«Herri batzuk asko erdaldundu dira; hor egin behar dugu lan»

Kezkak eraman ditu herritarrak Sakanako Euskaltzaleen Sarea osatzera. Erkuden Barandiaran da kideetako bat; nabarmendu du erabileran eta administrazioaren zerbitzuetan eragin nahi dutela.

jarraia221191.jpg
edurne elizondo
2022ko azaroaren 25a
12:51
Entzun

Sakanako herritarrek Euskaraldiaren bultzada baliatu nahi dute osatu berri duten euskaltzaleen sarea zabaltzeko. Kezkak jarri ditu martxan, Erkuden Barandiaran kideak nabarmendu duenez (Altsasu, 1975). Norbanakoen eta erakundeen ardura jarri du sareak erdigunean.

Nondik dator Sakanan euskaltzaleen sarea osatzeko asmoa?

Euskararen inguruko zenbait eragilek deialdi bat egin zuten, Sakanako Mankomunitatearen bidez, udaberrian, eskualdean zer egin zitekeen jorratzeko. Hasieran, asmoa ez zen talde bat osatzea; kontua zen, besterik gabe, ideiak mahai gainean jartzea.

Zergatik erabaki zenuten sarea sortzeko urratsa egitea?

Udaberriko esperientzia horretan batzuek pentsatu genuelako bazegoela beharra, ez zela nahikoa ideia batzuk zerrendatzea, eta, batez ere, ezin genuela besteen esku utzi ideia horiek gauzatzeko ardura. Ondorioz, lanean jarraitzea erabaki genuen. Herritarrak parte hartzera deitu ditugu, hasteko.

Sakana osoa hartu duzue lan esparru?

Bai, hori da helburua. Lehendabiziko bileretan, dozena bat pertsona inguruk egin genuen bat, eta, egia esan, eskualde osoko jendea bazen. Eta hori inportantea da.

Euskararen erabileraren inguruko kezka dago sarea osatzeko behar horren atzean?

Bai, kezka handia. Erabilerari buruzko kezka nabarmena da, zalantzarik gabe, baina ez da bakarra. Aztertu dugu egoeraren bilakaera, eta garbi esan beharra dago hizkuntza eskubideen eta zerbitzuen esparruan ere atzera egin dugula, zenbait arlotan. Beraz, bi hari mutur ditugu: batetik, norbanakook hizkuntza erabiltzeko dugun ardura; eta, bestetik, administrazio publikoen erabakiak eta eskaintza.

Erabilerari buruz, eskualde osoan dago kezka?

Udaberriko saioa egin baino lehen, euskararen kaleko erabilerari buruzko 2021eko datuak jaso genituen, eta ohartu ginen gure susmoak baieztatzen zituela azterketa horrek: herririk euskaldunenetan eta populatuenetan behera egin du erabilerak. Hori oso kezkagarria da; erabilerak behera egitea nabarmen, adibidez, Urdiainen gisako herri batean: Ueman dagoen udalerri bat da, arnasgune bat. Gaztetxoenak, baina, gaztelaniara jotzen ari dira. Etorkizuneko heldu horiek orain gaztelaniaz ari badira, ez da berri ona: kezkatzeko modukoa da.

Lan egin behar da Sakanak euskaldun izaten segi dezan?

Bai. Garbi izan behar dugu atzera egin dezakegula, arrisku hori hor dagoela. Herri batzuk oso euskaldunak dira, baina beste batzuk asko erdaldundu dira. Hor egin behar dugu lan, galdutako espazio horiek berriz euskaldundu ahal izateko.

Administrazioaren ardura aipatu duzu. Zein da egoera?

Espainiako eta Nafarroako gobernuen esku dauden zerbitzu publikoetan, gure hizkuntza eskubideak ez daude bermatuta. Baina udaletan ere bada zer hobetu. Altsasun, adibidez, Iortia kultur etxea erreferentziazko zentro bat da, eta oso toki txikia egiten dio euskarazko ekoizpenari. Aisialdirako eskaintzen zaiguna eskasa da. Bilatu behar dugu, beste tokiren batera mugitu, askotan.

Gazteen artean badu eraginik horrek?

Baietz uste dugu. Kulturaren arloan gertatzen dena gertatzen da kirolaren esparruan ere, gainera. Nire semearen adibidea aipatuko dut: futbol taldeko kide guztiak dira euskaldunak, baina entrenatzailea ez; zorionez, entrenatzaileak euskaraz ez egin arren, jokalariek euskaraz hitz egiten segitu dute beren artean, baina ez da beti gertatzen. Gehienetan, denek jotzen dute gaztelaniara, eta giroa erdalduntzen da. Oraindik hori ez da salbuespen bat.

Egoera horren aurrean, nola eragin nahi du Sakanako Euskaltzaleen Sareak?

Bidea hasi berri dugu, eta herritar gehiagok gurekin bat egitea nahiko genuke. Asmoa da gure hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko ekinaldiak antolatzea. Eta euskararen erabilera sustatzea. Finean, euskaraz bizi nahi dugu, leku eta txoko guztietan, ez bakarrik ikastetxean. Administrazio osoari eskatuko diogu gure eskubideak berma ditzala, eta herritarrei egin dezatela euskararen aldeko apustua.

Euskaraldiak eman dizue horretarako aitzakia, ezta?

Bai, martxan jartzeko une egokia dela uste dugu, Euskaraldiak emanen digula bultzada bat. Ariketa polita da, burua altxa dezagun. Euskaraldikoa nahi dugu urte osoan.

Autokritikarako tokia ere baduzue?

Bai, zalantzarik gabe. Migratzaileen auzian, adibidez. Kanpotik heldu direnei ez diegu gure hizkuntzaren berri ematen. Haien lehentasuna aurrera egitea da, eta gu ez gara joaten haiengana, gure egoeraren berri ematera. Gainera, ez dute erraza hizkuntza ikastea. Mankomunitateak, adibidez, diru laguntzak ditu, baina ikasleak ordaindu behar du hasieran. Arlo horretan ere egin nahi dugu lan mankomunitatearekin eta udalekin.

Sarea handitzea da asmoa?

Bai, hori da asmoa. Sinergiak aprobetxatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.