Txutxi Ariznabarreta. Independentistak sareko bozeramailea

«Herri berri bat nahi dugu, eta gakoa da denon artean sortzea»

Aberri Egunaren ostean, aurrera begira jarrita daude Independentistak. Hausnarketa foro zabalak sortu nahi dituzte, independentziari buruzko herri galdeketak aitzakia hartuta.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena
2016ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
«Oso arrakastasua» izan da Aberri Eguna Independentistak sareko Txutxi Ariznabarretaren esanetan (Dima, Bizkaia, 1955). Baina balorazioak balorazio, egin beharreko lanari begira jarriak daude Independentistak. «Erabakitzeko garaiak» datozela dio Ariznabarretak, aldebakartasuna dela bidea, eta «euskal estatua eratzeari begirako urratsak egitea eta estrategia zehaztea» eskatzen duela horrek: «Hori jauzi sakon bat da, eta behar da subjektu politiko berri bat, abertzaletasunetik harago joan behar duena». Borroka ideologikoa indartu nahi dute hartarako, independentismoa «espazio utopikotik politika errealera» ekarri eta haren aldeko pedagogia egiteko.

Baldintzak badaude subjektu politiko berri bat sortzeko?

Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban hauteskunde autonomikoen kanpainan sartuta gaude. Horrek berak zailago jartzen du normaltasunez eta lasaitasunez egitea halako eztabaidak, baina gero badator denboralditxo bat hauteskunderik gabe. Interesgarria da hori urte pare batean pauso batzuk emateko. Gero, buruetan dago kontua. Oso kokatuta gaude familia politiko hertsien eskeman, eta esfortzu handia egin beharko da batak bestea entzuteko.

Auzi nazionalak eta sozialak daude hor, aldarrikapen ezberdinak. Auzi zaharra da, baina horiek nola uztartu izan liteke beharrezko hausnarketa bat?

Bai. Nazio eraikuntzatik gatoz, eta jauzi bat egiten ari gara estatu eraikuntzara. Gizarteko sektore handi batek ikusten du gure kultura, hizkuntza eta herria nola dauden hilzorian. Orain, beste pauso bat eman behar dugu, elementu identitario horiek alde batera utzi gabe; subjektu abertzale horren kohesioa ere behar da, subjektu berriaren barruan motore izan beharko delako. Baina sartu behar dira arrazoi berriak, arrazoi sozialak, demokratikoak, dibertsitatea... Justizia sozialeaneta demokrazian oinarritutako gizartea nahi dugu. Herri berri bat sortu. Herri bat denontzat, baina, batez ere, denon artean. Hori da gakoa: denon artean sortzea.

Subjektu berriak tresna berriak eskatzen dituela ere aipatu da.

Hemen eragile politiko asko daude, pisu handia dute alderdiek, sindikatuek... Gu, sare moduan, ez gara oso eragile egituratua. Era boluntarioan ahal duten denbora eskaintzen duten pertsonez osatutako sare bat gara. Lurra landu nahi dugu, eta, baratze horretan, gero agian beste batzuek landatu beharko dituzte landareak.

Alderdiak aipatzen hasita, ez dirudi gehienak aldebakarreko bideen alde daudenik.

Badaude bi ideia, bi kimera. Batetik, aldebiko eskemen bidez urratsak egitea burujabetza mailan. Bestetik, Espainiaren demokratizazio prozesu baten ondorioz etorriko dela hau eta bestea. Ez dugu uste hori posible denik. Ideia horien alde egotea da oraingo statuquo-a defendatzea.

Iparraldean bada bide bat esparru administratibo berri bat sortzeko. Nola ikusten duzue hori?

Gauza interesgarri bat gertatzen ari da. Herriz herri ari dira prozesu hori egiten, eta ikusten dugu atxikimendu handia dagoela Euskal Herriaren ideiarekiko. Hori oso urrats baikorra bilakatuko da, nahiz eta, berez, elkargo bakarrarena ez izan euskal mundu independentistaren proposamen bat.

Erabakiaren aroan gaudela aipatu duzu. Galdeketa ugari egingo dira aurten eta datorren urtean. Zein izango da zuen lana?

Lan zentrala dago galdeketa horiek antolatuko dituzten plataformen eta Gure Esku Dago-ren gain. Baina hor egon behar da kontrapuntu bat. Ariketa bat dago, eta erantzun batzuk. Gu erantzun posible horien inguruko hausnarketa egiten arituko gara. Batez ere, nahi duguna da gizartean, oinarri sozialean hausnarketa foroak sortu, eztabaidak, tailerrak, baina era zabalean. Eta gune horiek partekatu nahi ditugu abertzaleek eta ez-abertzaleek,baita independentisten eta unionisten artean ere. Independentziaren alde gaudenok igarobide handia behar dugu familia politiko ezberdineko jendearen artean; komunikazioa behar da. Hor, galdeketa hauek ekarri behar dute eztabaida sozial bat, hausnarketa sozial bat, gaia agenda politikoan, oinarri sozialean jartzeko. Emaitza bezain inportantea hori da, herri galdeketak tresna bat direla lan hori egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.