezko kartzela zigorra eman zizkioten ekintzaile euskaltzaleari, Donibane Garaziko eta Izpurako (Nafarroa Beherea) hainbat osasun etxetan euskararen aldeko margoketak egitea leporatuta.
Ikusi gehiago
Desobedientziarako eta intsumisiorako deia egin zuen orduan Torrek Rocak, lehentasunez euskara agertzearen aldeko ekintzekin segitzera deitu zuen. Herri Biltzak ohar batean jakinarazi duenez, beste bi ekintza egin dituzte auzia iragan denetik. Donapaleuko (Nafarroa Beherea) eta Mauleko ospitaleen hormetan bi tindaketa egin dituzte, «euskarari dagokion tokia» emateko.
Horrez gain, Herri Biltzak «gogor» salatu du EEPk ez duela emendatu euskara sustatzeko hizkuntza politikaren aurrekontua, eta adierazi du erakundea osatzen duten lau administrazioek agerian utzi dutela ez diotela euskarari lehentasunik ematen: «Euskara heriotzera kondenatzen dute. Horregatik Euskal Herriak estatu independente bat eraiki behar du».
Azkenik, euskaltzaleei dei egin diete Euskal Herrian Euskaraz taldeak apirilaren 22tik 28ra antolatzen duen Harrotze astean esku har dezaten.